Baratzea da nire irakasle gogokoena.

Konbentzimendu osoz

Aspaldian ez naiz boto-emaile ziurra. Halako batean, konbentzimenduak erabaki zuen hagin baten itzalean esertzea, eta bizitzak aurrera eraman ninduen, bazterrik bazter, urruti. Harrezkero hura ez da osoa, eta ni alderrai nabil.

Josebe Blanco Alvarez
Josebe Blanco Alvarez

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea


2023ko maiatzaren 22a
Argazkia: Wikipedia
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Banaketa jazo aurretik, populazioaren %89arekin bizi nintzen, hiri-eremuan. Espazio txikia, lurraldearen %11 baino ez. Halere, makro-ustiategi funtzionamendu haren zaindariak adi zeuden, ezer ez faltatzeko.

Eta halaxe, egunero-egunero jaten genuen, nahi adina eta noiznahi; edozein egoeretarako arropa, eskura; medikuak eta erizainak, bertatik bertara; berdin liburutegiak eta kultur-emanaldiak; baita eskolak, garraioa edota administrazioetako bestelako zerbitzu publikoak ere. Majo ikasi genuen ematen zigun edozein apeta posible zela. Boto-emailea izatea erraza zen, aukera guztiek ziurtatzen baitzuten burbuilaren existentzia bera, ñabardurak ñabardura.

Makro-ustiategitik kanpo zegoena, aldiz, ez genuen ezta usaindu ere egiten; tartean santuren bat edo beste ez bazen. Orduan bai, orduan azaldu baserritarrak, gutiziak ekartzera. Talo eta txistorra usainek esnatzen zituzten lo genituen memoriak.

Konturatzerako, espazioa soberan dut, bost bat lagun hiru kilometroko itzulinguruan. Orain, gutxiengoan bizi naiz, populazioaren %11ren parte, hemen, landa-eremuan. Eta, hara non, egun batetik bestera, konturatzen zara, inortxo ere ez dagoela hona begira, hirirako input bila ez bada.

Horrela, egiten zaituzten parajeak sakrifizio-eremu izendatu dituzte –parke naturalak eta babes bereziko eremuak izan ezik, noski–. Hemen zerbitzu asko faltan ditugu, osorik izateko, hirian halaxe erabaki dutelako.

“Nahi duzun guztia, eskura une oro” zioten neoizko argien dirdirak ez gaitu itsutzen. Gurean, elkarren zaintza eta autogestio saiakera xumeak bilakatu dira egunerokoak –hiriko batzuk lagun–.

Ez da erraza, halere; agintariek erabakimena desjabetu baitigute, lurrarekin egin ohi duten bezala, denon hobe beharrez. Ezin utzi bazterrekoen eskuetan kapitalak behar dituenak, inondik ere.

Segunda regionaleko mendietako biztanleok zerbitzu eskasiara ohitu gaituzte. Baina jakin badakigu, halaxe bizi dugulako, landek eta mendiek egiten gaituztela; egunsenti edota ilunabarretan ortzimugak libre egiten gaituen bezain ongi, jakin ere.

Zergatik txertatu barrote –edo barra-kode– gehiago gure bizitzetan, eta sakrifikatu gaurko ogia eta askatasuna, nekez eskuratuko den oparotasunaren promesaren atzetik abiatzeko?

Haginaren itzalera itzuli naiz, menditar sena nuen zain. Konbentzimendu osoz.

Kanpaina bukaerako ariketa
Hau idazten ari naizela, kanpaina bukatzear dugu. Datorren astelehenean jetzaldi batera pasako gara. Horrek esan nahi du hiru egunetik behin egingo dugula gazta, eta gaztek... (+)
Ekotalibanak
Ustez lasaiak diren espazioetan ere hau sinatzen duenak jasotakoak dira hurrengoak: ekotaliban, NIMBY, bobo, kolapsista, negazionista, ekozekena, belarjale... Denek partekatzen dute eremu semantikoa: ekologismoa. Ekologismoaren... (+)
Mallorca
Kapitalismoaren lekuan lekuko eta garaian garaiko egoerara moldatzeko gaitasuna harrigarria egiten zait batzuetan. Espero ez duzun tokian azaltzen dira antzekotasunak, eta hara non, bat-batean konturatzen... (+)
San Ixidro
Aurten ez dut aparteko ilusiorik San Ixidro egunerako. Ez dut girorik aurkitzen. Ingurura begiratu eta giro ospela. Burua lanean jarri behar izan dut epeltasun bila,... (+)
Komunitateaz (eta III)
Komunitateari buruzko artikulu segida honekin hasi nintzenean, Antoine eta Antoine zeuden etxean, gazta-ganbara hutsik zegoen, hiltegirako bueltak asterokoak ziren eta hiru egunetik behin egiten genuen... (+)
gora