Asteroko buletina
Zeru gorputzen mugimenduaz gehiago dakigu hankapean dugun lurraz baino.

In extremis, mila esker

In extremis heldu naiz orrialde honetara. Patuak hala erabaki du. Izan ere, orain dela bi aste erdi idatzita nuen gaurkoa, baina dokumentua gorde gabe ordenagailua itzali, eta han joan zen egindakoa. Beraz, hemen naiz, abiapuntuan eta gaia guztiz aldatuta. Zoriak halaxe erabakita.

Josebe Blanco Alvarez
Josebe Blanco Alvarez

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea


2024ko ekainaren 10a

Nahiko sendoak ziren gai ezkorrez idazteko arrazoiak, baina itzuliko dira, berandu baino lehen, horiei heltzeko uneak. Orain zuen begiradak jasotzeko momentua da.

"Artzaina izan nahiko nuke", esan didazu. Kontakizunari baldintza hipotetiko batez ekin diozu, eta horrekin nahikoa izan dut ametsari etorkizunik ez diozula ikusten antzemateko. Nahiko nuke, baina oso zaila da. Ez daukat lurrik. Ez daukat baserririk. Ez daukat... aukerarik? Batzuetan baldintza hipotetikoa kabroia da, oso kabroia.

Hala ere, zure begiek ez dute gezurrik esaten, eta barru-barruan bizi duzu artaldea. Agian, oso argi izan gabe horrek zer dakarren. Edo bai, badakizu, beste horren begietan ikusi duzulako. Orduan hasten naiz ni, zure hipotetikoa errealera pasatu nahian, galdezka. Zuk emandako ezezko bakoitzaren ondoren, nire ziaboga. Azkenengoan, ni, ez dagoela eredu bakarra artzain instalatzeko, kolektiboan ari direnak ere badirela. Eta baserri honen sorrera kontatu dizut. Etxera gonbidatu ere bai, lasaiago hitz egitera.

Zurekin, ordea, ezberdina izan da: "Artzaina izan nahi dut, eta jakin nahiko nuke"... Arakatze prozesuan zaude, susmatzen duzulako –edo jakin badakizulako– aukera egon badagoela. Amonaren baserrian edo lagun batek dituen lurretan, ez dakit, baina zuk baduzu horren guztiaren berri. Ezagutza falta zaizula diozu, probatu nahiko zenukeela denboraldi batez artalde batean bizitzen. Ikusi omen duzu Wwoof sarean gaudela... Kontatu dizut gurean uda ez dela sasoirik onena ardien artean ibiltzeko, hobe duzula erditze garaian etortzea, intentsua bezain ederra dela. Eta gogorra, noski. Horretan geratu gara, bisitan etorriko zarela etxeko besteak ezagutzera.

Autoan, etxerako bidean, pozik noa. Zure hitzak gogoan pasatzen ditut kilometroak, eta barrenak esaten dit, behin eta berriz, badela esperantza. Baita ofizio honetan ere. Berdin dio hipotetikoan ala errealean. Sukaldean sartu bezain pronto, ezagutu zaitudala kontatu diet etxekoei. Haiek ere poztu egin dira, ardiekin amets egiten duzulako.

Askok diotenen kontrara, zu ezagutu izanak baieztatzen dit badirela gazteak –eta ez hain gazteak– euren burua baserrian eta artalde batekin ikusten dutenak. Kale egiten dugunok, ziur aski, geu gara, baserritarrok, gure txikian, zuen bokazio horri eta herri honen elikadura eskubideari erantzuten asmatzen ez dugulako. Ezta administrazioak bere handian ere. Lurraren gaineko espekulazioari mugarik jartzen ez diolako, diru-laguntzetako irizpideek zorpetzera bultzatzen zaituztelako, nekazaritzarako lan unitatetik kanpo lan asko uzten dituelako, industriari ezarritako baldintzak zuri ere aplikatzen dizkizulako...

Ile-moztaileak bukatu du bere lana. Izan dituen laguntzaileei akitu zaizkie indarrak. Eta niri denbora. Esan dizut, in extremis heldu naiz hona.

Dena den, ez dut bukatu nahi eskerrak eman gabe, begiradaz etorkizuna badela egiaztatzearren.

Zer da artaldea? (Gerturatze bat)
Astebete pasatxo eman dut artaldeaz hausnarrean. Lehenago ere eskaini izan dizkiot tarteak artalde kontzeptuari ematen zaion erabilerari, baina orain dela astebete izandako elkarrizketak berritu du... (+)
Borrokak eta liburuak
Konturatu orduko apirila joan da, bere intentsitate eta kolore guztiekin. Egun beroak, epelak eta hotzak utzi dizkigu. Ostadarra eta izotza. Euri jasak eta bero sapa.... (+)
Hamaika
Ez dakit zure herrira helduko den Hamaika diziplina anitzeko proiektu artistikoaren erakusketa. Artelanekin batera, hamaika lekukotasun. Bertan denetarik dago: beldurra, mina, amorrua, esperantza, etsipena, indarra...... (+)
Munduan leku bat
Gutako batzuk hemen jaio ginen, zoriak erabaki zuen populazioaren %11 honen parte izango ginela. Beste batzuek erabaki genuen landatarrak izatea, eta lurraldearen %89an bizitzea. Denok... (+)
Arrazionaltasuna vs emozionaltasuna
Gezurra ematen badu ere, oraindik ere entzun egin behar dugu –gehienbat emakumeok– emozioak arrazionaltasunaren gainetik jartzen ditugula, eta horrela ezin dela taxuzko erabakirik hartu. Azken... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora