Amabirjina martxokoan kuku, Sanpedrotan mutu

Espezierik inbaditzaileena

Nagore  Irazustabarrena Uranga
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena

Donostian 1973an jaioa. 1997tik 2005era ARGIAko erredakzioko kidea izan zen, eta egun Denboraren Makina atala egiten du astero.


2025eko abenduaren 17a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Sobietar Batasuna, 1920ko hamarkada. Nikolai Vereshchagin errusiar zoologoa Kaspiar itsasoko Azerbaijaneko kostaleko fauna aztertzen hasi zen, eta gero Armenia eta Georgiako mendietan jarraitu zuen. Kaukaso inguruan desagertutako animalia espezieen erregistro ahalik eta zehatzena egitea zuen helburu. Labar pinturetan irudikatutako uroak, gazelak... ikertu zituen eta, besteak beste, mamuten eta tigreen fosilak eta hezur zatiak aurkitu zituen.

Kaukasoko ugaztunen 11.000 urteko bilakaera bildu zuen, klima aldaketa naturalek eragindakoa nahiz, berrikiago “giza jarduera kaotikoak” ekarritakoa. Eta 1954an Kaukasoko ugaztunak liburuan jaso zuen aurreko hamarkadetako lana.

Baina Vereschagin ez zen mugatu eremu hartako historia ekologikoa biltzera; inguru hura esperimentalki aldatzeko ahalegina egiten ari zen: dokumentatzen ari zen ekosistemak berregiten saiatu zen, desagertutako espezieak eskala handian inportatutako kanpoko beste espezie batzuez ordezkatuta. Bestela esanda, espezie inbaditzaileak sartu zituen. Hala, Andeetatik txintxillak ekarri zituen, Txinatik txakur mapatxeak, Japoniatik sika oreinak, Ipar Amerikatik mofeta marradunak… Oro har, espezie horiei kosta egin zitzaien inguru berrira egokitzea, ez, ordea, Hego Amerikako hezeguneetatik ekarritako koipuari (irudian).

Pentsa liteke, zoologoak asmo txarrik gabe egin zuela zoritxarreko esperimentua. Baina kezka ekologikoaren gainetik antropozentrismoa gailendu zitzaion. Izan ere, bere helburua zen “ingurua giza populazioa sustengatzeko ahalik eta egokiena” izatea

Vereschaginek 213 koipu sartu zituen 1930eko hamarkadan. Teorian, karraskari handiak kontrolatzeak ez zien arazorik ekarriko, otzanak baitziren, etxekotzen errazak. Baina koipuek ugaltzeko ahalmen handia dute: emeak urtean bizphirutan 4-5 kume erditzeko gai dira. Eta beren jatorrizko inguruneko harraparirik ezean, Kaukasora iritsi eta bost urtetan, koipuen populazioa bikoiztu egin zen. Handik aurrerako erregistrorik ez dago.

Gaur egun, koipua munduko ehun espezie inbaditzaile kaltegarrienen zerrendan dago, eta kontinente guztiak hartu ditu, Ozeania eta Antartika ezik. Baina horren erantzukizuna ezin diogu soilik Vereschagini egotzi, askoz lehenago konkistatzaile espainiarrak izan baitziren koipua Europara eramaten lehenak, karraskarien haragia, baina, batez ere larrua, ustiatzeko asmoz. 

Eta horixe zen Vereschaginek buruan zeukana, koipuak ekonomikoki ustiatzea. Pentsa liteke, zoologoak asmo txarrik gabe egin zuela zoritxarreko esperimentua. Baina kezka ekologikoaren gainetik antropozentrismoa gailendu zitzaion. Izan ere, bere helburua zen “ingurua giza populazioa sustengatzeko ahalik eta egokiena” izatea. Horren seinale da, kanpoko espezieak ekartzeaz gain, bertako beste batzuk suntsitzeko asmoa ere baitzeukala zoologoak: ganadua erasotzen zuten otsoak edo txakalak, adibidez. Zorionez, planaren zati hau ez zuen gauzatu.

Orain arte, inork ez ditu koipuek Kaukasoan eragindako kalteak ikertu, ezta populazioa zenbatu ere. Baina Vereschaginek egindakoak erakusten du, azkenean, animalia espezierik inbaditzaile eta kaltegarriena gizakia dela. 

Sumendi batek ekarri zuen izurria
1345. urte inguruan sumendi batek eztanda egin eta tenperatura jaitsiera nabarmena, uzta txarrak eta gosea eragin zituen Europan hurrengo urteetan. Krisia arintzeko, garia Itsaso Beltzaren... (+)
Lehen eta azken zianotipoak
Kent (Ingalaterra), 1843. Soilik irudi fotografikoz ilustratutako lehen liburua argitaratu zen. Photographs of British Algae: Cyanotype Impressions (Britainiar algen argazkiak: zianotipo inpresioak) izenburua zeukan eta... (+)
Apoak klima aldaketaren seinale
Vichamako (Peru) aztarnategian, arkeologoek 3.800 urte inguruko estatuatxo berezi bat aurkitu berri dute. Caral zibilizazioaren azken arokoa da, eta bi apo irudikatzen ditu. Aztarnategi bereko... (+)
Erregeen sukaldaria eta sukaldarien erregea
Saint-Cloud (Frantzia), 1810eko apirilaren 1a. Napoleon enperadorea Maria Luisa Austriakoarekin ezkondu zen, eta eztei-tarta ikusgarria Marie-Antoine Carême (1784-1833) sukaldari ospetsuak egin zuen.   Baina Carême... (+)
Baso bat Veneziaren azpian
Veneziako urmaela, 452. urtea. Hunoen inbasioak bultzatuta, Italiar penintsulako barrualdeko hainbat biztanlek eremu zingiratsuan hartu zuten behin behineko babesa. Baina lonbardiarren inbasioak iritsi ziren urte... (+)
gora