Sumendi gune okupatua. Gasteiz. 2023ko ekainaren 29an. 9:00ak dira eta lehenengo partaideak ailegatzen hasiak dira. UEUko kideak, antolatzaileak, eta gertuko laguntzaileak dagoeneko espazioa txukuntzen gabiltza. Berehala egiten dugu espazioa gure, edo espazioak gu bere; erraza egiten zaigu bertan mimetizatzea, eta berriketaren epelean berotzen goaz.
Ekologia bada "etxearen tratatua" edo "bizi den espazioaren logika", eta etxea "lurra-lurralde-etxea" hirukotera zabaltzen badugu, ekofeminismoa etxe zabal honetan gertatzen diren (botere)harremanez mintzo zaigu, baita harreman horietan bizitzak eta biziak duten tokiaz ere; horrela eman digu Isabel Dominga Hernándezek ekofeminismoaren definizio zuzen, erraz, ulergarri eta lurtarra.
Eta nola gauzatzen da eta gauzatu da gurean, Euskal Herrian? Marta Luxánek Itoitzen kontrako borrokara eraman gaitu eta proiektu handi horren kontrako ekintza ez-mistoen berri eman digu. Hasiak gara ekofeminismoek Euskal Herrian izan dituzten ibilbideak marrazten eta genealogia posibleak irudikatzen.
Lehenengo bi hitz-hartze horietatik aurrera, bideak eta gaiak biderkatzen doaz, nahiz zenbait elementu errepikakorki agertzen zaizkigun. Nagusienetako bat, landa-eremuaren zentralitatea etorkizun ekofeminista baterako; landa eremua ustiatzeko gunea izan ordez bizitzaren erdigune bilakatzeko. Mugak, Euskal Herriko iparralde eta hegoaldearen arteko (ez)harremanak, feminismoak zer irakatsi dakiokeen ekologismoari, eta ekologismoak feminismoari, eta Hegoalde Global eta Iparralde Globalaren arteko mugak eta botere-harremanak. Eta hizkuntza? "Euskarak hizkuntza nazionala behar du" diosku Isabelek. Energia, aurreko guztiari buruz mintzo zaiguna: "Baliabide fosilen agortzeak kezkatzen gaituen bezainbeste kezkatu bagintu energia-merkatuaren atzean dauden pertsona- eta lurralde-ustiapenak", interpelatzen gaitu Estitxu Villamorrek. Eta hiria? Miren Vivesek etorkizunean nahi dugun hiria irudikatzeko ariketa egitera gonbidatu gaitu, gaur irudikatzera ze gertaera emango liratekeen hiri horretan, nola mugitzen garen, norekin mintzatzen gara kalera jaisterakoan, etxepean....
Osagaiak lehenagotik identifikatuta genituela ohartzen gara. Edonola, ekofeminismoa ez dago sendoki egituratuta gurean. Gutako gutxi sentitzen da horren parte, are gutxiago zilegi horretaz hitz egiteko. Baina denok badugu horrekiko kezka eta grina, eta gure hitz guztiek badute asko aritzetik, harilkatzetik, hausnarketatik, konpromisotik, eraldaketa gogotik. Aukera anitzeko puzzlea konposatzen hasi gara, kolektiboki. Eta osagaiak konfiantzaren eta grinaren berotasunean konpostatzen hasi gara dagoeneko.
Balorazioei eta nahiei eskaini diegun tartean, airean "espazio" hitza nabarmendu da. Espazio fisikoa. Edo denboran tarte bat. Edo espazio kolektibo bat. Talde bat. Topaketa bat. Airetik lurrera, uztailaren amaieran Iraultza Txikien Akanpadan berriz elkartzeko eta konpos(t)atzen jarraitzeko espazio-aukera dugu. Osagaiei berriz buelta eman, aireztatu, nahastu, eta eraldatzen jarraitzeko.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545