Urtarrila hotza ikazkinaren poza.

Kubatarrak “gerra egoeran” daude herrialdea AEBen erasotik defendatzeko

Kubako lehendakari Miguel Díaz-Canelek telebistaz jakinarazi du herrialdeak indarrean jarri duela “defentsarako prestakuntza plana”. AEBen jarrera oldarkorrari erantzuteko abiatu dute plana eta horren arabera, besteak beste, kubatarrek larunbatero ariketa militarrak egingo dituzte.


2026ko otsailaren 06a
Diaz-Canel presidentea AEBek Venezuelan hildako kubatarren omenezko manfiestazioan.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Berez, urtarrilaren 18tik aurrera, AEBek Venezuelari eraso egin ondoren, “gerra egoeran” da Kuba. Egoera hori Fidel Castroren garaitik dator eta herritar guztiei eragiten die. Atzerriko eraso baten arrisku handiaren aurrean aktibatzen da, eta era praktikoan, batez ere AEBen eraso bati begira. Bere helburu nagusia ez da erasotzaileari aurre egin eta irlatik kanporatzea, baizik eta bere okupazioa jasanezina egitea. 

Alde horretatik, herritarrak arma arinen erabileran trebatzen dira edota segaden prestaketan, besteak beste. Ezaguna da, alabaina, eta Kubako agintariak horren jakitun dira, AEBek nahi badute denbora gutxi beharko luketela irla okupatzeko. Bestea litzateke, ordea, horren ondorioei eustea: batetik, kubatarren erresistentziari erantzun beharko liokete; bestetik, eta agian hori litzateke larriena, Trump administrazioak estatubatuarren erantzunari egin beharko lioke aurre, AEBetako iritzi publikoan, orain arte bederen, Kuba militarki erasotzearen aurkako jarrera oso handia izan baita.

Edozein kasutan, ikusi beharko da herritarrek nola erantzuten dioten gobernu kubatarraren deiari, inorentzako ez baita berria bizi duten egoera gogorraren ondorioz, Kubako Gobernuarekiko atxikimendua ere aldatzen ari dela herritarren artean.

Kuba egoera larrian

Oraingoz behinik behin, AEBek Kuba itotzeko estrategia historikoarekin jarraitzen dute, baina orain akaso inoiz baino gogorrago, Kubari petrolioa saltzen dion herrialdeari muga-zerga handiak jartzeko mehatxu eginda. Esaten da Kubak egunero behar dituen 110.000 upeletatik 30.000 Venezuelatik etorri zirela 2025ean. Azken urteetan, dena den, Venezuelak bere petrolio esportazio kopuruak jaitsi ditu Kubara, eta Mexikok handitu egin ditu. Orain, aldiz, Trumpek Mexikori ere mehatxu egin dio eta petrolio iturri hori ere zalantzan da.

Venezuelak kontsumitzen duen energiaren %85 petroliotik dator, baina petrolio horretatik, berak zati esanguratsu bat ekoizten du, eta badu ahalmen txiki bat hori bere birfindegietan fintzeko. Gasa ere badu, eta horren bidez 2023an bere elektrizitate ekoizpenaren %12 lortu zuen. Azkenik, Txinak lagunduta, eguzki energian ere urrats oso handiak eman dituzte eta azken bi urteetan %600 handitu da haren bidez lortutako energia elektrikoa; dena den, 2023an kontsumitutako eguzki energiaren %6 besterik ez zen. Alabaina, fotovoltaikoaren sektorea oso azkar hazten ari da eta 2030erako gutxienez %18 izatea aurreikusten dute.

Edozein kasutan, Kuba oso egoera larrian dago, aditu gehienek uste dute iraultzaren ondorengo larriena, eta Donald Trumpek egoera hori probestu nahiko luke Kubako egungo estatu moldea hondoratzeko, zuzeneko inbasiorik egin gabe. AEBetako administrazio guztien ametsa izan da hori, eta irlaren blokeo ekonomikoa indartzeko tresna ugari baliatu dituzte horretarako, hala nola Helms-Burton Legearen III. Titulu ospetsua, Kubarekin harreman ekonomikoak dituzten herrialdeak zigortzeko pentsatutakoa.

Gisa horretako zigorren helburua beti izan da kubatarren bizitza zailtzea, eta une askotan jasanezin bihurtzea, horrek herritarren matxinada ekarriko zuelakoan. 1959an Kubako Iraultza gertatu zenetik, ordea, estrategia horrek porrot egin du. Inork ez daki oraingoan zer gertatuko den, baina denen ustez, Kubak gaur egun azken 65 urteetako ataka larriena bizi du.

Barne traizioaren bila

Horrez gain, AEBek ez dute negoziazioaren bidea baztertzen, eta horretarako Kubako Estatuaren barruko eragileen konplizitatea bilatzen dute. Badira adierazle asko pentsatzeko Venezuelan ere gisa horretako zerbait egin dutela; oraindik ere ez dago argi zer eta nola, baina zantzuak ez dira falta, hala nola Delcy Rodriguez lehendakariaren jarrera negoziatzailea, petrolioaren ustiatzea liberalizatzeko egindako lege aldaketak, edota aste honetan gertatutako Alex Saab ministro ohiaren atxiloketa. Kuban ere barne mailako traizioak sarri sustatu dituzte AEBetako zerbitzu sekretuek, eta pentsatzekoa da oraingo egoera estuan ere izango direla saioak. Egoera hobeto ulertzen laguntzeko artikulu interesgarria idatzi du New Left Review aldizkariko kontseilu editorialeko kide den Rob Lucas-ek Diario Red agerkarian.

 

Aire kalitatearen neurketa EAEn ez da EBk agintzen duen moduan egiten, Ekologistak Martxanek salatu duenez
Europako Ingurumen Agentziak parametro batzuk erabiltzen ditu Europar Batasuneko lurraldean airearen kalitatea neurtzeko eta 2019tik estatu guztiek horixe bera erabili beharko lukete, baina Ekologistak Martxan... (+)
Artousteko eski estazioan atzera bota dute plastikozko eski pista
Urtarrilaren hasieran hartu du erabakia estazioak, bertako arduradunek azaldu dutenez, plastikozko pista zapaltzeko makina erosi behar zutela ohartu zirenean. Pirinioetako Ossau bailara ezaguneko Laruns hiriko... (+)
Zizur Nagusiko hiru eskola publikoentzat jantoki publiko bateratua eraikiko da
Nafarroako Hezkuntza Departamentuak jantoki berri baterako lizitazioari ekin dio Zizur Nagusian (Nafarroa), herriko hiru eskola publikoentzat eskola jantoki bat eraikitzeko. Eskola horietan 1.329 ikasle ari... (+)
Otsoa, basurdea eta txerri izurritea
Kataluniara begira da Espainiako Estatuko lurralde ugari, eta horien artean oso adi dira Aragoi eta Hego Euskal Herria ere. Basurde eta txerrientzat oso kutsakorra eta... (+)
COP30eko azken zirriborroan ez dira aipatu ere egiten energia fosilak
Klima aldaketan CO2 isuriak giltzarri dira, eta horregatik behin eta berriro egiten dira planak horiek murrizteko. Bada, COP30eko azken zirriborroan, ez zaie aipamenik egiten isuri... (+)
gora