Astelehenero 8:00etan zure epostan
Automatizazioaren eta abereen inguruan kuxkuxeatzen ari nintzela, ukuilu automatizatuen informazioa hasi naiz eskuratzen. Nire idazmahaiaren erosotasunetik idazten, gizakion kontsumorako modu masiboan esplotatzen ditugun abereen bizitzak nahiko penagarriak direla iruditzen zait, baita haiekin lan egiten duten pertsona askorena ere. Badirudi dugun kontsumo ereduan ez dela erraza bizitza aurrera ateratzea animalien ustiaketari loturiko jardueretan. Horregatik, animalien gorputzak kontsumo ondasun bilakatzeko prozesua oso aztertua izan da betidanik, eta horren emaitza da gaur egun ukuiluak neurri handi batean automatizatzeko aukerak sortu izana. Teknologia horien sortzaileek animalien eta euren jabeen bizi-kalitatea hobetzeaz gain jardueraren jasangarritasun ekonomikoa ziurtatzea dute helburu. Ukuilu automatizatuetan gorotza eta zikinkeria garbitzen dituzten robotak daude, belarra ebakitzen dutenak, behientzako jana prestatzen dutenak, elikagaiak banatzen eta antolatzen dituztenak, modu automatizatuan behiak jezten dituzten robotak… Pentsa, behiek “ikasi” dute jetziak izateko ilara modu autonomoan egiten. Behien jokabideak ere, zintzarri elektronikoen bidez, ukuilu automatizatuak gobernatzen dituzten adimen artifizialek kontrolatzen dituzte: animalien konstanteak, kokapena, egitekoa...
Robot horietatik batek eman dit arreta, bereziki: errape robota. Txahalek esnea errape artifizialen bidez hartzen dute. Hartzen duten esnea ez da freskoa, hauts esnea da. Badirudi sistema horretan txahalak amengandik banatzea eraginkorragoa dela, ondoan jetziak diren amek sortzen duten esne barik, kanpotik ekarritako esne hauts industriala baliatuta. Hauts esne hori beharbada oso ona da, guraso askok erabili izan dugu. Baina deigarria da bizidunen arteko harremanak murriztea sistemaren eraginkortasuna handitzeko ohiko bilakatu dela diseinatzen ditugun teknologietan. Gizakiok ukuilu automatizatuen barne bizi garela dirudi, “esnearen” bilakaeraren menpe.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545