Uztaileko aro onak manatzen dupaginak

Gaztainondoaren garrantzia aldarrikatuko dute Oñatin azaroaren 16tik 23ra

Euskal Herriko isuri atlantiarrean gaztainondoak eta gaztainadiek berebiziko garrantzia eduki zuten nekazarien elikaduran, hemengo paisaiaren elementu nagusi ere izanez. Ez da kasik haien arrastorik geratu, ez behintzat Gipuzkoa eta Bizkaian, batetik gaixotasunek ahuldu eta bestetik pinuak lekua ostuta. Hala gertatu zen Oñatin ere, baina Gure Bazterrak elkarteak herritarren memorian iratzarrazi nahi du gaztainondoa, eta herriko lurretan landatzea sustatu ere bai.


2022ko azaroaren 13a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Oñatin ‘Gaztainaren haria’ izendatu duten ekitaldi sorta azaroaren 16an hasiko dute, Hazien Sareko kidea den Joseba Ibarguengoitiaren hitzaldiarekin: “Euskal Herriko Hazien Sarearen gaztainondoei buruzko proiektuak”. Ibarguengoitiak aurkeztuko ditu gaztainondoa eta gaztainaren kultura berreskuratzekok dauden aukerak.

Hitzaldi berean, “Gaztainaren historia eta gaur eguneko egoera. Zertaz mintzo gira?” landuko du Beñat Itoizek. Makeako (Lapurdi) Euskal Gaztain Etxearen sortzailea da Itoiz. Proiektu horretan urtean 15 tona inguru gaztain erosten dituzte Iparraldeko baserrietatik, Makean elaboratu eta merkaturatzeko. Irina, hummusa, gailetak, garagardoa, pasta, txokolatea, ozpina, eztia, gaztaina konfitatuak, odolkia gaztainarekin, piperrada… produktu horiek eta askoz gehiago egiten dituzte Makeako Euskal Gaztain Etxean. 2021eko urrian ARGIAn Garazi Zabaletari esan zionez, “[gaztainaren inguruan] egiazko ekonomia bat sortzeko aukera dago, eta ez atxikitzea soilik gaztainaren oroitzapen doi-doia bizirik. Behar dira arbolak salbatu eta ekonomia berriz abiarazi”.

Azaroaren 19rako antolatu dute Apilaizko (Araba) gaztainadia ezagutzeko bidaia. Apilaiz izango da Hegoaldean gaztainondoen zaintza eta berreskuratzean orain arte eredua markatu duena, Apilaizek landutako ildoa Nafarroako Arantzan ere aplikatzeko ahaleginean ari dira, esate baterako. Oñatiarrek ere bixitan aztertuko dute ea kudeatzeko modu horretatik beren herrira zer eraman dezaketen.

Jardunaldien azken ekitaldia azaroaren 23an izanen da: Oñatiko San Lorentzo auzoan, Eltzia sorkuntza etxearen aurreko parkean gaztainondoari egindako monumentua estreinatuko dute. Antolatzaileek esan dutenez, Olabarrieta auzoko Artatxueta basotik ateratako gaztainondo anportu [ihartu ] bat erabili dute monumentua egiteko. Gaztainondo mugarroaren enbor zabala barrutik usteldua dagoenez, egitura metaliko batez sendotu dute eta aterperik gabe kanpoan iraun dezan tratamendu berezi bat ere eman diote. Bertsolariek girotutako festan, gaztaina erreak banatu eta jango dituzte bertaratuek.

Covid pandemian sortutako taldea da Oñatiko Gure Bazterrak. Etnografian, historian, euskaran, kulturan zein ondarean interesa duten hainbat gaztek osatzen dute. 2021an ‘Erreusak’ proiektua burutzeko boluntario talde handi bat mobilizatu zuten Oñatiko baserriak, tailerrak eta abar bisitatu, bertako lekukoak galdekatu eta etnografia aldetik eduki ditzaketen altxorrak katalogatzeko. Aurten bertan oso bestelako ikerlan bati ekin diote: bi ETAkide –Jon Lizarralde eta Susana Arregi– hilik eta hirugarren bat –German Rubenach– oso larri zauritua suertatu ziren Irunberriko Arroilan, Goardia Zibilak antolatutako sarekada batean, eta gertakizunen egunean han ziren lekukoen esanak jaso nahi dituzte. Antza denez, autobus bete ume zebilen paraje haietan egun hartan Gasteizko Udalak antolatutako bidai batean joanda, eta gaur 25-45 urte eduki behar dituzten pertsona haiek ikusi, entzun eta bizi izandakoa bildu nahi lukete.

Aiaraldean "Europa hegoaldeko zerrategi handiena" izan asmo duena ireki dute Mondragon Taldeko bi kooperatibak
2026-05-12 | ARGIA
Etorki eta Lana kooperatibek 67 milioi euroko zerrategia ireki dute Murgan (Araba), Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz. Urtean 300.000 metro kubo egur ekoitziko ditu, batez ere intsignis... (+)
Egonarria 4x11: Basoetako suteak: mitoak eta benetako arriskuak
2026-05-06 | Bizi Baratzea, ARGIA
Markel Arriolabengoa Tantai baso jabe kooperatibako kidea da. Baso suteei buruzko mitoak deseraiki ditu elkarrizketa honetan, eta suteak zergatik gertatu ohi diren azaldu du, baita... (+)
“Zuhaitzak eta arbolak euskal kulturaren oinarrizko zutabe dira”
2026-04-29 | ARGIA, Bizi Baratzea
Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburuko egileekin elkarrizketa. Elkarrizketa: Estitxu Eizagirre Kerejeta Kamerak eta soinua: Eneko Arzuaga Iridoi eta Manex Moreno Uharte Edizioa: Manex Moreno... (+)
'Ategorrietan Fisterra' liburuan ekoedizioaren irizpideak bermatu ditugu
2026-04-16 | ARGIA
Ategorrietan Fisterra liburuan, ARGIAren beste argitalpenetan bezala, ekoedizioaren irizpideak bermatu ditugu. Ekoedizioa argitalpenen ingurumen inpaktua aztertzea, gutxitzea eta sustatzea da, balio-katearen etapa bakoitzean: proiektuaren diseinu, ekoizpen,... (+)
4x09: Saguzarren misterioak | Naiara Corcuera (Naturtzaindia)
2026-04-08 | ARGIA, Bizi Baratzea
Ba al duzu saguzarrik inguruan? Atera berri dira lozorrotik eta kumeak jaiotzear dira... Izurriteak saihesteko lagun handiak dira, saguzar bakoitzak milaka eltxo jaten baititu gau... (+)
gora