Martxoaren erdin, gaua eta eguna berdin.

Bertan bertan... erlesemeari

Maiatzak 4 zituen, larunbatarekin. Ez zen giro bereziki beroa, baina bai, hotzik ez behintzat. Halako batean burrunda, burrunda galanta, aspaldi entzun gabekoa. Hor azaltzen da etxeko atarian erle pila, milaka erle hegan, hegada sinkronizatu dotorean, dunbots batean. Erlesemea.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko maiatzaren 27a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Gure etxetik bertan ez, baina urrutira gabe dute erlategia edo erle-establia Matteo eta Amaiur ilobek. Hango eultzeren batetik aterako zen erlesemea. Erlea edo erle-herria edo erle-mulkoa edo erle-taboa indarrean dago eultzean edo kofoinean edo erletxean edo erle-habian eta udaberriaren onenean erlama edo erlaita gazte berri baten hanketan eta hortzetan utzi hagintea eta ordura arteko erlama “zaharra” alde egiteko prestatzen da, milaka laguneko erle-tropa hartu eta beste toki bat kolonizatzera abiatzen da. “Erlama” eta “erlaita”, biak esaten zaizkio inguruko kulturetan “erregina” esaten diotenari. Hortik ote badoanari “erlesemea” esatea? Aita edo amatik, semea. Erlamari “erlegida” ere esaten zaio, egunen batean erle-herria gidatu beharko baitu, eta ondoren erlesemea.

Ahotsak.eus izugarrian, Urnietako Goiburu auzoko Legarralde baserriko Miel Arrieta Bideburuk ederki asko azaltzen du: baserrian maiorazgoa geratzen da eta gainontzeko ahizpa-anaiek nora-hara hanka egin behar dute. Ba erleak ere bai; baina erleetan ez da zaharrena geratzen, gaztea baizik eta zaharrak eultze-zuloko bidea hartu eta alde, milaka jarraitzailerekin batera.

Erlesemea esateko era asko dugu: erle-ume, erlekume, erle-tropa, erlebatza, erladi, erledi, erletze, erle-talde eta erle-pilo behinik bai. Bere burrundek lagun askoren maiatza asko aztoratu dituzten adierazle, erleak gurean izan duen alimaleko garrantziaren seinale. Garai batean erleak etxekoak ziren, etxean bizi ziren, etxepean zen erletegia eta eultzeak ganbaran, hormetan eta abarretan izaten ziren. Erlea isurialde atlantikoko ekonomian nahitaezko azienda zen, garrantzitsuena: bera gabe sagardorik ez; mendiaren ondotik nekazaritzaren mozkin kontuzkoena eta handiena. Ezaguna da: etxekoren bat hilez gero erleak jakinaren gainean jartzen dira –hiletarako-eta argizaria behar, izan ere–. Urdaia ere beharko da senideak berdintzeko, baina txerriarengana ez da horrelako kontuekin joaten. Erlearengana bai, eta soilik berarengana; “lutoa jantzi” esaten zitzaion.  

Erle batek ematen duen erlesemea etxean ez geratzea galera handia da. Erlezaina edo erlezalea maiatzeko egun bero aproposetan azti dabil. Gurean iazko erleseme bat erle-txortan biltzen-biltzen eta sasiakazia batean geratu zen. Horrelakoetan erlezainak lastozko erle-potor konikoa edo zurezko erle-zorroa erabiltzen ditu, erlesemea bertara bildu eta eultze berri batean ezartzeko. Horrelakoetan ere erleari hitz egin behar zaiola dio aipatutako Miel Arrieta Bideburuk, biltzeko potorra edo zorroa hurbildu eta esan: “Bertan, bertan…”. Saldiasko Juanketengo Mariterexak, aldiz, dio legarra boteaz “behera Maria, behera Maria…”, esaten zitzaiola. Hitz bitan.

Aurten Matteok eta Amaiurrek ez dute lanik izan, etxepera etorri da erlesemea. Etxearen eguterako horma gainean, teilatu-erlaxean bada aspaldi erlategi basa izandako toki bat eta hauei ere horixe gustatu, eultze zuloa topatu dute, arakatu eta milaka erle barrura. Hau idazten ari naizen tokian, horma gainean, hemen dabiltza aurrera eta atzera etengabeko joan-etorrian; musika eta ikuskizuna.

Inguruko landare loredunak ere gustura izango dira, honezkero jabetu dira eultze berri bat osatzeko lan handitzarra hartu duen erle pila bat dabilela. Bejondeigula!

Iraultzak pobretzea dakar, motzarelo
2025-06-02 | Jakoba Errekondo
Golde” hitza “kultura” hitzetik dator. Etimologialaria ez naizenez, ez naiz, badaezpada, bidezidor horretan barrenduko, edozein sastraka edo lahardiren (Rubus fruticosus) erdian itotzeko ere… Inor edo... (+)
Sua lotzen duen lorea
2025-05-26 | Jakoba Errekondo
Egurra lorarazteko gai da. Egurra lore bihurtzen du, bai, izan zurgin, arotz, zur-langile, zur-lantzaile, maiasturu, benuzer edo menuzer, zur-apaintzaile, zur-egintzaile, zuharotz, zurgile, zurgin-neska edo zurgin-mutil... (+)
Pagotxa eta beste pagotxak
2025-05-19 | Jakoba Errekondo
A ze pagotxa!, esan ohi dugu. Pagotxa edo mauka edo txokoa edo mantxunga edo… onturre edo probetxu ona ateratzen zaion zerbaiti edo horren aukerari esaten... (+)
Baso bat da dolarea, baita sagardoa ere
2025-05-12 | Jakoba Errekondo
Aurten bai urtea da. Sagar urtea izango da aurtengo hau (Malus domestica). Eta baialdia behar bezala agurtu eta baliatzeko, besteak beste, dolareak gertatu beharko ditugu.  (+)
Hazi batetik mundu guztiak
2025-05-05 | Jakoba Errekondo
Lagun asko dut. Ezagutzen ditudanetatik hegalari jendea da mordoxka bat. Duela hiru bat urte, horietako baten bisita izan nuen; ez dut gogoan nor zen. Antxeta... (+)
gora