Asteroko buletina
Done Emeteri Zeledon, porrua ereiteko aro on.

Itsasoaren igoerari aurre egiteko urgentziazko deia estatu aberatsenei, Pazifikotik

Itsasoaren heina 9,4 zentimetroz igo da azken 30 urteetan, baina guneka anitzez handiagoa da igoera –besteak beste, Pazifikoko eremu batzuetan 15 eta 30 zentimetro artekoa da–. Beroketa efektuko gasen isurketak ttipitzeko eta klima larrialdiari aurre egiten laguntzeko dirulaguntzak bideratzeko deia luzatu diete munduko herri aberatsenei Pazifikoko Irlen Foroaren baitatik.


2024ko abuztuaren 28a
Pazifikoko Irlen Foroaren kari, estatu ezberdinen ordezkariak. Argazkia: Outremers360

"Ozeanoen beroketa bizkortu egin da azken hamarkadetan. Inoiz ez dira 2023an bezain beroak izan ozeanoak. Beroketa horrek eta izotz-geruzaren ttipitzeak dakarte mundu mailako itsasoaren heinaren igoera". Horra Nazio Batuen Erakundearen Munduko Meteorologia Erakundearen abisua. Itsasoaren heina 9,4 zentimetroz igo da azken 30 urteetan, baina guneka anitzez handiagoa da igoera –besteak beste, Pazifikoko eremu batzuetan 15 eta 30 zentimetro artekoa da–.

Tongako Erresumako hiriburuan abiaturiko Pazifikoko Irlen Foroaren kari plazaratu dute datua. Errealitateak datuak berretsi nahi balitu bezala, 6,9 graduko lurrikarari aurre egin behar izan diete foroaren lehen egunean. Hemezortzi estatu biltzen ditu topaketak, eta horien artean anitz dira itsasoaren igoerari aurre egin ezinean. Adibidez, Tuvalu irlaren puntu gorena 4,6 zentimetroetara da eta egoerak berdin segituz gero, hemendik 30 urtera hiriburuaren erdia erabat desagerturik izanen dute marea goraz eta hemendik 80 urtera irlaren %95ak erregularki pairatuko ditu uholdeak.

1971tik berotegi-efektuko gasen isuriek metatutako gehiegizko beroaren % 90 baino gehiago xurgatu dute ozeanoek, orain arteko oreka erabat desorekatuz. Itsasoko uren beroketa kezkagarria da, itsasoaren igoeraz gain bestelako ondorio meteorologikoak dakartzalako ere (uholdeak, tenpestak, zikloiak eta abar). Hori horrela, klima aldaketaren ondorioei aurre egin beharrean dabiltza egunerokoan mundu mailako milioika herritar. Klima larrialdian gutxien eragiten dutenak dira, ordea. Injustizia hori azpimarratu nahi izan du bertan egon den NBEko idazkari nagusi Antomio Guterresek ere.

Klima justizia

Ondoko mezua luzatu nahi izan du Guterresek: "Mundu mailako arduradunek hartuko dituzten erabakien araberakoa izanen da Pazifikoko irlen geroa, baita munduarena ere. Pazifikoa salbatzen badugu, orduan mundua salbatuko dugu". Mundu mailako herri aberatsenak batzen dituen G20 taldeko estatuen esku da nagusiki aldaketa, hain zuzen, horiek direlako arazoaren erantzule: isurketen %80aren oinarrian dira.

COP28 gailurrean hitz emandakoa betetzeko deia egin diete Pazifikoko estatuek herri aberatsenei. Hala nola, klima larrialdiari aurre egiteko dirulaguntzak bideratzeko engaiamendua errespetatzeko beharra azpimarratu diete. Pacific Resilience Facility izeneko diru fondoa adosturik badute ere, oraingoz hitz emandakoa ez da betetzen: 2026rako 500 milioi dolar bideratu behar dituzte, baina oraingoz 116 milioi dituzte jarrita. "Isurketen %0,02aren oinarrian dira Pazifikoko herritarrak, eskandalagarria da krisi klimatikoa beraiek pairatzea", 350.org GKEko kide Savio Carvalhoren hitzetan.

Dena dela, argi daukate itsasoaren igoerari aurre egiteko azpiegiturak ez direla nahikoak izanen eta benetako aterabidea beroketa efektuko gasen isurketaren gutitzean dutela. GIEC Klima Larrialdiari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak behin eta berriz azpimarraturik du gradu bakoitzak duela bere garrantzia: 1,5 graduko beroketa izan beharrean 2 gradukoa baldin bada, orduan 10 zentimetroz handiagoa izango dela uren igoera.

Agorrilaren 30ean emanen diote bukaera Pazifikoko irlak batzen dituen foroari.

Etorkizun bizigarriei buruzko literatura lehiaketaren sari banaketa eginen du ostiralean Sukar Horiak
Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk. (+)
Berotegi-efektuko gas emisioen %8,8 eragiten du turismoak, eta isurketek gorantza segitzen dute
Azken hamar urteetan turismoak eragindako CO2 isurketen emendioa ekonomia orokorrarena baino bi aldiz handiagoa izan da. Nature Communications aldizkari zientifikoak abenduaren 10ean plazaratu ikerketaren emaitzak dira. (+)
Plastiko kutsadura mugatzeko negoziaketen azken fasea abiatu du NBEk
Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen... (+)
"Egungo elikadura- eta nekazaritza-sistemek ez gaituzte autonomo bihurtzen"
Laborantza iraunkor eta herrikoiaren hitzordua den Lurrama azokan izanen da Karine Jacquemart, Frantziako Foodwatch elkarteko zuzendaria. Elikadura-eskubidea herritar orori bermatzeko helburuari tiraka, hainbat ekintza bideratzen... (+)
Komun idorrak instalatu dituzte Hendaiako San Bixente ikastetxean, trantsizio ekologikoaren izenean
Hendaiako ikastetxean komun klasikoak kendu eta komun idorrak eraiki zituzten martxoan. Ikuspegi ekologikoari tiraka, egitasmo orokorrago baten barne dute aldaketa: hondarrak jangelako konpostari gehitu eta... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora