Astelehenero 8:00etan zure epostan
Pasaiako portua eta AHT lotuko lituzkeen Lezoko (Gipuzkoa) plataforma logistiko edo terminal intermodalari buruzko informazio azterketa argitaratu du Eusko Jaurlaritzak. Eguzki talde ekologistaren esanetan, Gaintxurizketako nekazaritza lur eremu zabal bat artifizializatuko du proiektuak, eta kultur ondare izendatutako bi baserri eraitsi, besteak beste.
Lezoko intermodala eraikiko duten eremua, Iturringo bidetik.
Gaintxurizketan, Ipintza eta Iturrin industriaguneen artean gelditzen den landa gune zabal batean dira egitekoak Lezoko terminal intermodala: Pasaiako portua, trenbideak eta errepideak lotuko lituzkeen azpiegitura, portu lehorra ere deitu izan den plataforma logistiko erraldoia. Espainiako Garraio Ministerioa, Gipuzkoako Aldundia, Pasaiako Portuko Agintaritza eta Eusko Jaurlaritza daude proiektuaren atzean eta, besteak beste, hamasei erraileko zabalera izango lukeen geltokia aurreikusten du.
Proiektuak 31 hektarea nekazaritza-lur artifizializatuko lituzke Oarsoaldean: “Horietako batzuk nekazaritza balio agrologiko handikoak dira. 51 futbol-zelaik hartzen duten azalera"
Jaurlaritzak kontsultara atera du proiektuaren informazio azterketari buruzko ingurumen ebaluazioa, Typsa eta Teirlog ingeniaritza enpresei esleitua. Eguzkik dio azterlana “osatugabea” dela, albo batera uzten dituelako intermodalak bere eremutik kanpo izango lituzkeen ingurumen kalteak, baina eremu barruan ere “ondorio larriak” ekarriko dituela salatu du.
Talde ekologistak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzara bidalitako idatzi batean azaldu duenez, 31 hektarea nekazaritza-lur artifizializatuko lituzke, hirigintzak erabat erasandako Oarsoaldea bezalako eskualde batean: “Horietako batzuk nekazaritza balio agrologiko handikoak dira. 51 futbol-zelaik hartzen duten azalera, gutxi gorabehera. Klima-aldaketaren ondorioetan, biodibertsitatearen galeran eta interes komunitarioa duten habitatetan ere eragina izango du”, dio.
XV. mendeko baserri historikoak
Eguzkik ohartarazi du proiektuak “ondare arkeologikoaren aurka” egiten duela zuzenean. Lezoko bi baserri historiko suntsituko baitituzte, “biak XV. mendekoak, eta kultura-ondasun izendatuak”, azaldu du.
Itzua Goikoa eta Itzua Behekoa baserriak dira, 1997an Eusko Jaurlaritzak Balizko Arkeologia Gune gisa katalogatuak. Eraldaketa sakonak izan badituzte ere, historia luzeko eraikinak dira biak; Itzua Goikoan 1936ko Gerrako trabajadoreek edo langile-esklaboek hartu zuten ostatu, Etxetxo memoria historikoaren taldeak garaiko testigantzen bidez jaso duenez.
Intermodalaren informazio azterketak dio beste hainbat eraikin ere kaltetuko dituela proiektuak –esaterako inguruan zegoen Santiago ermitako aurrien eremu arkeologikoa–, baina horien kasuan “beharrezko egokitzapen eta babes neurriak” hartuko direla.
Horrez gain, Eguzkiren esanetan, intermodala eraikitzeko enpresa batzuk tokiz aldatu eta etxebizitza-eraikin batzuk eraitsi eta hustuko dituzte. Talde ekologistak Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzari eskatu dio esku-hartze hori atzera botatzeko. Bere ustetan intermodala ez dago “behar bezala” justifikatuta eta egungo portua eta trenbide eremuak hobeto berrantolatzeak, ingurumen inpaktu txikiagoa eragingo luke.
Herritarrak aurka: "Ez portu zikinik, ez portu lehorrik"
Larunbatean manifestazio jendetsua egin zuten Lezoko dozenaka herritarrek, Pasaiako portuko kutsaduraren aurka –abuztuaren 21ean piztu zen sutea oraindik gogoan– eta Gaintxurizketan eraiki nahi duten portu lehor edo eremu intermodal logistikoaren aurka: Ez portu zikinik ez portu lehorrik, herriak bizirik! lelopean, Oarsoko Hitzak iruditan jaso duen moduan.
Horrez gain, auzotarrek intermodalaren aurkako sinadura bilketa egin dute pasa den astehelenean alegazioak jartzeko. Nabarmendu dute 500.000 metro koadro landa-eremua "zementuz estali" nahi dutela "klima larrialdi betean". Azpiegitura horrek, GI-636 errepidean zarata, pilaketak eta istripuak areagotuko dituela ziurtatu dute, eta bertako herritarren osasuna eta segurtasuna ere badagoela jokoan.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545