Astelehenero 8:00etan zure epostan
Abuztuan 411.000 hektarea baso eta lursail erre dira León, Asturias, Ourense, Cáceres eta Zamoran. Bizkaiko eta Gipuzkoako azalera osoa beste. Irmotasunez esan dezakegu muturreko baldintza meteorologikoek sutu zituztela suteak, berotze global antropogenikoaren ondorioz. Gainera, oihanpeko sua frenorik gabe zabaldu zen baso-kudeaketa txarraren ondorioz, mendiak abandonatzea sustatzen duen eredu ekonomikoaren ondorioz; auziaren lanketa politikoa burokratizatuta dago eta kapitalismoaren interesen mende. Bulegoetatik landa-mundua arazotzat hartzen dute, eta ez lurraldearen noraez merkantilizatzailearen irtenbidetzat. Horrek gure etxeetatik gero eta gehiago urruntzen du edaten dugun uraren eta jaten ditugun elikagaien genesia.
Erantzun instituzionalak Valentziako tanta hotzaren ondoren jasan behar izan genuen patroi negargarria jarraitu du. PPko presidente autonomikoek eta Feijóok lotsagorritu gabe baieztatzen dute erru guztia Pedro Sánchezena dela eta, aldi berean, PSOE udako tertulien lokatzetara sartzen da, argudio ezin kaskarrago hauek erabilita: eskumenak, protokoloak eta larrialdi zerbitzuen eraginkortasuna. 78ko erregimenaren marko mentalean nor ausartuko da gora begiratzera? Nor ausartuko da hazkunde ekonomikoaren eta merkatu libre sakrosantuaren printzipioak zalantzan jartzera? 2024ko Valentziako uholde hilgarrietako prezipitazioen errekorren grafikoa eta 2025eko penintsulako sute suntsitzaileen ondorioz erretako hektareen grafikoa lotzen ditu inork seinalatu nahi ez duen datu batek: planetaren berotze globalaren 1,5 graduak gainditu ditugu dagoeneko, ondorio katastrofikoak mugatu nahi bagenituen zeharkatu behar ez genuen lerro gorria.
Nahiago dute zarata egin eta aldaketa klimatikoaz hitz egiten aritu, baina erabakitasunez ekin gabe, ekoizpen eta kontsumo sistema zalantzan jarri gabe
Basoetan eta ibai-ibilguetan zer gertatzen den ulertzeko, ke lainoak alde batera utzi eta gure buruzagiei begiratu behar zaie. Don’t Look Up (Ez begiratu gora) filmaren antza duen eszena dago: erakundeetako arduradunak plaza publikoan borrokatzen dira, zarata egiteko eta noraez suizida baten aurrean beharrezko erantzun eta ekintzak saihesteko. Noraez horrek, Nazio Batuen klima-aldaketari buruzko gobernu arteko aditu taldearen buru diren zientzialarien hitzetan, giza espeziea desagertzea ekar dezake. Baina gora begiratzeak eta gertatzen ari denaren egia objektiboa onartzeak behartuko lituzke ekitera, erabaki batzuk hartzera ez direnak gizartea hauteskundeen filtrotik –lau urtean behin hautetsontzietara doazenen botoetan pentsatuz– begiratzen dutenen gustukoak.
Gora begiratzeak, gure planetaren berotze datuei begiratzeak, eragin beharko luke Pedro Sánchezek berehala Salvador Illari agintzea Bartzelonako Prat aireportuaren handitzea gelditzeko. Gora begiratzeak, baita ere, eragin beharko luke PSOEk gobernatzen dituen administrazio guztiek debekatzea makro-gurutzeontziak beren portuetatik igarotzea. Gora begiratzeak eragin beharko luke Grande-Marlaska Barne ministroak Espainiako Poliziaren Informazio Komisaria Nagusiari baimena kentzea honetarako: herritarrak berehalako arriskuaz ohartarazteko mobilizatzen diren zientzialari eta aktibistak jazarri, ikertu eta kriminalizatzeko. Horregatik guztiagatik, ez dute gora begiratzen. Nahiago dute zarata egin eta aldaketa klimatikoaz hitz egiten aritu, baina erabakitasunez ekin gabe, ekoizpen eta kontsumo sistema zalantzan jarri gabe, ez dadila gertatu norbaitek leporatzea “iraultza” egin nahi izatea. Pasibotasunaren erretorikak bultzatzen du iniziatiba eskuin muturrak hartzea. Konturatzen garenerako eta azeleragailua sakatu nahi dugunerako beranduegi izango da.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545