Asteroko buletina
Edozein belar pila ez da meta

Sintropia ezagutu nuen eguna

Gogoratzen dut nola goiz hartan ez nintzen konbentzimentu handiz jaiki. Gogotsu bai, edozer gauza ikasteak nire barne ingeniaritza itzartzen duelako, baina esperantza gutxiz kontzeptu hark nire ikuspegia zer edo zertan aldatuko zuen: nekazaritza sintropikoa.

Iñigo Arruabarrena
Iñigo Arruabarrena

Haziberriak proiektuko permakultura diseinatzailea.


2023ko irailaren 25a
Ernest Gostch nekazaritza sintropikoaz ikastaroa ematen. Argazkia: Rafaela Rocha / CC-BY-NC-SA 2.0

Ikastaroa egin eta hurrengo egunera kontua guztiz aldatu zen. Aurreko eguneko kontzeptuak behin eta berriz berrikusiz, konturatu nintzen sintropiaren indarraz, nire buru gogorra hautsiz.

Nekazaritza sintropikoa Ernest Gostchek garatu izan du bere bizitza guztian, Bahian, Brasilen. Naturaren maitale sutsu, Gostchek sakonetik ulertu du ekosistemen funtzionamendua eta haiekin lan egiteko gaitasuna garatu, osotasunaren onura bilatuz. Gaur egun ere horretan dihardu fruitu ugari era oso oparoan ekoiztuz,  kakaoa eta kafea adibidez.

Sintropia ekosistemak sortzean datza, gizakia kudeatzaile huts bihurtuz, ikusle, bidelagun. Ekosistema horren parte bihurtzean bertako oparotasunaren onura jasotzen dugu, gu ere oparo bihurtuz. Sintropiak ez du ez ximaurrik ez agrotoxikorik erabiltzen, oreka bilatzen du (baita aurkitu ere) bertako baliabideak erabilita. Kontzeptu horrek naturari berari uzten dio adierazten, eta gu ingurunearen parte berdinzale bihurtzera gonbidatzen gaitu.

Ikastaro egun hartan (Ametxen, Gordexolan), azalpen teoriko labur baten ondoren, 14 x 0,8 metroko bankal bakar bat erein eta landatzen hasi ginen, eta nire buru gogorrak berriro eztanda egin zuen. Hain espazio txiki horretan milaka hazi erein genituen, hamarnaka zuhaitz landatu eta 100 adaxkatik gora lurrean txertatu. Dentsitatea izugarri handia zen eta hura ikusteak benetan urduritu ninduen. Nola demontre garatuko dira osasuntsu landareak bertan? Eta konpetentzia? Landaketa markoa?...

Egun bat eta youtube saio luze bat pasatu behar izan nituen teknika horren balioaz jabetzeko. Azkenean ulertu nuen, dentsitate izugarri horrekin naturari aukerak ematen dizkiozula, adierazteko aukerak, nekazariaren kontrol beharra uxatuz. Baliabide horien kudaketa da gakoa, estratu ezberdinekin jolastea, garai ezberdinetan kimaketa handiak behin eta berriz burutzea.

Ekosistema sintropiko bat instalatzean kontutan izan behar duzun gauza garrantsitsuena da bilatzen duzun klimax baso ideala deiseinatzea: ze espezie nahi dituzun bertan luzaroan geratzea eta ze fruitu nahi izango dituzun batu etorkizunean. Hori kontuan hartuta, espezie ezberdinak gora etorri ahala, adarrak kimatzen eta kontrolatzen goaz, eta kimatze horren ondorioz bakteria eta hormona bonba inguruan askatzen da, mikrobiologia sustatuz. Hor dago koxka, sistemaren dinamismoa bizkortzea, ekosistema guztia helburura gidatuz.

Kimatzea denbora eta espazio tarte ezberdinetan burutzen da (1,3,6,12... hilabete) eta horren arabera erein edo landaketa egiten da. Edozein landare edo zuhaitz erabil genezake, inguruan dituzun edo bikoizten errazak egiten zaizkizun horiek adibidez. Gordexolako egun hartan bankalaren erdian bilatzen genuen klimax basoa (melokotoi eta ahuakateondoak) landatu genuen, sostengu espezieez inguratuta (eukalipto, sahats, lizar...). Erdigunetik kanporantza mugituz porte txikiagoko zuhaixka eta landareak  erabili genituen (izpilikua, erromeroa, agapantus, eskuzuria, zerba, orburua...), bankalean denbora gutxiago emango dutelako. Azkenik, bankalaren ertz-ertzean, ziklo oso motzeko landareak erein genituen (errefautxo, mostaza, ilar, letxuga...).

Aurrekoa irakurrita burua lehertzen zait gaur egun ere, ikasitako guztiaren kontra doalako. Baina horretan datza nekazaritza sintropikoa, markoak apurtzean.

"Ebaki eta bota" teknika
2024-06-24 | Iñigo Arruabarrena
Baso naturaletan estratu eta funtzio ezberdinak betetzen dituzten espezieak aurkitzen ditugu. Batzuek gaina hartuko dute, eta mende ugari bertan igaroko dituzte. Beste batzuek lehen urratsak... (+)
Porrotak, ikasketak, baso jangarriak
2024-04-14 | Iñigo Arruabarrena
Bidaia hau hasi nuenean, ikuspuntu erromantikoz imajinatzen nituen baso jangarriak: zuhaitz artean ibili, fruitu goxoak dastatu, loreak usaindu... baina baso jangarriek badituzte arantza ugari ere,... (+)
Baso jangarria mantentzeko gida
2024-02-12 | Iñigo Arruabarrena
Baso jangarria bizi beharreko basoa da, elkarrizketa bat sortuz, hartu-eman bat. Elkarrizketa horretan, ekintza zehatz batzuk burutzen dira eta basoaren erantzuna jasotzen da bueltan. (+)
Zabalik da izen-ematea Aleko nekazaritza test espazio berrian
2023-12-27 | Iñigo Arruabarrena
Jakin badakigu nekazaritza zein abeltzaintza sektoreak zahartuta daudela. Datuek diote ustiaketen jabe diren gizon eta emakumeak erretiratzen direnean ordezkorik ez dutela izango, are gutxiago gazteak.... (+)
Milaka urtedun kontzeptu berria, baso jangarria
2023-08-28 | Iñigo Arruabarrena
Munduko herri guztietan ematen dira lekuko klima eta kulturari lotutako ekosistema agroforestalak. Ez bakarrik haien konstantzia marraztu edo idatzia dugulako, baizik eta bizirik dirautelako gaur... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora