Astelehenero 8:00etan zure epostan
BiziLagunEkin desazkunde turistikoaren aldeko Donostiako plataformak ekainaren 15erako deitu du manifestazioa, Europa Hegoaldeko beste hainbat hiritako eragileek bezala. Turistifikazioa salatu eta hiri eredu alternatiboa aldarrikatuko dute.
Manifestazioa Europa hegoaldean turistifikazioaren aurrean dauden hirien SET sarearen deialdi bateratua da, eta hainbat lurraldetan egingo dituzte mobilizazioak, tartean Donostian. Desazkundearen aldeko SET sareak Bartzelonako topaketetan iragarri zuen manifestazioa, ARGIAko 2919. zenbakian aurreratu genuenez.
Honela laburbildu dute manifestazioaren zergatia 48 eragilek sinatutako testuan: “Turismo industria kontroletik kanpo dago eta mundu osoan lurraldeak, biztanleen bizitzak eta planeta neurri gabe ustiatzen eta hondatzen jarraitzen du”.
Donostiaren turistifikazioak etxebizitza larrialdian eragin zuzena daukala nabarmendu dute manifestazioaren deitzaileek. Larrialdi horren adierazle lirateke etxebizitza turistikoen ugaritzea edo bigarren etxeen kopuruaren gorakada. Instituzio publikoen jarduna salatu dute, askotan turismo industriaren eta higiezinen espekulatzaileen interesek gidatu dutela ziurtatuta.
Euskara eta ingurumena
Turistifikazioak ez du hiria eraldatzen fisikoki soilik, sinatzaileen esanetan: izaera kolektiboan, hizkuntzan eta kulturan kalte handiak sortzen ditu, eta hiriko zonalde turistifikatuenetan euskara "apaingarri hutsa" baino ez da. Kontrara, hizkuntza egunerokoan bizi behar dela nabarmendu dute.
Ingurumenari dagokionez, Donostiako inguruneak, mendiak, hondartzak eta bestelako espazio naturalak arriskuan jartzen direla salatu dute Donostiako eragileek. Garraiobide kutsakorren erabilera eta turismoaren mesedetarako azpiegitura mugatzea proposatu dute.
Hiriaren bihotza herritarrek osatzen duten komunitatea dela aldarrikatu dute, eta bizitza komunitarioa sustatzea eta hiri bizigarria eraikitzea ezinbestekotzat jo dute. Bide horretan, Donostiako herritarrei dei egin diete antolatzera eta hiri eredu alternatiboen alde borrokatzera.
Dozenaka atxikimendu
Donostiako Kontxako erlojuetatik abiatuko da manifestazioa ekainaren 15ean, 12:00etan.
Hauek dira manifestaziora atxiki diren eragileak: Alde Zaharreko Gazte Asanblada (AZGA), Alternatiba, Altza XXI Herri Ekimena, Amara Bai Udalgintza Lantaldea, Áncora, Añorga Txikitarrak Auzo Elkartea, Antikapitalistak, Belartza 2 Gelditu, CNT Gipuzkoa, Dendartean, Gipuzkoako Merkatari Elkarteen Bilkura, Donostiako Asanblada Transmarikabolloa, Donostiako Bilgune Feminista, Egia Bizirik Auzo Elkartea, Eguzki, EHGAM Gipuzkoa, Ekologistak Martxan Gipuzkoa, Erdian Bizi Auzo Elkartea, Ernai Donostia, ESK Sindikatua, Euskal Herrian Euskaraz Donostia, G.TAXI, Gipuzkoako Taxilari Autonomoen Elkartea, Haritzalde Naturzaleen Elkartea, Herria Kultur Elkartea, Herripe Auzo Elkartea, Hiritarron Harrera Sarea, Ikama Donostia, Ilunki Kultur Elkartea, Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkartea (IZBE), Intziri, Jauzi Ekosoziala, Kaleko Afari Solidarioak, LAB Sindikatua, Manteoko Bizilagunak, Martutene Bizirik, Morlanstarrak Auzo Elkartea, Mugarik Gabe, Ondare SS, Parkea Bizirik, Parte Zaharrean Bizi, Piztu Donostia, Sarroeta Auzo Elkartea, Satorralaia, SOS Manteo, STEILAS Sindikatua, Stop Desahucios Donostialdea, Txago Gipuzkoa, Uliako Auzo Elkartea, Uliako Lore Baratzak, Urumeako Bizilagunen Elkartea.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545