Elurretan jaio eta izotzetan bataiatu

Defentsa guztiak ez dira onak

Mendebaldean kirikiño, erdialdean triku, eta ekialdean sagarroi. Euskal Herri osoan aurki dezakegun animalia sinpatikoa. Ugaztun txiki hau oso ezaguna da gure artean, baita maitatua ere.

Egoitz Alkorta Miranda
Egoitz Alkorta Miranda

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2023ko urriaren 23a
Ander Izagirre Egaña / Copyright
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
Trikua (Erinaceus europaeus)

Taldea: Ornoduna / Ugaztuna

Neurria: 30 cm inguru, 1 kgr.

Non bizi da? Baso, belaze, baratze eta hiriguneetako parkeetan.

Zer jaten du? Ornogabeak.

Babes maila: Ez dago babestua.

(Argazkia: Ander Izagirre Egaña / Copyright)

Bizkarraldea eta alboak arantza zorrotzez babestuta ditu, armadura bailitzan. Arantza horiek hutsik dauden ileak dira, keratinaz beteak, eta horrek ematen die zurruntasuna. Keratina gure azalean, ilean eta azazkaletan ere badagoen proteina da. Aurpegian eta sabelaldean, aldiz, ez du horrelako babesik, eta kolore arrexka da nagusi. Hiruki formako burua du, belarri txiki borobilduak eta muturra zorrotza, baina oso malgua. Nagusiki gautarra izanik, begiak txiki samarrak ditu eta ikusmenak garrantzi txikia du jatekoa bilatzerakoan. Usaimen ikaragarria du ordea eta entzumena ere, ona.

Baso, belaze, baratze eta zuhaixkaz osaturiko guneak ditu gustuko, baina ez da arraroa izaten lorategi eta hiriguneetako parkeetan ere aurkitzea. Inguru horietan aurkitzen ditu jateko hain gustuko dituen intsektuak, zizareak, karakolak... zomorrojale porrokatua baita trikua. Labezomorrojale amorratua ere bada, eta baserrietan sukaldean sartzen omen zuten, bazterrak garbitzera. Intxaurrak, hurrak eta gaztainak ere jango ditu udazkenean gizentzeko, negua lozorroan pasatzen baitu.

Animalia maitatua izan arren, jaki estimatua ere bazen, oso gozoa izaki. Trikuari beraz, ez zaio beti ongi atera gizakiaren ondora arrimatzea. Gaur egun, ordea, ez da ehizatzen edo etxean edukitzen, debekatuta baitago, eta bere etsai naturalen artean daude zapelatza, hontza handia, ipurtatsa, lepazuria, azkonarra, basurdea eta azeria. Azken horrek pixa egiten omen dio! Antza, azeriaren pixak usain fuertea duenez, trikua bilduta egotetik zabaldu egiten da eta orduan heltzen dio azeriak.

Ez da animalia azkarra, baina naturak defentsa oso eraginkorra eman dio. Bere burua arriskuan ikusten duenean, burua eta atzeko hankak barrurantza bildu eta guztiz kiribiltzen da milaka arantza kanpora begira dituela, jostorratzak bailiran. Arantza zorrotzez beteriko “pilota” hori, ezinezko mokadu bilakatzen da animalia askorentzat. Trikua bakean utzi eta alde egiten dute.

Hala ere, trikuak badu etsai benetan gogor bat: autoak. Bizirik ikustea baino, askoz ohikoagoa da trikua errepidean zapalduta hilik aurkitzea (udaberri eta udan, batez ere). Bere bizilekua zatitu izanak gauez errepideak gurutzatzera behartzen ditu. Asfalto gainean, autoaren argiak ziztu bizian gerturatzen ikustean, trikuak bere defentsa mekanismoa martxan jartzen du azkar batean. Bil-bil egiten da. Gomazko gurpil indartsu eta kupidagabeen aurrean ordea, ez du balio. Defentsa trikimailu ezin hobea, tranpa hilgarri bilakatzen da trikuarentzat berarentzat.

Animalia asko hiltzen dira errepideetan urtero. Ehunka, milaka, milioika. Arazoa oso larria da. Bigarren mailako eta landa eremuetako errepideetan abiadura egokian gidatuta, heriotza horietako asko saihestu daitezke. Gure ardura da. Triku sinpatikoak eskertuko digu.

Euskal Herriko tigreak
Duela gutxiko kontua da. Iberiar katamotza (Lynx pardinus), mundu mailako felino espezie mehatxatuenetarikoa, “galtzeko arriskuan” egotetik “kaltebera” kategoriara igaro da IUCNren Espezie Mehatxatuen Zerrenda Gorrian.... (+)
Euskal Herriko Perez sagutxoa
Saguzarrek Chiroptera taldea osatzen dute. “Cheir” eskua, “pteron” hegala, antzinako grezieran. Beraz, eskuetan hegalak. Hegan egin dezakeen ugaztun bakarra izanik, airea konkistatu eta sekulako arrakasta... (+)
Mundu mailako lapurra
Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti... (+)
Basoa berritzen duen langilea
Urtxintxa, burtxintxa, ürtxaintxa, kataburtxintxa, katakutxintxa, katagorria, kattagorria, katamixarra, katamixerra, mixerra... Zenbat izen karraskari arborikola polit honentzat. Izan ere, nork ez du ba ezagutzen katagorria? Bereziki... (+)
Kalte baino onura gehiago
Euskal Herrian bi sator espezie ditugu, sator itsu iberiarra (Talpa occidentalis), hedapena Bizkaia eta Araba mendebaldera mugaturik duena, eta Akitaniako satorra (Talpa aquitania), zabalduena eta... (+)
gora