Asteroko buletina
Lurrak loreetan barre egiten du.

“Basoak” eta “kalteak”



2024ko ekainaren 07a

Hautsak harrotu ditu ezezagun talde batek Urola bailaran Kutxabanken monolaborantza baten aurka egindako ekintzak. Horren harira ENBE, ENBA eta GBEk (Gipuzkoako Basozale Elkarteak) prentsaurrekoa eskaini zuten. Gertaera gaitzetsi eta egileak zigortzea eskatu zuten.

Denboratxo bat pasata, baretasuna itzuli delakoan, gai horren inguruko hausnarketa batzuk plazaratu nahi nituzke.

Hasteko, esan beharra dago ez garela basoez hitz egiten ari. Baso Biziak mugimenduek edota Naturkon bezalako eragileen ikerketek azaldu dutenez, basoak beste zerbait dira; bizidunen komunitate bat, hainbat espezie eta adinetako landare (ez zuhaitzak bakarrik) bertan bizi diren animali mota ugari, onddo, bakterio eta abarrek osatua. Guztiek elkar erlazionaturik sistema ekologiko bat osatzen dute.

Landaketa industrialak, aldiz, espezie eta adin bakarreko zuhaitzez osatutako eremuak dira, non interes ekonomikoa duen espezie bakarrean jartzen den arreta guztia, eta sortzen diren beste guztiak mozten diren, konpetentziarik egin ez dezaten.  Esan beharrik ez dago bioaniztasunari dagokionez oso pobreak direla.

Gipuzkoa eta Bizkaian oso gutxi dugu lehenengotik, eta asko bigarrenetik. Hala, baso hitza ez da egoera egokian erabiltzen, eta horrek nahastura sortzen du gizartean. Ziurrenik nahita eragindako nahastura, gainera.

Asko harritzen nau (inozoa ni) sektorearen zati bat ordezkatzen duten bi euskal sindikatu lurjabe egurzaleekin bat egiten ikusteak. Hobe lukete (eta ez diet halakorik entzun) sektorean dabiltzan langileen lan baldintza gogorrak salatuko balituzte

Beraz, zuzenago litzake GBEk bere izena egokituko balu. Gipuzkoako Lurjabeen Elkartea izena hartuta, errazago ulertuko litzake oreka ekologikoaren aurretik etekinen bila dabilen jabegoa ordezkatzen dutela. Horien artean indar gehiena, nola ez, lurjabe handienek dutela eta kasu gehienetan lur horiek haiek lantzen ez dituztela (langile esplotatuek baizik) argiago ulertuko litzake horrela. Izan ere, behin interesa eman dioten zuhaitz espezie horiek bere hazkundera iritsitakoan guzti guztiak botako dira, arraseko mozketa bidez, eta lur zorua babesgabe utzi eta lur galera handiak sortu. Prozesu hori eta bioaniztasun galera ederki azaldu ditu Aranzadiko Arturo Elosegik plazaratutako ikerketak.

Lurra maite duenak ez dio tratu txarrik ematen, eta milaka urteetan sortutako lurzorua mantentzen eta handitzen ahaleginduko da. Alderantziz egiten du epe laburreko mozkinak nahi dituenak, bere eskuetara iritsi den ondasuna xahutu eta ondorengoei lur txirotua uzten die.

Bestalde, asko harritzen nau (inozoa ni) sektorearen zati bat ordezkatzen duten bi euskal sindikatu lurjabe egurzaleekin bat egiten ikusteak. Hobe lukete (eta ez diet halakorik entzun) sektorean dabiltzan langileen lan baldintza gogorrak salatuko balituzte, eta horien eskubideak defendatu. Ez al digute esaten ba, beraiek zaintzen dutela paisaia, natura eta finean bizitza sostengatzen dutela? Kasu honetan behintzat, kontrako jarduerak defendatzen ari dira, diruzalekeria txertatua daramaten jabe handiekin lerrokatuta.

Ustezko kalteei buruz, zera bururatu zait: ikusirik ustiaketa industrialak zer kalte sortzen ari diren gure mendietan, hobe dela landaketa mota horiek ahalik eta lasterren kendu eta mendez mende bertara egokitutako landaretza anitzarekin ordezkatzen badira, edo naturari bere berreskuratze lana bakean egiten uzten badiogu. Zenbat eta hektarea gehiagotan horrelako jarduerak egin, orduan eta errazago bermatuko da ondasun natural eta kolektiboaren iraupena, nahiz eta poltsiko bete batzuk kaltetu.

Ez al diogu ba interes orokorrari erreparatu behar? Bada, horretarako, lurra gaizki zaintzen duenari kendu egin beharko zaio.

Olatz Loinaz Lizaso, biologoa eta basozalea

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora