Landareek oxigenoa ematen digute, birikei eta arimari

Banilla lekatxoa

Totonaka kultura mexikarra da eta elezahar eder bat badute: banilla landarearena. Tzacopontziza (Goizeko Izarra) printzesaren odoletik jaio zen banilla, non eta Tonoacayohua (Uztaren Jainkosa) gurtzen zuten apaizek Zkatan-Oxga (Orein Gaztea) printzearekin harrapatu eta burua ebaki zieten tokian. Printzea zuhaixka indartsu bat bilakatu zen eta printzesa aihen edo liana hauskor eta samur bat, zuhaixkari goxo heldu eta bertan gora egin zuena. Aihen hori da banilla eta harrezkero totonakek banillari "caxixanath", lore ehizatua, esaten diote.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2023ko azaroaren 06a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Egia da, banilla aihen igokari batek ematen du, orkideo igokari batek (Vanilla planifolia). Ameriketako lur emankor haietan sortutakoa dela diote. Gero egin zuen mundu guztiko lurralde tropikaletarako zabalkunde bidaia. Hobeto esanda berari bururatu ere ez litzaioke egingo mundu tropikal osora hedatzea, ez dago burutik eginda eta gutxiago jorik.

Banilla espezia preziatua bilakatu zen europar aberatsentzako eta geuk hedatu genuen irabazpidearen negozioa. Baina ez zen erraza izan. Banillari kentzen diogun etekina fruitua da, leka usaintsu bat. Banilina da usain berezi horren osagai nagusia. Leka hori sortzeko lore hermafroditen aieka emera iritsi behar du aieka arraren polenak. Lan hori, polinizazioa, euli eta erle jakin batzuek egiten dute; intsektu horiek eginkizun horretara jarrita daude eta banillaren lorea ere prest. Baina uztartze hori bere jatorrizko lurraldeetan besterik ezin da gertatu. Banilla landarea munduan batera eta bestera eraman zutenean ez zen ulertzen zergatik ez zuen fruiturik ematen: lorea eman eta eman eta leken arrastorik ere ez. Aldiz, Mexikon, tropiko heze beroko fruiturik emankorrenatzat dute. Gaur egun badakite eskuz polinizatzen, eulirik behar izan gabe: lorea pixka bat zanpatze hutsa nahikoa da lan hori egiteko eta Madagaskar, Tahiti, Indonesia eta abarretan lantzen da.

Banilla naturala baino askoz ere errazago, merkeago, egiten da sasi banilla edo banilla sintetikoa, alde handiz askoz ere gehiago erabilia. Egun paper fabriketan sortzen diren hondakinetatik ekoizten da banilina gehiena. Baina bere usaina oraindik urrun dago banila naturalarenetik. Gaur dakigunez, honek 169 osagai ditu (esterrak, hidrokarburoak, aldehidoak, alkoholak, alifatikoak, zetonak, terpenoak, fenolak, urrintsuak eta heteroziklikoak) eta horien saltsak sortzen duen usaina ederki bereizten du sintetikotik.

Agi danean, usain paregabe hori leka edo fruituaren barruan dauden haziak jan eta han eta harago barreiatuko duen animalia limurtu eta erakartzeko sortua da, itxuraz berak jan eta zirinetan “ereindako” hazia errazago ernetzen baita: saguzar mokofina.

Udazkenari ekiten: urrigiro ereingiro
2026-09-28 | Jakoba Errekondo
Gaurkoan, lanera! Uda azkenak eta udazkenaren hasierak badute garai bitxia izateko nahiko zantzu, aizkomenteko urte arrunt xamarretan, behintzat. Eguzki-mugaren indarrik ez du, baina ekinozioa izateak... (+)
Lurzoruaren osasuna neurtzen
2026-09-21 | Jakoba Errekondo
Tomas Gerrikagoitia Urionaguena Alegria baserriko ziortza-bolibartarrak (1909-1997) ederki asko idatzi zuen herri bereko Zeinke auzoko Goikoetxe baserrira morroi joateko esperientzia eta Arantza eta larrosa. Nire... (+)
Kirofanoko zuhaitza, hil eta bizi bat direnekoa
2026-09-14 | Jakoba Errekondo
Adin nagusiko egin naiz duela gutxi: lehen infartu hartatik bizirik atera, iraun eta bizi; bizitza berrian adindun. Eskerrik asko Miren Telleria Arrieta kardiologoari eta bere... (+)
Zer erein eta landatu, udazkena osasunarekin urratzeko
2026-09-07 | Jakoba Errekondo
Iraila udazkeneko maiatza dela esan ohi da. Hori horrela, abuztua apirila izango da, ezta? Jokoak joko, irail-abuztuak ereiteko sasoi aproposa dira. Aurreak erakusten du atzea... (+)
Inude landareak eta animaliok
2026-08-31 | Jakoba Errekondo
Elkarlana, elkarjana eta era guztietako trukeak dituzte gure paisaiako landareek eta animaliek. Elkarlanari “auzolana” ere esaten zaio, eta naturan ederki asko azaltzen da gure artekoak... (+)
gora