Astelehenero 8:00etan zure epostan
Armiarmen arma onenetakoa, ezpairik gabe, atentziorik ez ematea da. Armiarmen arma eta ia naturan bizi diren animalia gehientsuena, noski –ohi denez, gizakiok salbu–. Gaur datorkigun bisitariak, berriz, ez du halakorik behar.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
TALDEA: Arachnida / Araneidae familia.
NEURRIA: Arrak 4-5 mm. Emeak 14-15 mm.
NON BIZI DA? Sastrakak, sasitzak ditu oso gustuko (oteak, ihiak, txilarra…).
ZER JATEN DU? Intsektuak eta beste artropodoak.
BABES MAILA: Ez dago babestuta.
Ez dio axola bere gorputz mardul horren marrak urrunetik ikustea, edo bere sareko joskura zuri hori ere hain ikusgarria izatea. Ez du huts egiten, eraginkortasuna azken mailara eramana du naturaren laguntzaz. Hala ere, sarea ez du prestatu gizakioi kalte larriak egiteko eta bere koskak ez du guretzat arrisku berezirik –alergiarik izan ezean–, min arin bat ez bada.
Tigre armiarma oso armiarma handia da, emeak arraren neurria hiru bider izan dezake, armiarma gehienetan bezala. Arraren tamainak emearentzat harrapakin bat gehiago bihur dezake, horregatik, arrak jokabideak bilatu behar ditu berarekin elkartu eta ugalketa ahalbidetzeko. Eta asmatu duena ez da txantxetako gauza: gordeta egoten da emeak azken azal aldaketa burutu arte, berarekin bat-batean elkartzeko. Une horretan, emeak heldutasun sexuala lortua du baina kelizeroak bigunak ditu. Emearen kelizeroak gogortuz gero, arrak ez luke aukera garbirik izango! Arraren itxura ez da emearen berbera: bere abdomen luzean bi marra ilun ditu goitik behera. Emeek 200 edo 300 bat arrautza jartzen dituzte.
Armiarma honen sarea orbikularra da, hau da, sistema erradiala du, espirala, erdian erdigunetik kanpora doan arrasto zuri bat eraikitzen du, baina ez dago garbi egitura horren zeregina –gaztelaniaz saskigilea ere deitzen zaio horregatik–. Sarea oso sendoa da, nahiz eta ordubetean egina izan, eta bertan itsatsita geratu daitezke bera baino handiagoak diren animaliak –burruntziak, matxinsalto handiak…–. Harrapakina hegan edo jauzi eginez ihes egiteko gauza ez denean, armiarmak geldiaraziko duen pozoia sartzen dio eta hariz bildu egingo du, geroago jateko, sartu dizkion entzimek bere ehunak eta organoak disolbatu eta gero.
Tigre armiarmaren hedapena planetan zabala da: Europako eremu handi batean bizi da, baita Afrikako iparraldean eta Asiako eremu zabal batean ere. Gainera, azken hamarkadetan asko zabaltzen ari dela antzeman da, Amerikan eta beste leku batzuetan ere azaldu baita. Ekaina inguruan hasten dute ugalketa, baina uztaila arte ez dira hainbeste nabarmentzen, eta urrira arte ikusi daitezke. Armiarma hauek sarritan multzo handitan ikus ditzakegu, hori bai, bakoitza bere sarean, baina bata bestearengandik gertu, lehiatzeari ere ez baitiote beldurrik. Eraginkortasunaren seinale.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545