Ekaina lur busti, gure aita/ama negarti.

Ezurtea eta baiurtea

Aurten baiurtea da. Gure etxean. Bedaioko lagunen etxean, berriz, ezurtea. Sagarrondoa (Malus domestica) da baietzean ala ezetzean. Egoskortu egiten da: "Bai!", "Ez!"... eta hobe du. Hil ala bizikoa du eta bizimodua sortzen du. Bizilege du.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2023ko irailaren 18a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Urtebiak dira sagarrondoak. Ez denak, batez ere alea berandu heltzen dutenak, irailetik atzera, alegia. Eta maiatzaren amaieran, beranduenera ekainaren hasieran erabakitzen dute hurrengo urtean sagarra emango duten edo ez. Sasoi horretan lorea ernaldu da eta polinizazio egokia izan dutenak sagar koxkor aleak hazten hasi dira. Alearen barruko haziak ere bidean dira eta haiek osatzeko hormona jakin batzuk sortu behar ditu sagarrondoak. Arbolak gainean zenbat ale dituen, hormona gehiago edo gutxiago ekoitzi beharko du. Hortxe dago gakoa.

Hormona ugari behar badu, ale asko dakarren seinale. Hormona gutxirekin moldatzen bada, ale bakan batzuk besterik ez dakartzan igargarri. Sagar asko badu, sagar horiek ekartzeko udazkenera bitarteko ahalegina ikaragarria izango da; dituenak eta ez dituenak beharko ditu sortutako hainbeste ale eta hazi onbideratzen. Sasoian sortutako energia eta erreserbetan metatutakoak ederki xahutuko ditu. Udazkenera ahituta iritsiko da eta negua lepogainean; ez du tarterik izango arnasa pittin bat hartzeko ere. Horren jakinaren gainean, maiatz-ekainetan hurrengo urtean baiurtea edo ezurtea izango den erabakia hartzen dute. Aurtengo erabakia hartua dute: gurean sagarrondoak mukuru direnez hurrengo urtean ez dute emango. Bedaioko lagunen sagastian bai, sagarrondoak ale gutxi batzuekin besterik ez daude, emango dutela erabaki dute. 

Sagarretik bizi den jendearentzat ez da atarramentu ederra hori. Inausketarekin, maiatzaren amaiera baino lehenago aleak bakantzearekin eta abar saiatzen dira sagarrondoaren erabakitze ahalmena zapuzten, baina ez da erraza.

Sagarrondo guztiak ez dira berdin egoskortzen, ez dute behar. Goiz sagarrak, sanjoan sagarrak eta amabirjin sagarrak, adibidez, uztailean helduta dute alea eta hiru edo lau hilabete izango dituzte oneratu eta suspertzeko. Urtero emango dute.

Batetik, erabakitzeko gaitasuna dago. Guk ez bezala, badakite hurrengo maiatzean zer egingo duten. Eta bestea da hartzen dituzten erabakiak bete egiten dituztela.

Gure ezgaitasuna ageriago azaltzeko hor dago galdera: non eta nola jasotzen dute erabaki hori urtebetez?

Piperraren prezio guda eta Tuterako akordioa
2025-10-13 | Jakoba Errekondo
Piper sasoia da, airea usaindu besterik ez dago. Bertako biperren (Capsicum annuum) aukera handia dugu: pipermina, Gernikakoa, Ezpeletakoa, Angeluko eztia, txorizeroa, pikilloa, morro edo handia... (+)
Sagar inaurkina
2025-10-06 | Jakoba Errekondo
Inaurkina. Inaurkingintzan buru-begi hasia dago aberats jendea, abeldun jendea, abeltzaina. Buru-begi eta buru-belarriak erne egin beharreko lana da inaurkinarena. Etxeratu nahi den zaborra da inaurkina.... (+)
Garde herrian intxaurrondoek izena dute
2025-09-29 | Jakoba Errekondo
Garuna dirudi, bai, intxaur alearen mamiak. Garun bikoitza. Alearen edo garauaren barrukoari “intxaur-mami”, “intxaur-ister” eta “intxaurki” esaten zaio. (+)
Sagarretako Pelestina
2025-09-22 | Jakoba Errekondo
Abuztuaren amaieran azaltzen da, baina iraila du gogokoen. Udazkena hemen dela berritzen digu urtero. Udazkenari kolore bidea erakusten dio. Guri, ahoko zeruak jasota duen lurrinen... (+)
Arboletarako eroa daukat
2025-09-15 | Jakoba Errekondo
Bada Garde. Urrutira gabe hor dago, urrutieneko mugaren guardan. Umetan ezagutu nuen Garde, ez dut gogoan zenbat urte nituen, baina landatuta geratu zitzaidan han ikusi... (+)
gora