Asteroko buletina
Umeak negarra eta artoak bedarra

“Ebaki eta bota” teknika

Baso naturaletan estratu eta funtzio ezberdinak betetzen dituzten espezieak aurkitzen ditugu. Batzuek gaina hartuko dute, eta mende ugari bertan igaroko dituzte. Beste batzuek lehen urratsak emango dituzte, baso-kideengatik sakrifikatuko dira eta beraien gorpu ustelak sistemari eskainiko dizkiote. Sakrifizio espezie hauek basoa bultzatzen dute, lurraren egitura hobetzen dute, beste zuhaitzak elikatzen dituzte eta hazi berriak laguntzen dituzte.

Iñigo Arruabarrena
Iñigo Arruabarrena

Haziberriak proiektuko permakultura diseinatzailea.


2024ko ekainaren 24a
Baso naturaletan badira gazterik hiltzen diren zuhaitzak eta beraien gorpu ustelek basoa aurrera ateratzen laguntzen dute eta lurraren egitura hobetzen dute. \"Ebaki eta bota\" teknikak ideia hori aplikatzen du landatutako basoetan. Argazkia: porvenirdesign.com

Ideia hau geure eginez, landatutako baso batean ere helburu berbera duten espezieak landatu ditzakegu. Hauek, kasu gehienetan, ekoizpen espezieen azpietan edo tarteetan joango dira, hutsuneak betetzeko eta eguzki izpiak aprobetxatzeko. Baso jangarrietako sakrifizio espezieen helburua ez da desagertzea, ahalik eta denbora gehien irautea baizik, urtetan zehar ekosistemaren osotasunari beharrezko zerbitzu bat eskainita. Horregatik, organismo hauek mozten edo kimatzen ditugunean zentzu batez egingo dugu, guztiz hil gabe, kimaketa garaia eta ekintzaren bortizkeria zainduta.

Garaiari erreparatuta, udaberria eta udazkena izan ohi dira aproposenak, euria zein tenperatura egokiak direnean. Uda siku eta beroegia izan ohi da zabaltzen diren zaurientzako, negua, berriz, umel eta hotzegia. Udaberrian kimatzen bada, hostoa guztiz garatzen denean egin behar da eta udazkena aukeratzen bada, hostoa guztiz desagertu baino lehen ekin behar zaio. Udazkeneko kimaketak zuhaitz edo zuhaixkaren tamaina kontrolatzen lagunduko du, datorren urteko xurgatzaileak gutxiagotuta.

"Moztu eta bota" teknika ezartzeko berragertze maila altua duen edozein landare, zuhaitz edo zuhaixka erabili daiteke. Belarretan ezagunena zolda-belarra izaten da, oso erraz hedatzen dena: biomasa ikaragarria sortzen duelako eta bere zuztar luzeekin arroka amaren elikagai ugari azaleratzen dituelako.

Zuhaixketan olibo-zumea da erregina. Berragertze gaitasun ikaragarria dute Eleagnus familiakoek eta nitrogenoz betetako biomasa kantitate itzelak eskaintzen dituzte. Nitrogeno finkatzaileak izateaz gain, erle eta zomorroak erakartzen dituzte beraien loreek eta emandako fruituek txoriak elikatzen.

Zuhaitzen kasuan lizarra da helburu honekin erabili daitekeen bertako zuhaitz bat, berragertze maila paregabea izateaz gain abereei bazkatzeko eskaini ahal zaielako. Eukaliptoa ere erabili genezake, berragertze izugarria eta hazkuntza oso bizkorra dituelako. Behin basoa ezarrita dagoenean eukalipto zuhaitza desagerrarazi nahi badugu, urte batzuez gainean egon beharko dugu, hosto bakar bat garatzen utzi gabe.

Polemikoa badirudi ere, basoek ez dituzte atzerrikoak baztertzen, aniztasuna integratzen dute, bertako egiten. Agian, basoa gehiago bizi behar dugu eta berarengandik zer edo zer ikasi. 

Porrotak, ikasketak, baso jangarriak
2024-04-14 | Iñigo Arruabarrena
Bidaia hau hasi nuenean, ikuspuntu erromantikoz imajinatzen nituen baso jangarriak: zuhaitz artean ibili, fruitu goxoak dastatu, loreak usaindu... baina baso jangarriek badituzte arantza ugari ere,... (+)
Baso jangarria mantentzeko gida
2024-02-12 | Iñigo Arruabarrena
Baso jangarria bizi beharreko basoa da, elkarrizketa bat sortuz, hartu-eman bat. Elkarrizketa horretan, ekintza zehatz batzuk burutzen dira eta basoaren erantzuna jasotzen da bueltan. (+)
Zabalik da izen-ematea Aleko nekazaritza test espazio berrian
2023-12-27 | Iñigo Arruabarrena
Jakin badakigu nekazaritza zein abeltzaintza sektoreak zahartuta daudela. Datuek diote ustiaketen jabe diren gizon eta emakumeak erretiratzen direnean ordezkorik ez dutela izango, are gutxiago gazteak.... (+)
Sintropia ezagutu nuen eguna
2023-09-25 | Iñigo Arruabarrena
Gogoratzen dut nola goiz hartan ez nintzen konbentzimentu handiz jaiki. Gogotsu bai, edozer gauza ikasteak nire barne ingeniaritza itzartzen duelako, baina esperantza gutxiz kontzeptu hark... (+)
Milaka urtedun kontzeptu berria, baso jangarria
2023-08-28 | Iñigo Arruabarrena
Munduko herri guztietan ematen dira lekuko klima eta kulturari lotutako ekosistema agroforestalak. Ez bakarrik haien konstantzia marraztu edo idatzia dugulako, baizik eta bizirik dirautelako gaur... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora