Inon, bizitzea, baratze bat lantzea da

Kirol aldagelen usaina belazean

Aspirinarik hartu al duzu aspaldi? Mende bete luzez munduan gehien ezagutu eta erabili izan den botika da. Azido azetilsalizilikoa du osagaia, 1853an aurkitua, 1838an topatutako azido salizilikotik datorrena. Landare baten errotik erauzitako azidoa izan zen botika sonatuaren jatorria. Sahatsak eta zumeak (Salix spp) saliziliko horretan aberatsak dira, hortik azidoaren izena; baina aspirinaren izenak beste jatorri bat du, beste landare bat.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2023ko uztailaren 17a
\"Soro-erregina\" edo \"nasailorea\". Argazkia: Jakoba Errekondo / CC-BY-SA.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Burdilinda du izena (Filipendula vulgaris). Azido salizilikoaren iturri izan ziren erro haiek bereak ziren, hariz josita edo hariztatutako burutxo edo tuberkulu itxurako sustraiak. Hortik burdilinda, hari batetik zintzilik, edo gauza bera dena Filipendula, latinezko filum "haria" eta pendulum "zintzilik" hitzetatik dator, sustrai mehez loturiko tuberkulu zintzilikarioak baitira. Hasiera batean Filipendula generoan beharrean Spiraea generoan sailkatua zegoen eta hortik aspirina. Domenique Fremyren Quid entziklopedia sonatuaren 1991ko argitalpenak honela dio: Aspirinaren izen zientifikoa, Bayer-ek 1899an erregistratu zuen marka, hitza dator “A” aurrizkitik (Azetilaren azetilazioa adierazten du) eta "spir" Spirsaüre (alemanez "espirea azidoa") eta “ine” (kimika industrialaren atzizki klasikoa) laburduretatik.

Filipendula generoko bi espezie ditugu Euskal Herrian: aipatutako burdilinda, “semelore” eta “semelili” ere deitua, eta “nasailorea” edo “soro-erregina” edo “haranetako erregina” esaten zaion Filipendula ulmaria. Azken horri ulmaria izena bere hostoek zumarrenekin (Ulmus spp.) duten antzatik datorkio. Semeloreak lur lehorrak atsegin ditu, batez ere Euskal Herriko hegoaldean bizi da, nahiz eta Itziar, Galdames edota Balmasedan topa daitekeen; nasailorea, ordea, lurralde osoan bizi da, lur oso hezeetan: haltzadi (Alnus glutinosa), ur erreten, urasetutako belaze, mendiko megaforbio…

Soro-erregina edo haranetako erregina esaten zaio belaze hezeetan nagusitzeko joera duelako, batez ere azienda maiz larretzen ez edo segatzen ez direnetan. Belardia abandonatzen bada azkar nagusitzen da eta bertako flora txirotzen du. Sustraije sendoa du, aipatutako tuberkulu kateak, eta erraz zabaltzen da. Era berean, sustraietan duen aspirina sortzeko gai horrek eragin fitotoxikoa du, eta kalte egiten die inguruan dituen beste landareei, haien garapena eragozten baitu. Sustrai hori zanpatuz gero adituko duzun “kirol aldagelaren usaina” esaten zaiona osagai horiei zor zaie, gero kirolariek kolpe eta ubeldurak sendatzeko erabiliko dituzten ukenduen osagai direnei. Baionan argitaratzen zen Egunaria-ren 1971/08/02ko alean honela dio: “Errumatismen sendagailu ona da nasailorea, izertarazten baitu eta ixurazten 50 grama pinta bat ur irakituan”. Izertarazten eta ixurazten; kirolariak… 

Gaztaina nor bazeneko lanak
2026-11-09 | Jakoba Errekondo
Kirikinoak badu bere hesia. Kirikinoari gure bailaran “morkotsa” esaten zaio, baina han-hemen atso, karlo, arrotx, katakoskol, ardots, kormuts, arbots, lokots, mutxur, sokor, sokal, morkol, sokoil,... (+)
Nafarroako eta Lantarongo intxaurrak
2026-11-02 | Jakoba Errekondo
Duela ehunen bat aste izan zen. Urte pare bat bada Agur intxaurrondo, agur izenekoa idatzi nuela orri honetan bertan. Hartan nioen urak Atlantikora isurtzen ditugun... (+)
Asko ez da beti aski
2026-10-26 | Jakoba Errekondo
Bizi da ala hil da? Nola jakin aurtengo beroaldi eta lehorraldi gordin eta mokor hauen ondoren ihartu den arbola bat hil den ala bizi den,... (+)
Ardoa eta azukrea
2026-10-19 | Jakoba Errekondo
Ospatu beharra dago! Azkenaldi honetan ospakizuna ospakizunaren atzetik dugu inguruan. Horrelakoetan etxeko sagardoa nagusi da; dagoeneko upel, bukoi eta barrikak irakiten ari dira, hurrengo urtean... (+)
Babazaletzea
2026-10-12 | Jakoba Errekondo
Bada istilu eta nahaste-borrastea. Bada, izan ere, baba. Noizkoa ote da “baba” izena? Eta zer landare izendatzen zuen lehen hartan? Eta zer landare izendatzen du... (+)
gora