Azak eta porruak eroan ditu neguak.

Dastatu gabe, amesgaiztotan murgiltzerik ez

Itxi ditzagun begiak, eta murgildu gaitezen gure kostaldeko itsaspeko belardietan. Bai, larreak ez baitira soilik mendietan ageri. Badira ahuntz-arrainak eta itsas-behiak, lehorreko animaliokin alderatuta izenetik harago antzekotasun gutxi dituztenak. Itsas-ardien izenik hartu duen arrainik ordea ez da gure hiztegian ageri. Baina, halakorik inoiz izatekotan, arrain belarjaleren batek behar luke. Idatzitako hiztegiaz gain, ahozko ondareak ere altxor batzuk gordetzen ditu.

Eneko Bachiller Otamendi
Eneko Bachiller Otamendi

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2023ko urriaren 16a
Argazkia: Eneko Bachiller Otamendi / CC-BY-SA
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
Sabia (Sarpa salpa)

Taldea: Ornoduna / Arraina

Neurria: 30-55 cm.

Non bizi da? Ugal garaitzat dituen udaberri eta udazkenean, kostatik hurbil eta sakonera txikitan (30 m). Bestela, itsaso zabalean, sakonera handiagoetan, sarda handiagoetan.

Zer jaten du? Estadio goiztiarretan planktona, jubenilek krustazeoak, eta helduek algak.

Babes maila: Ez dago babestua.

Euskal kostaldeko herri batzuetan, Hondarribian kasu, "salbia" deituriko alga bat aski ezaguna izan da, belaunadiz belaunaldi. Bada, alga hori jaten duen arrainari, "salbia-arrain" deitu izan zaio, "salbia" edo "sabiya" Getarian, eta "sabai" Bizkaian; mendebalderago, sinpleki, "bedarjale". Zenbat izen, arrain bera izendatzeko. Ez zen hain ezezaguna izango bere garaian, halako terminologia aberatsa badu.

Lau mende atzerago, Iberiar Penintsulako hegoaldeko testuetan "arrain ameslari" modura itzuliko litzatekeen arrain bat aipatzen da: "salema". Gaztelaniaz oraindik ere hala ezagutzen da, edo gure hizkuntzatik hurbilago kokatzen den "salpa", "sopa" edo "saboga" modura. Ameslaria ordea, ez omen da arraina, haren haragia dastatzen duen pertsona baizik. Maroko ingurutik datorren kondairaren arabera, ametsak ez omen ziren, gainera, hain gustukoak. Erromatarrek droga modura ere erabili zuten, antza; beste batzuen arabera, sendagai modura ere bai. Kondaira edo sinesmen, arrain hori ez da oharkabean igaro. Mendeak eta itsasoak zeharkatu eta gure arrantzaleen ahotara heldu da. Baina, zer dago horren guztiaren atzean? Bada, zientziari erreparatuz, hainbat gauza azaltzeko erantzunen bat edo beste topatu dezakegu.

Arrain horrek gaztetan krustazeo txikiak jaten baditu ere, helduak barazkijale bilakatzen dira. Bereziki Mediterraneo aldean, sabiaren dietaren parte diren alga espezie batzuen hostoetan (Caulerpa spp., besteak beste) toxina alkaloide batzuk topatu daitezke, eta sabiak hauek irentsitakoan, kasuren batean gerta liteke haragian, bereziki gibel eta buruan, haiek metatu izana; horrek kontsumitzailean eraginik duen, ez dago hain argi. Hori gutxi balitz (irakurlea lasaitu dadin), gure inguruan sabiak jaten duen alga itsasoko letxuga edo uraza da (Ulva lactuca), gastronomian gero eta erabiliagoa dena. Adierazgarria omen da, era berean, arraina arrantzatu eta berehala erraiak hustu ezean, horrek igortzen duen usain txarra, urdailean pilatutako algen liseriketaren ondorio. Arraina harrapatu bezain laster ongi garbituz gero ordea, hainbat sukaldariren esanetan, esparidoen artean (urraburua, muxarra, bisigua eta abar) goraipatzeko moduko zaporea omen du.

Ni behintzat arraindegian ongi begiratzera noa, sabia hain ohikoa ez den arren, topatzekotan, ez baita arrain garestia. Zilar koloreko gorputz obalatua, begi txikiak, eta lerro longitudinal horixkak ditu, gorputz osoa zeharkatzen diotenak. Gure herrian, Iparraldean gehiago ezagutzen da. Sukaldean prestatzeko modu asko egongo dira noski, baina modu batera edo bestera eginda ere, argi dut bazkal ostean siesta egiteko aukera ez dudala baztertuko. Askok dastatuko zuten jada, baina horren ostean amesgaiztorik izan badute, egundo inork ez du halakorik aitortu.

Itsasoan katua marrazo
Gure hondartzak marrazoz beterik daude. Igerilariak lasai egon, kostaldean 100-200 metroko sakoneran ditugun hondartza zabalez ari bainaiz. Bertan bizi da Atlantikoko marrazo ugariena eta txikiena. (+)
Kutixi edo mokadu, guztion ahotarako
Antxoa, bokarta edo albokartia, gure arrain komertzialen artean txikiena, euskal kostaldera hurbildu da. (+)
Bagera, gu ere bai, gu beti pozez... angulak ez hainbeste
Duela 180 milioi urte Pangea kontinentea zatitu zenerako ikasia zuen aingirak Thetis itsasoa zeharkatzen. Ordudanik kontinenteak mugituz joan dira, eta aingira espezieak ezberdinduz. Jatorrizko arbaso... (+)
Buruan urrea, gehiena akuikulturan ordea
Badira hainbat espezie arrandegietan beti egotera derrigortuak diruditenak. Haien arteko arrain batek dirdira berezia du, urrezko koroarekin begiratzen baikaitu: urraburuak (gazteleraz ere, ezaugarri berari men... (+)
Mugarik gabe, baina ez mugagabe
         Sardina bat... bi sardina... topatu ziren... Atlantikoan, Mediterraneoan, Indikoan, Pazifikoan… Gauez bada, 25-55 metroko sakoneran; egunez sakonago, 100 metrorainokoan, harrapariengandik babesteko. (+)
gora