Prailea eta baratzea, eman gabe ez dago engainatzerik...

Baratxuria etxera eta porrua lurrera

Santixabel, baratxuria etxera eta porrua lurrera, garaiko lanen esaera. Iaz sasoi honetan landatutako porruen (Allium porrum) loreak bizi-bizi daude eta laster haziak jasoko ditugu, hurrengo urtean landatuko ditugunak sortzeko. Porruak bi urteko zikloa du; urte oso bat baino gehiago bere bizitza burutzeko. Ohiko zikloa da: otsailean erein, ekain amaieran edo uztailean landatu eta hurrengo urteko ekainean gara muturrean lore multzoa zabalduko du eta uztaila amaieran haziak helduta jasotzeko moduan izango dira. Denetara hemezortzi hilabeteko bizialdia.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2023ko uztailaren 10a
Baratxuri salmenta, 1966ko San Ferminetan. Argazkia: Rafael Sanz Lobato.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Bere senide baratxuriaren biziaroa motzagoa da, zortzi-bederatzi bat hilabetekoa. Udazkenaren amaieran ereindako-landatutako baratxuria (Allium sativum) orain jaso eta urte guztian gozatuko da. Erein edo landatu, zalantza modernoa da; berez baratxuriaren atala edo begia sartzen da lurrera hazi eta buru berria eman dezan. Ez da hazia ereiten dena, baina haziaren pareko lana egiten du begiak ere: lurpean sartu eta landare bat emango du. Patatarekin (Solanum tuberosum) gauza bera gertatzen da, “patata erein” eta “hazitarako patata” esaten dira. Hazia beharrean landare zati bat sartzen denez, landatu esan behar ote dugu? Ni “erein” esatearen aldekoa naiz, beti entzun izan dugun bezala. Hizkuntzalariek sartu beharko lukete hemen mingaina, baina “erein” hitzak adierazten duena hazien ereintza soila baino zabalagoa dela uste dut nik.

Orain da bai baratxuri uztaldia edo ereizioa. “Ereizio” ereingiroari edo ereintzari ere esaten zaiola jasoa dago (Izeta, Azkue…). Orain baina uzta jasotzea da, udazkenean erein ziren baratxurien buruak jasotzea. Baratxuria ondo burutzea nahi bada, neguko hotzak lurrean igaro behar ditu; hotzaldiak zailduta hobeto burutuko da. Azaro-abenduak dira garairik egokienak. Orain, egun luzeenetako beroarekin eta lehortearekin, hirunaka-launaka, hosto-zimak korapilatzen dira, energia apurrak beheko buruan bildu daitezen; egun batzuk geroago, lurretik atera, ondo lehortzen utzi, sustrai arteko lur arrastoak ondo garbitu, kordan txirikordatu eta zintzilik jarriko dira ondo haizeberritzen den toki fresko eta ilun batean. 

Bi barazkion familia osoak ezaugarri eder bat du: usaina. Tipularekin (Allium cepa) hirukote nagusia osatzen dute baina oso zabala da. Gogoan izan batez ere baratxuriaren eta tipularen usaina. Ba orain bilduko ditugun baratxuriek jateko bezala osagai usaintsu horiek dituela-eta baratzean intsektuak uxatzeko erabili ahalko ditugu. Hemen intsektuak uxatzeko bi formula. Lehena: txikitu bost baratxuri begi eta irakin litro erdi uretan 15 minutuz, iragazi eta erantsi 50 mililitro ozpin. Bigarrena: eduki bost begi 70º gradu edo gehiagoko 100 mililitro alkoholetan egun betez, erantsi litro erdi bat ur eta ihinztagailura. Eta fris-fris landareetako intsektu kaltegarriei. Erantsi biei xaboi ttantta bana, ahal bada potasikoa. Toki ilunean hilabete pare bat iraungo dute. Ahal bada erabili euri ura.

Gure baratzean sataginak etxean bezala dabiltza eta bihotzeko dalien (Dahlia pinnata) tuberkuluak oso-osorik jaten dituzte. Aurten dalia guztiak buelta osoan baratxuri begiz inguratuta erein ditut. Hurrengo udaberrian jakingo dugu sataginek baratxuria maite duten edo ez, eta nik daliak berriz ikusiko ote ditudan…

Txin-txinaren palma-zuhaitzak
2025-11-30 | Jakoba Errekondo
Nire inguruan maitale gutxi dituzte. Palma-zuhaitzek. Maitari edo amatzaile gutxi horiek zale sutsuak dira, bai horixe! Gehienek, ordea, kanpotartzat jo eta muturreko eskuindarrek immigranteak bezala... (+)
Loreak lorategietan eta pertsonak kaioletan
2025-11-24 | Jakoba Errekondo
Pertsonak kaiolatan sartuta ezagutu ditu gure espezieak. Duela ez asko, Europako estatu handiustekoek mundu osoan koloniak zituztenean, kolonizatutako lurralde horietako lurrak bereak balira bezala jarduten... (+)
Sexuaren premia
2025-11-16 | Jakoba Errekondo
Ni hibrido bat naiz. Zu ere bai. Baita hura ere. Den-denok gara hibridoak. Ikusten dituzun animalia eta landare guztiak. Landare bakan batzuk kenduta, denok ditugu... (+)
Kuia jendearen festak
2025-11-10 | Jakoba Errekondo
Kuia jendea esanda zer familia etortzen zaizu burura?  (+)
Erretxina, sendagai bikaina
2025-11-01 | Jakoba Errekondo
Gaztetan erraz erretxintzen nintzen; aspaldiko kontuak dira, ordea, horiek; behin batean erabaki nuen ez zuela inola ere merezi energia alferrik galtzea eta, harrezkero, lerdoak alde... (+)
gora