Zezeila euritsu, bedartzak edero gizen du.

Ginkgoaren irrimurrika eta barre ttikia

Burua dardaratu eta ikaratu zigun ginkgoak (Ginkgo biloba). Lizar-makila denboran ginkgoa aspaldi galdutako zuhaitz espezietzat jotzen zen. Bere hostoen fosilak ezagutzen ziren, beste arrastorik ez.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko martxoaren 25a
Japoniako Hiroshiman bonba nuklearra leherrarazi zutenean, aspalditik bizi zen ginkgo bat erre eta hurrengo urtean berritu zen. Berritu zen bizidun bakarra izan zen eta oraindik ere bizi da, argazkian ikus daitekeenez.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Permiar garaikoa da, duela 280 milioi urtekoa eta XVII. mendera arte desagertua zela uste zen. Engelberd Kaempfer mediku naturalista eta bidaiari alemanak 1683 eta 1693 artean Persiatik Japoniara egindako ibilbidean topatu eta deskribatu zuen arte. Txinako basotxo bitxi batzuetan topatu zituzten ale batzuk; dioikoa da, zuhaitz batzuk zeharo arrak eta besteak zeharo emeak dira. 1730. urtean lehen ginkgoa landatu zen Europan, Utrechten, Herbehereetan. Gerora, bere forma arkitektonikoak eta hostajearen urrezko udazkenak osatutako uztarriak tiraka mundu guztira hedatu zen. Bere generotik iraun duen espezie bakarra da.

Espezie pankronikoa edo fosil biziduna esaten zaie horrelakoei: ustez desagertuta daude eta bat-batean ale bizidun batzuekin tril edo topo egiten dugu. Ustez, Txinako baso haietako ginkgoak naturalak baziren ere, azkenaldiko ikerketek azaleratu dute genetikoki oso hurbilak direla eta, ondorioz, noizbait landatutako basoak direla; baita milaka urte bizitzeko gaitasuna dutela ere.

Genetikara jota, ginkgoa guri irri ttikiz begiratzeko moduan dago. 2016an txinatar ikerlari talde batek Ginkgo bilobaren genomaren zirriborroa argitaratu zuen (GigaScience aldizkaria, Rui Guan eta abar) eta 10.600 milioi DNA base nukleiko dituela argitu. Horrez gain, 41.840 gene inguru dituela aurreikusten da, bakterioen aurkako eta defentsa kimikoko mekanismo kopuru handia ahalbidetzen diotenak. Guk, pertsona ahalguztidunok, 3.200 milioi DNA base eta 20.000-25.000 gene besterik ez ditugu. Ginkgoaren ahalduntze genetikoaren herenaren eta erdiaren artean gaude…

Zuhaitz zaharren(etako)a dela esan daiteke, dinosauroak ezagutu zituena. Eta zer mendrena garen eta batez ere gure memoria argitu eta nor den gogorarazteko, frogatuta dago bere hostoak memoria txarraren aurkako erremediorik onena direla. Haizemaile edo abaniko itxurako hosto horiek gure hats bahitzea eta asma sendatzen dituzte; baita zuhaitzetan arrak eta emeak harreman sexualak nola izaten ote dituzten pentsatze hutsak eta abarrek sortutako buruko minak ere; eta milaka urte bizitzeko gai diren zuhaitzak badirela eta gu zahar-xahartzen, ba zahartzaroaren gaitzak ere arintzen ditu. Irrimurrika batekin esaten digu: botika oso ona naiz, natzaizue.

Bere berebiziko gaitasun gaitzak norainokoak izan daitezkeen ederki adierazten du: aspaldiko gerra erraldoi batean, Japoniako Hiroshiman bonba nuklear bat leherrarazi zutenean eta kilometrotan eta kilometrotan haberik zutik geratu ez zen hartan, aspalditik bizi zen ginkgo bat erre eta hurrengo urtean berritu egin zen. Berritu zen bizidun bakarra izan zen. Oraindik ere bizi omen da… Bakearen turismoko gune izendatua dute.

Gure mundua akabatuko dugu, gerraz gerra, eta ginkgoak hortxe iraungo du, fosil bizidun.

Erretxina, sendagai bikaina
2025-11-01 | Jakoba Errekondo
Gaztetan erraz erretxintzen nintzen; aspaldiko kontuak dira, ordea, horiek; behin batean erabaki nuen ez zuela inola ere merezi energia alferrik galtzea eta, harrezkero, lerdoak alde... (+)
Landare meteorologoak eta eguzki-lorea
2025-10-27 | Jakoba Errekondo
Mozolo hutsak gara. Galdua dugu eguraldiaren nondik norakoak iragartzeko gaitasun osoa, ez dakigu ezta hemendik hiru ordura ere zer etor daitekeen. Telebixtak esaten digu zer... (+)
Iroldegia
2025-10-20 | Jakoba Errekondo
Ariketa egiten da iroldegian, baina ez da inolaz ere kiroldegia. Ariketa ez da kirola, alderantziz apika bai, kirola ariketa. Bizitzak eskatzen duen aritzea da ariketa,... (+)
Piperraren prezio guda eta Tuterako akordioa
2025-10-13 | Jakoba Errekondo
Piper sasoia da, airea usaindu besterik ez dago. Bertako biperren (Capsicum annuum) aukera handia dugu: pipermina, Gernikakoa, Ezpeletakoa, Angeluko eztia, txorizeroa, pikilloa, morro edo handia... (+)
Sagar inaurkina
2025-10-06 | Jakoba Errekondo
Inaurkina. Inaurkingintzan buru-begi hasia dago aberats jendea, abeldun jendea, abeltzaina. Buru-begi eta buru-belarriak erne egin beharreko lana da inaurkinarena. Etxeratu nahi den zaborra da inaurkina.... (+)
gora