Uztaila errautsu, laboraria urguilutsu

Klima aldaketaren arkakusoak

Bero saparekin lurreko arkakusoak harrotu egiten dira; aurtengo uda honekin ezin alaiago dabiltza, ugaldu eta ugaldu, salto eta salto batetik bestera. Txiki-txikiak izanagatik, 5 mm baino txikiagoak dira; bista ona baduzu, laster antzemango dituzu baratzean. Berak ikusten ez badituzu ere, nabarmena da nondik pasatu diren: landareen hostoak zulo txiki borobilez josita ageriko dira.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2022ko irailaren 13a
Azen arkakusoa: Phyllotreta nemorum. Arkakuso honetara ohitzen ahal gara; gero eta bero gehiago, orduan eta lurreko arkakuso gehiago. Klima aldaketaren izurriteak.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Lurreko arkakusoei “kakalardo arkakusoak” ere esaten zaie. Lurreko arkakusoak dira, bere ustez nahiko berorik ez denean edo euria egiten duenean lurrean ezkutatzen direlako. Kakalardo arkakusoak, Alticini tribukoak direlako; hau da, beste kakalardoen antza dute elitro gogorretan eta azpiko hegoetan, baina arkakusoek dituzten atzeko hanken parekoak dituzte. Beraz, hegan egin dezakete, eta baita jauzi izugarriak ere. Espeziearen arabera, 1,5 eta 5 mm artekoak dira. Tamaina eta kolore desberdinetakoak daude, baina denek dituzte jauzi egiteko atzeko hankak oso garatuak, antena luzeak gustuko jakiak topatzeko eta hegan egiteko elitro eta hegoak. Arkakuso espezie bakoitzak bere landare ostalaria du, eta huraxe da bere jaki gozoa. Badaude patatarena (Solanum tuberosum), betarrabarena edo erremolatxarena (bazka-erremolatxarena Beta vulgaris subsp. vulgaris var. conditiva eta erremolatxa gorriarena Beta vulgaris subsp. vulgaris var. crassa), koltzarena (Brassica napus var. oleifera) eta abar, baina geurean ezagunena aza jendearen (Brassica oleracea barietateak) arkakusoa da; “gurutzedunen arkakusoa” ere esaten zaio, azatarren familiarena, alegia. Izena hauxe du: Phyllotreta nemorum. Bizkar ilunaren gainean marra hori deigarriak ditu, eta 3-4 mm luze da.

Orain negu osorako landatzen direnean erasotzen dio, hotza etorri artean, azaren familiari, bai burua egiten dutenei eta bai lorea egiten dutenei (azalorea, brokolia, erromaneskua…). Hostoetan kosk egin eta zulotxo borobilak egiten ditu. Erasoaren ondorioz, hostoak ihartu egin daitezke, eta landarea ahuldu egingo da, ez da behar bezala haziko eta kaskarragoa izango da; uzta urrituko da eta landareak itxura txarra izango du.

Nola aurre egin arkakusoei? Bioaniztasuna sustatu: jarri hesiak (hegaztientzat eta trikuentzat), urmaelak (batrakioak erakartzeko), harri pilak (narrastiak) eta abar. Lurra eta ingurua heze eduki; gogoratu, berozale amorratuak dira. Azatarren inguruan, landatu uraza (Lactuca sativa), isats arrunta (Citysus scoparius), tagetesa (Tagetes patula), kosmosa (Cosmos spp.) eta erromeroa (Rosmarinus officinalis). Busti asentsio-belarraren urarekin (Artemisia absinthium). 2 mm baino begi txikiagoa duen sarea ere jar daiteke.

Dagoeneko baratzean badabil, uxatzeko aza hostoen minda edo purina prestatu: plastikozko ontzi batean jarri 10 litro uretan 3 kilo aza hosto; estali aire asko hartzeko moduan; nahasi egunero indarrez, aparrik sortzen ez den arte; iragazi, erantsi litroko 5 litro ur eta busti landareak, baita azpiko lurra ere, 3 egunero.

Arkakuso honetara ohitzen ahal gara; gero eta bero gehiago, orduan eta lurreko arkakuso gehiago. Klima aldaketaren izurriteak.

 

Iroldegia
2025-10-20 | Jakoba Errekondo
Ariketa egiten da iroldegian, baina ez da inolaz ere kiroldegia. Ariketa ez da kirola, alderantziz apika bai, kirola ariketa. Bizitzak eskatzen duen aritzea da ariketa,... (+)
Piperraren prezio guda eta Tuterako akordioa
2025-10-13 | Jakoba Errekondo
Piper sasoia da, airea usaindu besterik ez dago. Bertako biperren (Capsicum annuum) aukera handia dugu: pipermina, Gernikakoa, Ezpeletakoa, Angeluko eztia, txorizeroa, pikilloa, morro edo handia... (+)
Sagar inaurkina
2025-10-06 | Jakoba Errekondo
Inaurkina. Inaurkingintzan buru-begi hasia dago aberats jendea, abeldun jendea, abeltzaina. Buru-begi eta buru-belarriak erne egin beharreko lana da inaurkinarena. Etxeratu nahi den zaborra da inaurkina.... (+)
Garde herrian intxaurrondoek izena dute
2025-09-29 | Jakoba Errekondo
Garuna dirudi, bai, intxaur alearen mamiak. Garun bikoitza. Alearen edo garauaren barrukoari “intxaur-mami”, “intxaur-ister” eta “intxaurki” esaten zaio. (+)
Sagarretako Pelestina
2025-09-22 | Jakoba Errekondo
Abuztuaren amaieran azaltzen da, baina iraila du gogokoen. Udazkena hemen dela berritzen digu urtero. Udazkenari kolore bidea erakusten dio. Guri, ahoko zeruak jasota duen lurrinen... (+)
gora