Tximeleta dabil urrian, gauza txarren bat dator.

Egurra eta ondarea


2025eko abenduaren 10a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Zurgintzak garrantzi handia izan du Euskal Herriaren historian, izan itsas edo mendialdean. Baserri-dolareak dira horren lekuko, eta itsasontziak, “buruz behera dauden baserriak”, Jabier Lekuona arkitektoak dioen bezala. Bera izan da Sagardoaren Lurraldeak antolatutako Sagardo Forum jardunaldietako hizlarietako bat. Ondarea izeneko jardunaldi teknikoetan hartu du parte, Astigarragako (Gipuzkoa) alkate Xabier Urdangarin, arkitekturan doktore eta EHUko irakasle Ibon Telleria eta Arkeolan Fundazioko dendrokronologia laborategiko buru Josué Susperregirekin batera. 

Dolareak, egurra, kultura, ondarea... eta guztiak barnebiltzen dituen sagardoa. Horiek izan dira Astigarragako Erribera kulturgunean eskainitako hitzaldietako ardatz, historian atzera eta aurrera. Xabier Urdangarinek ireki ditu azaroaren 20ko jardunaldi teknikoak. Dolareak proiektuaren bueltan aritu da, Erbitegi baserriko dolarea biziberritzeko lanez. Baita egurrezko piezak gorde eta birgaitzeko sortu nahi duten gune/tailerraz ere, zeinak Cementos Rezolaren (Donostia, Añorga auzoa) eraikin abandonatua hartuko duen. “Pieza etnografiko horietan dago gure nortasuna, historia”, dio.

“Gure lana da herritik, menditik, hirira egitea, eta ez alderantziz, hormigoia mendira eramatea, alegia”. JABIER LEKUONA

Jabier Lekuona arkitektoak ere hitz egin du zaharberritzen ari diren eraikin hartaz, bera kide den Peio Martikorena Fundazioa proiektuan parte hartzen ari den heinean. “Gure lana da herritik, menditik, hirira egitea, eta ez alderantziz, hormigoia mendira eramatea, alegia”, esan du. Baserriberri edota Albaolako Museoaren proiektuez solastatu da, horietan ere murgildurik baitira fundazioa eta Lekuona. “Baserriko kultura zaindu, berreskuratu eta zabaltzea” du helburu Peio Martikorenak, “atzokoaren, gaurkoaren eta biharraren arteko elkarrizketa gisa”. Horretan ari dira Urdazubin (Nafarroa), zurgintza eskolako ikasleekin batera Dantxarineko Tomasenea baserria zaharberritzeko lanetan murgilduta. Proiektu kolektibo horrek du Baserriberri izena.

Erdi Aroko baserrien testigantzak

Hitzaldi mamitsuak eskaini dituzte Ibon Telleriak eta Josué Susperregik. Dolareek historian izan duten garapenaz aurkezpen ederra osatu du EHUko arkitektura irakasleak, arreta berezia jarrita XV. mendean Euskal Herrian agertutako lehen dolareen osteko urteengan. Hamaika irudi erakutsi ditu, Gipuzkoako mapa bat tartean, 2022koa, zeinak jasotzen dituen zutik dirauten Erdi Aroko baserriak. Kuriosoa da, puntutxo gorri ia denak barnealdean baitaude, Goierrin-eta, bakarra baino ez da ageri kosta partean. “Ikusten duzue, kostan ez dira hainbeste agertu; batetik, Josuék azalduko dizue gero, zonalde horietako baserrietako egurra, zurajea, ez delako hain ona neurketa bat egiteko; eta, bestetik, presio urbanistikoa handiagoa izan denez, baserriek aldaketa gehiago jasan dituztelako”. 

Arkeolan Fundazioko dendrokronologia laborategiko buru da Josué Susperregi. Dendrokronologia, egurrari buruzko informazioa jasotzea helburu duen metodo zientifikoa da, egurrean ageri diren hazkuntza-eraztunak ikertzen dituena. “Badakizue zertaz ari naizen, ia denok kontatu ditugu noiz edo noiz moztutako arbola baten enborreko eraztunak”, azaldu du Susperregik. “Arbola guztiek ez, baina zonalde epeletakoek urtaroz-urtaroko hazkuntza daukate, udaberri-udan hazi egiten dira, eta udazken-neguan hazteari lagatzen diote. Ondorioz, eraztunak sortzen dira, eta horiek ikertuta badakigu moztu zutenean zuhaitzak zenbat urte zituen, zeinak pista asko eman dezakeen basoen kudeaketaz, esaterako”. Inportantea da hori, urte luzean garaiko petrolioa izan baitzen egurra, Arkeolan Fundazioko kidearen hitzetan: “Egurra zuenak boterea zuen, aurrera egiteko indarra”. Uste baino informazio gehiago eman dezake baserri bat, dolarea, itsasontzi bat edo altzari bat egiteko baliatutako egur zatiak.

Hazkuntza-patroiak ditu dendrokronologiak ardatz, metodo estatistikoak, datu-segida luzeak behar ditu ondorio fidagarriak lortzeko. “Gipuzkoan, aldakortasun klimatiko izugarria dago”, kontatu du Susperregik. “Kostaldean, haritzak mugarik gabe hazi daitezke, hezetasunik ez dute falta, ez dago arazorik tenperaturari dagokionez, neguan ez du hotzik egiten, ez lehorterik udan”. Zer gertatzen da, bada?. “Nahi beste hazten diren haritzak ditugu. Demagun 40x40 neurtzen duen zutoina daukagula. Beste edozein lekutakoa izanik, eraztun-segida zoragarria izango luke, baina Errenteria, Hernani edota Irun aldekoa baldin bada, 40-50 hazkuntza-eraztun besterik ez ditu izango”. Oso gutxi direla dio dendrokronologoak, zaila dela emaitza eztabaidaezinak lortzea. Ondorioak fidagarriagoak dira arbolaren hazkuntzak murrizketa edo geldialdiren bat sufritu badu, seinale klimatikoak erregistratzen direlako. Kostaldeko haritzek, mugarik ez dutenez, ez dituzte seinale horiek erakusten. Aldiz, barnerago eginda, datazio-kasu gehiago dago. “Goierri, adibidez, paradisua da”, dio Susperregik, kostaldeko baserri bateko zutoinak 50 eraztun dauzkan bitartean, ezaugarri bereko zutoinak 150 edo gehiago izan ditzakeelako barnealdean.

Gipuzkoako XV. mendeko baserriak (2022). Arkeolan Fundazioko Josué Susperregiren hitzetan, kostaldean ziurrenik izango da Erdi Aroko baserri gehiago, baina ezin dituzte datatu, egurraren ezaugarriengatik.

“Beraz, Gipuzkoako mapan ageri den banaketa ez dator guztiz bat errealitatearekin. Kostaldean ziurrenik izango da Erdi Aroko baserri gehiago, baina ezin ditugu datatu, osagai estatistiko hori dela-eta. Bestelako faktoreak ere badira, noski, industrializazioaren eragina-eta. Gainera, zonalde pobreetan, nolabait esateko, hobe mantendu dira baserriak, diru gehiago egon den herrietan erreforma handiagoak jasan dituzte, eta egiturak erabat aldatu dira”. Zubietan (Gipuzkoa) egindako ikerketak jarri ditu adibidetzat: “Emaitza zoragarriak lortzea espero genuen, baina hango baserri gehienak itsasontzietako kapitainenak ziren, diru asko zeukaten merkatarienak, eta XVII-XVIII. mendeetan eraikinek aldaketa handiak  jasan zituzten”.

Astigarragako alkate Xabier Urdangarinek adierazi duen moduan, baserritar, basozain edota zurginek “jakintza ikaragarria” pilatu dute, eta “tamalez” azken 50 urteetan galera handia jasan dugu jakintza horri dagokionez. Dioenez, Sagardo Forum jardunaldietan hizpide izan diren egitasmoek lagunduko digute egurrezko ondarea berreskuratu eta zaharberritzen, eta hari balioa ematen, sagardogintzarekin lotutakoari tartean. Bada zer ikertu, zer irakatsi eta erakutsi. 

Laborariek bide mozketei eutsiko dietela adierazi du ELB-k, prefetarekin egin bileraren ondotik
2025-12-16 | Jon Torner Zabala
ELB eta Confédération Paysanne sindikatuetako ordezkariak Jean-Marie Girier Pirinio Atlantikoetako prefetarekin bildu dira astelehen arratsaldean, Pauen, behiengan eragina duen dermatosi nodularra (DNK) eritasunaren gaineko kudeatze... (+)
Egilolarrako pagaditik Gorbeiara igotzeko bide bakarra egokituko du Arabako Diputazioak, mendizaleek eragindako kalteak direla-eta
2025-12-16 | Jon Torner Zabala
Araba eta Bizkaia artean banaturik, 20.000 hektarea dauzka Gorbeiako natur parkeak. Euskal Herriko mendizaleen artean aski ezagunak diren hamaika paraje ikoniko biltzen du, 1.482 metrora... (+)
Laborariek A64 autobidea moztu dute gaur ere, dermatosiaren aurkako neurrien kontrako protestetan
2025-12-15 | Jon Torner Zabala
Euskal Herriko Laborarien Batasuneko (ELB) eta Confédération paysanne du Béarn sindikatuko ordezkariak Pirinio Atlantikoetako prefetarekin bilduko dira astelehen arratsaldean, Pauen, behiengan eragina duen dermatosi nodularra... (+)
Etengabe esperimentatzen, lurrari begira beti
2025-12-14 | Jon Torner Zabala
Sagastietako bioaniztasunaz informazioa biltzeko telefono dei bat egin dugu. “Elgoibarko Lizagasar sagardotegiko Asierrekin hitz egin behar duzue”, diosku bestaldekoak, “gaiaz interesa du eta badauzka jarriak... (+)
Valle de Odieta makroetxaldeko bi arduradun zigortu dituzte, lurrak kutsatu eta Aragoi ibaira egindako isurketengatik
2025-10-28 | Jon Torner Zabala
Iruñeko Zigor Arloko 2. epaitegiak urtebeteko kartzela zigorra eta 4.200 euroko isuna ezarri die Alberto eta Pedro Guerendiáin Azpíroz anaiei, Caparrosoko (Nafarroa) Valle de Odieta... (+)
gora