Uzta, eraintzaren saria.

Biziraupen klimatikoa: mundu guztia Euskal Herrirantz


2026ko uztailaren 22a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Ebidentzia enpirikoa da planeta berotzen ari dela, eta ez da modu uniformean berotzen ari. Afrikako iparraldeko, Ekialde Ertaineko eta Asiako hegoaldeko eremu zabalak jada jasaten ari dira giza gorputzak muturrera eramaten dituzten balio termometrikoak. Hezetasun txikiarekin, bero-kolpeen ondoriozko heriotza gertatzen da gutxienez sei orduz 50 gradutik gorako tenperaturan egonda, baina giroa oso sargoria bada, gorputzak ezin du izerditu eta tenperatura askatu, eta heriotza 40 gradurekin gerta daiteke. Biziraupenaren bila, milioika pertsona ari dira migratzen ozeanoko masa hotzen eraginez berotze globala baretuta dagoen eremuetara. Itsasoko uraren tenperatura ere igo arren, hamarkada batzuetan balio baxuagoak mantenduko ditu, batez ere Antartikako eta Groenlandiako urtzeen etengabeko ekarpenagatik.

Europan, eremu pribilegiatuak Eskandinaviako penintsula eta Britainia Handiko eta Irlandako iparraldea izango dira; baina, hurbilago, Kantauri itsasoko kostaldeko zati txiki batek, batez ere Euskal Herriari dagokionak, XXI. mendearen amaierara arte mantenduko du berotze globala moderatuko duten haize atlantikoen adbekzio atsegina. Udan muturreko bero boladak jasango dira, aurten bezala, 40 gradutik gorako balioekin, bizpahiru hamarkada barru 45 gradutik gorakoak izango direnak, baina haizeen erregimen orokorrak klima jasangarriari eutsiko dio urtearen parterik handienean. Mediterraneo osoan, aldiz, Saharako aire masa beroek eragingo dute udako muturreko beroa udaberrian eta udazkenean luzatzea –50 gradutik gorako uztail eta abuztuak–; gizakiaren biziraupenaren mugatik at, arintze-sistema masiborik gabe, energetikoki bideraezinak baitira.

Sistema kapitalistan, pentsa dezakezue horrek guztiak zer nolako eragina izango duen aberastasun globalaren banaketan eta etxebizitzarako sarbidean. Lehiakortasuna gorena bada gaur egun, areagotu egingo da jokoan dagoena bizitza denean. Planetako eliteek beren paradisu klimatikoak bermatu nahiko dituzte, milioidunen kasuan Lurretik kanpo ere bai, Marteko edo Ilargiko kapsulekin, Elon Musken gisako pertsonaiek aurreikusten duten bezala.

Erosahalmen handia duten pertsonak edozer ordaintzeko prest egongo dira haize freskoa izaten jarraitzeko

Gure artean ozeanora begira dauden etxeak eskuratzeko lasterketa abiatuko da. Ez naiz ari etorkizunaz, hau jada orainaldia da. Dozenaka lagun ezagutzen ditut erretiroa eta seme-alaben etorkizuna planifikatzen ari direnak Euskal Herrira begira. Bartzelonan tenperaturak gehiago igotzen direnean, non biziko gara? Kataluniaren kasuan aterpe posible gutxi daude: Pirinioetako iparraldea ala Monegros zeharkatu eta euskara ikasi. Klima-aldaketa eta Euskal Herria bezalako hitzen bilaketak izugarri ugaritu dira azken urteotan. Higiezinen agentzia batzuek dagoeneko eskaintzak dituzte Zarautzen edo Ondarroan tenperatura ona dagoela diotenak. Klima-gentrifikazioa gertu dago.

Administrazio publikoek ez badute neurririk hartzen, etxebizitzaren prezioek gora egingo dute. Erosahalmen handia duten pertsonak edozer ordaintzeko prest egongo dira haize freskoa izaten jarraitzeko. Kasu batzuetan ez dira Euskal Herrian biziko urte osoan, baizik eta hegaldi bat hartuko dute Erromatik, Parisetik edo Atenasetik, aste batzuetan gozatzeagatik iraganeko klimaz, nostalgiaz oroitzen dutenaz. Kapitalista neurrigabeen eta langile klaseen arteko gatazka sozialak izugarri areagotu litezke.

Ez badugu nahi eszenatoki errealista bezain apokaliptiko hori lehertzerik, aukera bakarra dugu, gure jendarteen antolaketan aldaketa erradikalak egitea. Troposferara berotegi-efektuko milioika eta milioika tona gas bidaltzeari uztea. Ohitura normalizatu batzuk baztertu beharko ditugu: aisiagatik hegazkinez bidaiatzea, unibertsitatera edo lanpostura joateko erregai fosildun ibilgailu pribatua hartzea, munduaren beste puntatik iristen zaizkigun nekazaritza- eta abeltzaintza-produktuak kontsumitzea. Bestela esanda, berriro bizitzea gure aitona-amonek egiten zuten bezala. Arbasoen esperientzia entzun behar dugu, ez bakarrik garen horri egin dioten ekarpena goraipatzeko, baizik eta bizitzatik ahaztu duguna berrikasteko, orain dena dakigula uste dugun arren. A zer paradoxa, sare sozialen eta informazioaren superkargaren garaian herritar gehienek ez dute ideiarik ere inolako tramankulurik konpontzeko. Berotze globala geldiarazi nahi badugu, berrerabili eta konpondu ere egin beharko dugu, “lehen gauzek betiko irauten zuten” esaera geure eginda. Jar dezagun gure aletxoa, “betiko” hori ez dadin bat-batean bukatu XXI. mendearen amaieran.

Zarata egiteari utzi, gora begiratu
2025-09-07 | Jesús Rodríguez
Abuztuan 411.000 hektarea baso eta lursail erre dira León, Asturias, Ourense, Cáceres eta Zamoran. Bizkaiko eta Gipuzkoako azalera osoa beste. Irmotasunez esan dezakegu muturreko baldintza... (+)
Kolapsoaren entsegu bat
2025-05-18 | Jesús Rodríguez
Apirilaren 28ko gauean Bartzelonako Badal Ramblako terrazak gainezka zeuden; hoztu gabeko garagardoak zerbitzatzen ziren, baina jendeak zoriontsu zirudien. “Munduaren amaierak iritsi behar badu, pozik harrapa... (+)
Gainezka egiteko falta zen tanta
2024-11-17 | Jesús Rodríguez
Urriaren 25a. Valentziako Meteorologia Elkarteak iragarri duenez, hurrengo astean goi geruzetako tanta hotz batek euri-erauntsiak eragin ditzake Valentzian. Egunez egun, aurreikuspenak berresten dira, eta urriaren... (+)
gora