Astelehenero 8:00etan zure epostan
Bada istilu eta nahaste-borrastea. Bada, izan ere, baba. Noizkoa ote da “baba” izena? Eta zer landare izendatzen zuen lehen hartan? Eta zer landare izendatzen du gaur honetan?
Bizi Baratzea liburuaren egilea
Baba handia (a) eta baba txikia (b).
Milaka urte bada baba jaten dugula. Itxura guztien arabera, erromatarrek ekarri zuten gurera Iberiar penintsulan barrena. Papilionazeoen edo lekadunen familiako urteko landarea da; metro ingurukoa, hosto berde-urdinxkak ditu hosto-txiki eliptikoz osatutakoak, lore zuri-zuriak edo pintar beltz batekin; fruitua hamabi zentimetro inguruko leka da, lau-zortzi hazirekin.
Zein baba, ordea? Bi baba ditugu nagusi gurean: baba handia eta baba txikia. Baba handia (Vicia faba subsp. faba var. faba edo Vicia faba var.major) orain neguan eta, batez ere, udaberrian jaten den baba da. Berde biltzen da leka, barruko alea erabat heldu gabe dagoela, gozo eta xamur. Alea luzexka, zabala eta zapala da, handi samarra. Baserritar argi batzuk hasita daude aleak ttiki-ttikiak direla bildu eta gutizia bitxi bezala saltzen, “baba petaloak” esaten diote. Antzeko gauza gertatu zen duela ez urte asko malko ilarrarekin (Pisum sativum), gutizia ederra sortu zuen, kasualitatez, baba petaloa merkaturatzen ari den jende berak. Lehen, baba ale handiak lehortuta ere jaten ziren, eltzekari moduan; orain saltokietan ikusi ere ez da egiten.
Baba handi horren gero eta ale txikiagoa biltzen da, gurarizko kapritxoa. Horrek gastronomiari lotutako zenbait gune baba handiari baba txikia deitzera eraman ditu.
Beste bukoiko sagardoa da, baina, baba txikia (Vicia faba subsp. faba var. minor). Landarea oso antzekoa da, baina leka mehe batean bildutako aleak askoz txikiagoak dira, borobil antzekoak. Landarea handiarenaren antzekoa da, baina lekak bertan ihartzen uzten dira, jasotzeko barruko haziak ondo zailduta egon daitezen. Baba hori, ondo lehortu ondoren, eltzekari gisa jaten da, beste eltzekari lehorren tankeran. Hori ere ez da nonahi topatzen, hazia eskuratzea ere ez da erraza. Jateko bi baba txiki mota daude, xuria eta beltxa. Beltxak du ospea, dasta gogorragoa du, eta zenbaitetan azala ere bai. Usurbilen (Gipuzkoa) bada honen zalerik eta anaiartea antolatua dute: Usurbilgo Baba Beltx Txikiaren Kofradia, eta urtero abuztuko azken ostegunean biltzen da, bere jantzi, kantu eta parafernalia guztiarekin lehen hain jaki garrantzitsua zen eltzekari egun ia galdua den honen ohoragarri. Sekula jan gabea bazara eta dastatu nahi izanez gero, zatoz bertara, gogo onez hartuko zaituzte.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545