Apirila fan ta maiatza gero, ganbarein baztarrian agotza bego.

Dabilen zuhaitza

Zerk bereizten ditu landareak? Landareek hiru ezaugarri dituzte nahitaezko. Gehiago ere badituzte, noski, baina hiru horiek gabe ez dira landare. Lehena, bere burua elikatzeko behar duten energia ia dena berez sortzen dutela: hostoetan, adarretan, zurtoinean... berde dituzten zati guztietan fotosintesia egiten dute, hau da, argiaren energiarekin janaria sortu. Landarea, benetako landarea guk ikusten ez duguna da, lurpekoa, eta lurrazalean gora agertzen dena eguzki energia baliatzeko eguzki-panelak dira, hostoak, eta ugaltzeko haziak. Berde beharrean beste kolore batzuetako landareak ere badira: gorri, hori, laranja eta abar. Berdearenean klorofilak bideratuko du lan hori eta beste koloreetakoetan dagokion pigmentuak: antozianina (gorria edo urdinxka), karotenoa (laranja), xantofila (horia)…

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2023ko irailaren 11
Ekuadorren bada mugitu egiten den palmondo bat, Socratea Exorrhiza.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Landareen bigarren ezaugarri nabarmenena da bizi diren artean nahitaez hazi egin behar izatea. Bizitza motza izan daiteke, egun gutxi batzutakoa, edo luzea, milaka urtekoa, bada bizitza osoan handitu egingo da. Hazteak izerdia gora eta behera eramateko tutu berriak sortzea dakar, bizitzari heltzeko behar-beharrezkoak. Hazteari uzten dionean hil egingo da. Hori ere animaliokiko begitango aldea da. Eskerrak gure hazkundeak muga daukan…

Hirugarren adierazlea ez mugitzea da. Landareak ez dira mugitzen. Gaur egun esaera hori zalantzan jarria da, esaten da mugitzea ez dela toki batetik bestera joatea soilik, eta landareek, noski, bestelako mugimendu ugari egiten dute: kiribildu, hostoak alde batetik bestera okertu eta abar. Toki batetik bestera ez mugitzeak bere alde txarrak baditu: egarri denean, bero denean, izotza ari duenean, gose denean, eguzkiak erre egiten duenean, sua datorrenean... gertatzen dena gertatzen dela han egon behar, egonlandarearen egonarria, zintasuna. Guk animaliok ez dugu, ezta gutxiagorik ere, pairakortasun horren antzik. Bertan eutsi eta datorkion guztia nozitu eta ahal den ondoena eraman behar horrek landareak jakintsu egin ditu. Gure aldean milioika urte gehiago bizi izanak ere azkarrago egin ditu. Hasteko lurpeko landarea, benetako landarea ederki garatu eta egokituko dute bere premien asetzera; orokorrean esan ohi da ikusten duguna baino ikusten ez duguna gutxienez bost aldiz handiagoa dela, baina ehun aldiz handiagoa ere izan daiteke. Eta liburu oso bat osatzeko adina trikimailu sortu, ondu, findu, doitu eta zorroztu dituzte: belaunaldiz belaunaldi benetako etengabeko hobekuntza da. Gaur bertan ere horretantxe ari dira inguruan dituzun milioika landareak, denak.

Bada bat bada toki batean bizitzera, egotera errenditzen ez dena. Ezin geldirik egon! Ekuadorren bada mugitu egiten den palmondo bat, Socratea exorrhiza. Palmondo ibiltaria esaten diote. Lur gainean enborrean gora sortzen ditu sustraiak, exorrhiza izenak horixe dio. Sustraiok zango-luzeak dira eta bermatze puntuak ematen dizkiote landareari. Harantz edo honantz haz dadin, janari, argi eta nahi duenaren bila. Gure moduan.

Arbolaren agoniaren distira
2026-07-20 | Jakoba Errekondo
Zisneak hiltzerakoan bere kantua erredoblatzen du”, itzuli zuen Aita Villasantek Axularren 1643ko Gero liburuaren 1964ko bertsioan. Ez dakit nola adieraziko zuketen ez batak ez besteak,... (+)
Beroari beroarena ezin kendu
2026-07-13 | Jakoba Errekondo
Zuhaitzak ere erretzen ari dira aurten. Bero latzak egin ditu ekainean, izugarriak. Eta hilaren amaierarako azaldu dira erremediorik gabeko hondamendiak: belazeak hori eta landare asko... (+)
Uztailean hurrengo uzta
2026-07-05 | Jakoba Errekondo
Uzta nagusia biltzen zen uztailean, hilabete horri izen hori jarri ziotenean. Lurra lantzearen kultura ikasi genuenean nagusiki lantzen ziren mozkinak urte sasoi horretan jasotzen ziren,... (+)
Euskal Herriko Makaronesia
2026-06-28 | Jakoba Errekondo
Auzune ederrean bizi gara etxekoak. Beheko errioaren inguruko erriberetan bizi diren batzuek inbidia punttuarekin esaten didate, "zuek bai han goi hartan, baratzea egiteko toki ezin... (+)
Bihar ehun urte hasiko dira
2026-06-22 | Jakoba Errekondo
Honela esaten zuen aspaldi ezagutu nuen eta beti erakusteko prest zen gizon jakintsu batek: “Bihar ehun urte hasiko dira”. Gauzak soseguz hartu eta edozertarako beta... (+)
gora