Asteroko buletina
Urriaren azkenean, gaztaina etxean.

Une baten eternitatea

Atal honetan behin baino gehiagotan aipatu izan dugu izaki txikien munduan (gurean bezalaxe) itxurak okerrera eramaten gaituela, sarritan. Eta gaur dakarkigun laguna horren adibide garbia da, animalia gutxi izango baita Lurrean itxura ahulagoa edo kalteberagoa duenik. Horrez gain, bere izenak une bateko bizitzaren berri ematen digu, eta ez dira gutxi telebistan ikusi izan ditugun dokumentalak, bere bizitza motzaren berri eman digutenak. Motza? Bai, gure begien aurrean garatzen dena, baina, ezkutuan, hala ote da?

Iñaki Mezquita Aranburu
Iñaki Mezquita Aranburu

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2024ko urriaren 21a
Efemeropteroa (Ephemeroptera)

TALDEA: Intsektua/Ephemeroptera Ordena.
NEURRIA: 1-12 cm.
NON BIZI DA? Ibai eta erreka inguruetan.
ZER JATEN DU? Ninfak belarjaleak, haragijaleak edo orojaleak dira. Helduek ez dute jaten.
BABES MAILA: Ez dago babestuta Europan, Australian espezie bat bai.

Goazen atzeraka, bada! Karboniferoa, duela 300 milioi urte (badira!): Lur planetako atmosferak %21a du oxigenoz osatua. Oxigeno kopuru horrek –gaur egungoa baino %7 gehiagokoa– organismoen hazkuntza handitzea dakar. Lehen intsektoideak ere handiagoak dira gaur egungo intsektuen aldean –70 zentimetroko burruntziak!–. Horietatik denak desagertu egin dira, bi taldetakoak (paleopteroak) izan ezik: odonatuak eta gure gaurko protagonistak, efemeropteroak. Lurrean 300 milioi urte bizirautea ez da txantxetako trebezia! Batez ere duela 6-8 milioi urte gizakiok azaldu eta gero…

Baina zein da bere bizi zikloa? 3.000 espezie inguru ezagutzen dira gaur egun, eta haien artean bizi-zikloaren alorrean desberdintasunak badaude ere, espezie batzuen bizi-zikloak urtebete, bi urte edo gehiago iraun dezake. Beraz, hain “efimeroak” ere ez dira! Dena den, badira heldu fasean bost minutu baino gehiago bizi ez direnak. Metamorfosi sinplea betetzen dute, hiru fasekoa, alegia, baina uretako ninfa fasea utzi eta heldutasunera ailegatu aurretik lurreratzen diren intsektu bakarrak dira.

Heldutasunera lurrean ailegatzen dira bada, sarri gure etxeko gortina eta geletan! Uretatik ateratzeak oso sinkronizatuak izan ohi dira eta dokumentaletan sarri ikusten dira milaka eta milaka ale uretatik ateratzen batera eta ikuskizun ahaztezina osatzen dute. Arrautzak uretan jartzen dituzte emeek, eta jarri aurretik ehunka metro egiten dituzte ibaian gora, korrontearen aurka, arrautzak leku egokian geratu daitezen. Ninfak belarjaleak, haragijaleak edo orojaleak izan daitezke, espezieen arabera. Helduak ez dira elikatzen, ez baitute digestio-aparaturik. Helduen itxura oso berezia da: “isats” luze batzuk dituzte, berez hiru, baina erdikoa batzuetan ez da ikusten oso motza izan daitekeelako. Hegoak bi edo lau izaten dira eta bizkar gainean biltzen dituzte pausatzen direnean.

Kate trofikoan garrantzi handiko animaliak dira, bai uretako alga eta landaredia erregulatzeko eta baita ere animalia mota askorentzako janari direlako: arrain, anfibio, intsektu eta abar. Esan beharrik ez dago gizakiontzat ez direla batere kaltegarriak –Asiako espezieren bat izan ezik– edo arriskutsuak. Uren garbitasunaren eta kalitatearen iragarle direnez, eman ongi etorria zuen etxeetan!

Gonbidatu gabeko turista
2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten.... (+)
Korrika egiten duen hegalaria
Beste hainbat intsekturen kasuen modura, hau ere “tigre” hitzaren  itzalpean izendatzen dute herrialde batzuetan. Jakina, halako izena jarriz gero espero zitekeen ehizarako trebetasuna ezin falta!... (+)
Pagadiko erlikia
Kakalardo adar-luze honen irudiak ez du zalantza izpirik uzten: ez du parekorik. Gure lurretan, eta Europa osoan ere, genero honetako espezie bakarra da. Bere tamaina... (+)
Oinutsik dabilen ibiltaria
Gertukoa dugu oso bere irudi bitxia: ur gainean flotatuaz, gu txikitan oheko koltxoiaren gainean korrika eta saltoka ibiltzen ginen antzera. Zentzuzkoa da pentsatzea animalien gorputzak... (+)
Itzaltzen ari zaigun argia
Urte batzuk ditugunok (nire kasuan, mordoska) sarritan entzun izan diegu gure guraso eta senitarteko helduenei garai bateko ikuskizun harrigarri baten berri. Ipuin baten gertatuko balitz... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora