Beti pentsatu izan dut, baratze bat izatea lagun leial eta on bat izatea bezala dela

Europako hegaztien laurdena desagertu da berrogei urtean, nekazaritzaren industrializazioak eraginda

Azterlan zabal batek erakutsi berri duenez,  1980tik 2016a bitartean hegaztien populazioak % 25 gutxitu dira azken 40 urteotan, eta ia % 60 nekazaritza-inguruneetako espezieen kasuan. Hori da, hain zuzen ere, Europako hegaztiei buruz orain arte egindako ikerketa handienaren eta osatuenaren ondorio nagusia: ongarriek eta pestizidek erantzukizuna dutela Europako hegazti-populazioen kolapsoan. Hiriguneen zabaltzeak eragindako lurraren artifizializazioak ere galeran garrantzia handia daukala erakutsi dute adituok.


2023ko maiatzaren 23a
Gari-berdantza (Emberiza calandra) kantari: berrogei urtean espezie honen %75 galdu dira Europan. Argazkia: Ricardo Rodriguez.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Proceedings of the National Academy of Sciences (PNAS) zientzia aldizkarian argitaratu den azterlanak “Farmland practices are driving bird population decline across Europe” (Nekazaritza moldeek eragin dute Europako hegazti populazioaren gainbehera) darama titulu. Hura osateko, berrogeita hamar ikertzailek 37 urteko datuak bildu dituzte Europako 28 herrialdetako 20.000 lekutan, 170 hegazti-espezieren bilakaera ikertuz. Alderatu dituzte giza jarduerarekin lotutako hainbat presio mota (klimaren aldaketa, urbanizazioa, baso-eremuak eta nekazaritza-praktikak), eta lehen aldiz kuantifikatu eta hierarkizatu dute horie eragina hegazti-populazioetan.

Emaitzak beldurgarriak dira: urtero 20 milioi hegazti desagertu dira batez beste Europan azken 37 urteotan. Bestela esanda, 1980an zeudenak baino 800 milioi hegazti gutxiago dauzkagu europarrok inguruan. Ikerlanaren emaitza beste hiru aditurekin sinatzen duen Vincent Devictor irakasleak Liberation egunkariari aitortu dio: “Hunkigarria da baita ikertzaile batentzat ere. Espero nuen espezie batzuen gainbehera moteldu egingo zela, baina ez, zoritxarrez, ez da horrela. Txolarre arruntaren populazioa, adibidez, % 64 jaitsi da; txori arrunt hori oso bakana bihurtzeko arriskua dago”.

Galerari dagokionez, Europako ekosistema batzuk beste batzuk baino kaltetuagoak daude: basoko hegaztien kopurua berrogei urtean % 18 jaitsi den bitartean, galera % 28ekoa da hiriko hegaztien kasuan, enarak eta sorbeltzak kasu, eta % 57raino iristen da landa-hegaztien kasuan. Azken horien artean daude gari-berdantza eta landa-txirta, % 77 murriztu direnak Europan. Ipar-kaskabeltzak % 79 gutxitu dira, eta txio txistulariak % 53...

Azterlanaren arabera, panorama ilun honetan gehien sufritzen dutenak  hotza maite duten espezieak dira, horiek %40ko galerak nozitzen ditute; eta hobetoxeago dabiltza beroa maite dutenak, hauek %18 “besterik” ez baitute galdu. Hauen artekoa dira hekatonbe orokorrari etekina atera eta eremu berrietan ugaritzen ari diren bakarrak, esaterako txinbo burubeltza eta erle-txoria.

Montpellierreko unibertsitateko irakaslea eta CNRS Ikerketa Zientifikoetarako Zentro Nazionaleko ikerlaria den Vincent Devictor: “Harrigarria da zer nolako garrantzia duten hegaztiek ekosistema batean. Jaten dute eta besteren jaki dira. Material asko garraiatzen dute, haziak. Espezie asko migratzaileak dira. Txoria lotura-sortzaile ederra da. Eta zer izango litzateke txoririk gabeko mundu bat? Zozoaren kantuak udaberrian edo ume batek basoan txantxangorriarekin topo egiteak, horiek gainditzen dute edozein kalkulu utilitarista. Baina zuzenean goaz Rachel Carson biologo estatubatuarrak duela hirurogei urte bere liburu ospetsuan deskribatu zuen “Udaberri Isil” hartara”.

Kontua da, paradoxikoki, hegaztiak hil ala bizikoa zaizkiola… hondamendira daraman nekazaritzari berari: “Ekoizteko moduz aldatzean datza nekazaritzaren biziraupena. Izan ere, biodibertsitatea suntsituz gero, pestizida batek ezin ditu landareak babestu, uzta eskuratzeko aukerarik ez dago horrela. Oso lotura estua dago biodibertsitate osasuntsuaren presentziaren eta lurzati horretako laboreen errentagarritasunaren artean. Ironia modu bat dago: biodibertsitatea hiltzean, nekazaritza industriala bere burua hiltzen ari da”.

Egia da Europan nekazari asko ari direla bestelako laborantza eredu batean ekoizten: pestiziden eta ongarri kimikoen erabilera murriztu edo erabat alde batera uzten dutenak, urteotan suntsitutako heskaiak (landarezko hesi biziak) birlandatzen ari direnak, lursail pobretu eta higatuak berriro gai organikoz aberasten ari direnak… Baina oraindik ere agro-industriak ezarritako ereduak, pestizida eta ongarri kimikoetan oinarritua, bere kalteak handitzen jarraitzen du.

Hala erakutsi du justu hegaztien galerari buruzko ikerlana argitaratu den garai beretsuan pestiziden erabileraz Heinrich Böll fundazioak sustaturik burutu den Pestiziden Atlasa delakoak (badira bertsioak frantsesez eta gaztelaniaz): “Atlas honek erakusten du ez goazela bide onitik. Pestiziden erabilera munduan %80 handitu da 1990etik, kalteak eraginez bai nekazarien eta bai kontsumitzaileen osasunari eta biodibertsitateari. Azken 20 urteotan bikoiztu egin da pestiziden merkatua munduan, 2020an 53.000 milioiko negozioa egiteraino iritsiz”.

Eguzkik salatu du donostiarrek gero eta garestiago ordaintzen dutela hondakinen kudeaketa
2026-07-22 | ARGIA
Talde ekologistak salatu duenez, Donostiako udalak jarraitzen du uko egiten hondakinen gaikako bilketa hobetzeari, eta horren ondorioz, donostiarrek gero eta gehiago ordaintzen dituzte hondakinen kudeaketa.... (+)
Euskal tearen ordua | Mikel Esklamadon (Ilgora tea)
2026-06-17 | Bizi Baratzea, ARGIA
Te kimuak biltzen erakutsi digu Mikel Esklamadonek, Uztaritzeko (Lapurdi) bere Ilgora proiektuan. Ba al zenekien te idor kilo bat osatzeko 12.000 hosto bildu behar direla?... (+)
Nafarroako Gobernuak ohartarazi du Aranoko eolikoen proiektuak Pirinioetako mendebaldeko migrazio-bidea arriskuan jarriko lukeela
2026-05-29 | ARGIA
Hernani eta Arano arteko Urumeako mendietan Enigma Green Power enpresak aurreikusi duen "Ikatz Gane" makro-eolikoen proiektuari buruzko bi txosten egin ditu Nafarroako Gobernuak. Foru administrazioak... (+)
Energia burujabetzari buruzko jardunaldia egingo du Hernanin Stop Fosilak elkarteak
2026-05-27 | ARGIA
Trantsizio energetikoaz aritzen da Stop Fosilak elkartea, eta jardunaldia antolatu du Hernanin (Gipuzkoa) maiatzaren 30ean, Euskal Herria energia burujabetzarantz goiburupean. Energia gaietan adituak diren hainbat... (+)
Lurraren defentsan eta makroproiektuen aurka mobilizazio jendetsua egin dute Gasteizen
2026-05-25 | ARGIA
Maiatzaren 23 arratsaldean Gasteizko kaleak hartu ditu protestak. Antolatzaileen arabera, milaka dira batu diren pertsonak eta mobilizazioak 200 eragileren babesa jaso du: Arabako udal eta... (+)
gora