Astelehenero 8:00etan zure epostan
Tomas Gerrikagoitia Urionaguena Alegria baserriko ziortza-bolibartarrak (1909-1997) ederki asko idatzi zuen herri bereko Zeinke auzoko Goikoetxe baserrira morroi joateko esperientzia eta Arantza eta larrosa. Nire bizitzaren gomutak liburuan jasoa dago (Auspoa Liburutegia 269, 2000) hauxe: “Nire urte guztiko soldatie au izan zan: ogetamasei ogerleko, jaietarako alkondara bat, abarketa pare bat eta, astegunerako, urratzen ziran beste oñetako eta praka alkondara. Orduan naikue ziran Jaungoikuak emondako kantzontzilluek, eta aurrera! Illian diruten urteten eban amabost pezeta, egunien errial bi. Olan asi zen nire morrontza”.
Bizi Baratzea liburuaren egilea
Suitzan ikerketa hau egin dute: 1.000 herritarri galtzontzilloak banatu dizkiete, eta lurperatzeko eskatu. Denbora batera atera eta lur laginarekin igorri behar zieten zientzialariei, lur bakoitzeko mikroorganismo eta makroorganismo kopurua ezagutzeko.
Kantzontzillo edo galtzontzillo, galtzoin, galtzazpi, praka, galtxazuri, galxuri, azpiko galtza, galtza barneko, galtza txiker edo praka zuri badira. Jainkoak emandakoak ez dira, Tomasek ez zituen, agi danean.
Suitzan badituzte. Han Züricheko Agroscope Nekazaritza Bikaintasunerako ikerketa guneko eta hiri bereko Unibertsitateko Landare Biologia saileko Sebastian Franz Bender eta Marcel G. A. van der Heijden ikerlariek eskala handiko lan bat egin nahi zuten: herri zientzia egiteko proiektu batekin Suitzako lurzoruen kalitatearen datuak bildu eta egoera horri buruzko kontzientzia piztu nahi zuten, herrialde osoko lorategi, soro eta belardietako lurren aberastasun biologikoa ezagutzeko. Lurraren bizitasun mailaz jabetzeko, kotoi zatiak banatzea pentsatu zuten, baita galtzerdiak ere, baina, deialdiak menta izan zezan, galtzontzilloak banatzea pentsatu zuten. Baita asmatu ere. Iragarri orduko, herrialde osoko nekazari eta lorezainek izena eman eta eskainitako 1.000 aukerak aitaren batean bereganatu zituzten. Esperimentua erraza zen: lagun horiei 1.000 galtzontzillo berdin banatu zitzaizkien, lorategian edo baratzean edo soroan edo larrean lurperatu egin behar zituzten, gero denbora jakin baten ondoren azalera atera eta horien hondatze edo zirpiltze maila ikusi; galtzontzillo arrastoarekin batera lur horren lagin erakuskari bat hartu eta ikerlariei igorri behar zizkieten. Hondatzeak erakutsiko zuen zenbaterainoko mikro eta makroorganismo kopurua bizi zen lur horretan, lur horren bizitza, alegia.
Galtzontzilloak zertzenduta, pildan azaldu ziren, priztinga, lits, zirtzil, mitxa, listu, fits, zirpitz eta zirpil eginda. Lurperatzaile eta lurpetik ateratzaileak hondar horiek lur laginarekin batera, zirpuilik gabe igorri zituzten eta emaitzen zain jarri ziren.
Egitasmo horri esker, Suitzako bazter ugaritako lurren ezagutzan sakondu zen. Baita herritarrak zientzialarien tokian jarri ere, bere lurraren analisiak ezagutuz eta haren langintzan jasangarritasuna txertatzeko aholkuak jasoz, lurzoruaren kontserbazioaren alde egiteko bidea erraztuz. Lurzorua sistema bizidun eta baliakizun garrantzitsu gisa ikustera bulkatu ditu. Beren lurretik zirtzildutako galtzazpiko bat berreskuratzearen esperientzia sentsorialak parte-hartzaileei lurzoruaren zaindari kontziente gisa aritzeko kuraia eman die.
Ez dira izango Salbador Zapirain Ezeiza “Ataño” errenteriarrak bere lehen nobelan –Txantxangorri Kantaria (1979)– esaten zuenaren tankerakoak: Baserritar galtzipurdi gizarajoren bat.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545