Asteroko buletina
Otsaileko euri, urteko ongarri.

Plastiko kutsadurari buruzko gailurraren porrotak arazoa kudeaezin bihurtu dezake

Plastiko kutsadurari konponbide bat adosteko goi-bilera zikloa bukatu berri dute, Hego Koreako Busan hirian iragandako bosgarren gailurrean ere porrot eginda: hitzarmenik adostea ez dute lortu, nagusiki plastiko esportatzaile handiek negoziaketak oztopatu dituztelako. Bitartean, kutsadurak darrai, txiroenak gehiago kaltetuta eta gure osasunean zein atmosferaren dinamikan ondorio geroz eta handiagoak eraginda.


2024ko abenduaren 12a
Nicolas Goñi

Nahiko oharkabean pasa dira Hego Koreako Busan hirian azaroaren 25etik abenduaren 1era igarotako negoziaketak. Iazko ARGIAren 2.849 zenbakiko Birziklapenean baino, erabilera murriztean datza plastiko kutsaduraren konponbidea artikuluan azaltzen genuen bezala, duela bi urte bortz goi-bilerako zikloa abiatu zuten munduko 170 estatuk, plastiko kutsadurari konponbidea aurkitzeko xedez. Azken bileraren karietara Panamako delegazioaren buruzagi Juan Carlos Monterrey Gómezek zera adierazi zuen: “Plastikoa suntsipen masiboko arma da; hemen ez gara edozein hitzarmen negoziatzen ari, klimari buruzko 2015eko Pariseko hitzarmenaz geroztik gizateriaren biziraupenerako dugun hitzarmen garrantzitsuena da”.

Halere, estatu batzuk negoziaketak oztopatzen ibili dira eta hitzarmen global bat adostu beharrean, porrota nagusitu zaie zikloaren azken gailurrean. Sorpresarik gabe, petrolio –eta beraz plastiko– saltzaile handiak izan dira hitzarmena oztopatzen ibili direnak, bereziki Saudi Arabia, Iran eta Errusia. Europako diplomazialari batek AFP agentziari deskribatu dioenez, oztopo gisa, bortz minutuko 60 bat hitz hartze egiten dituzte azken egunetan, bakoitzean hitzarmen proiektuari esaldi soil bat aldarazteko aitzakiarekin. Plastiko ekoizpenaren murrizketa eskaera "negoziaketen markotik kanpo" zegoen Kuwaiteko delegazioaren arabera, eta Errusiakoak zioen horrek "pobrezia ekarriko lukeela petrolioa erauzten duten herrialdeetan".Adierazpen oso diplomatiko batean, plastiko kutsadurari buruzko gobernuarteko komitearen presidente Luis Vayas Valdivieso ekuatoriarrak nabarmendu du "hainbat kontu kritikok" oraino eragozten dutela hitzarmen globala, eta "denbora gehiago" beharko dutela horiek "modu eraginkorrean konpontzeko". Monterrey Gomezek, aldiz, modu zuzenagoan salatu du "mundu mailako traizioa". Itsasoan galdutako polietilenozko arrantza sare bat baino korapilatsuagoak dira negoziaketa horiek.

Aberatsen zaborra, txiroen pozoia

Kutsadura hori ez da denetan begi bistakoa, eta hainbat joerak gure hautematea bihurritu dezake. Atzoko plastikozko makrozaborrak (botilak, poltsak, jostailuak...) ez dira desagertu, baizik eta txikitu eta planeta osoan barreiatu. Gaur egungo mikroplastikoak bihurtu dira eta horien kopuruak gora joaten jarraituko du plastiko berria ekoizten jarraitzen duguno. Horrez gain, itsasoan batez ere, makro- eta mikroplastiko kopuruak oso aldakorrak izan daitezke tokiaren arabera: Mediterraneoak, adibidez, munduko itsas uraren %1 baizik ez du, baina, munduko mikroplastikoen %7. Bizkaiko Golkoaren azalean pilaketa-­gune batzuk daude, non inguruan baino 10.000 aldiz zabor gehiago dagoen. Eta, nagusiki, ipar globaleko hondakin ekoizle handiek plastiko kutsadura herrialde txiroagoetara esportatzearekin, han metatzen da hemendik kendu dugun arazoaren zatia. Luzaz, Asia hego-ekialdeko hainbat herrialdek inportatzen zituzten, baina Txinak eta bertze batzuek inportazio horiek murriztea erabaki zuten, parte handi bat Indonesiara birbideratuta.

Teorian, birziklagarriak baizik ez ditu inportatzen Indonesiak, baina zabor ilegal asko sartzen dira ere. Gainera, paperezko zaborrarekin batera %2 plastikoa izan daitekeelako, Ipar globaleko hainbat herrik nahita sartzen du %2ko plastikozko zaborra Indonesiara bidaltzen dituen paper birziklagarrien artean. %2 hori urtean 60.000 tona inguru dira, eta metatzen zaizkio urtero bidaltzen zaizkien 260.000 tona plastiko ofizialki "birziklagarriari". Bidalketaren arrazoia: plastikoa birziklatzea berria ekoiztea baino garestiagoa izan ohi dela. Indonesiara doan %2ko plastiko "toleratu" hori  biztanleek berek sailkatzen dute, birziklagarria ez dena edonora botata edo erregai gisa baliatuta etxeetan edo lantegietan, egurra baino merkeagoa delako.
Tropode hiriko tofu lantegi batek, adibidez, plastiko hori erregai gisa baliatzen du tofua ekoizteko. Prozesuan, hautsa lurrera erortzen da eta inguruko oiloek jaten dute. IPEN erakundeak Plastic Waste Poisons Indonesia´s food chain (Zabor plastikoak Indonesiako janari katea pozointzen du) txostenean azaldu bezala, arroltzeetan neurturiko dioxina maila Europan baimendurikoa bider 70ekoa da, eta dioxinaz gain, oso toxikoak eta iraunkorrak diren PCB, PBDE, SCCP eta PFOS molekulak ere maila handian neurtzen dira. Sorpresarik gabe, munduan mikroplastiko gehien irensten duten herritarrak Indonesiakoak dira: hilabetean 15 gramo, AEBetan baino 100 bider gehiago.

Kudeatu ezineko mailak

Gaur arteko joerak jarraitzen badu, 2060an hirukoiztuko da plastikoaren erabilera, eta beraz plastiko zabor kopurua. Baina, hemendik hamarkada batera munduak ezinen du plastiko zabor maila kudeatu, Busango goi-bileran Norvegiako nazioarteko garapen ministro Anne Beathe Tvinnereimek adierazitakoaren arabera.

Urtero deskubritzen da mikroplastikoak barreiatzen diren eremu gehiago. Bagenekien giza plazentan, odol-zainetan, burmuinean edota esperman aurkitzen direla mikro- edo nanoplastikoak, gure osasunaren kalterako –bihotzekoak, buruko-isuriak edota arazo neurologikoak, bertzeak bertze–. Atmosferan barreiatzen direla ere bagenekien, baina Pennsylvaniako unibertsitateko ikerketa berri batek erakutsi digu hodeien sorrera erraztu dezaketela. Hauts partikulek hodeiak sortu ohi dituzte, lurruna ur tantatan edo izotz kristaletan kondentsatzerakoan; antzeko ezaugarria dute mikroplastikoek, baina kondentsazioa hautsek baino 5-10 gradu gehiagoko tenperaturetan gertatzen da. Bertzela errana, mikroplastikodun hodeiek izotz gehiago daramate, eta horrek hodeiei ezaugarri ezberdinak ematen dizkiete eguzki izpiak islatzeari eta lurreko erradiazioak harrapatzeari dagokionez.
Ikerketaren autore diren Miriam Freedman eta Heidi Bussek dioskute horrek dituen ondorio klimatikoak ez direla oraindik aski ongi ezagutzen. Halere, nahiko eta gehiegi ziren klima aldaketaren eraginak, halako geoingeniaritza kontrolagabea gehitu gabe ere.

Betirako urpetutako lurrez ordaintzen dute klima aldaketa Hego Sudanen
2024-11-24 | Nicolas Goñi
Hegosudandar gehienak txirotasun larrian bizi izan dira azken bi mendeotan gutienez, eta zoritxarrez, estatu independente bihurtzeak ez die egoera hobetu, munduko herrialde txiroena baita, hainbat... (+)
Zuhaitzen migrazioa dugu oihanek klima larrialdiari aurre egiteko soluzioetariko bat
2024-11-03 | Nicolas Goñi
Gero eta egoera larriagoan daude munduko oihanak, klima aldaketak ekarritako bero uhin eta lehorteek bultzatzen dituzten suteengatik, bertzeak bertze. Latitude ertain eta borealetan klima jadanik... (+)
Klima aldaketaren areagotzeak ezbaian jartzen du arrisku guztiak aseguratzeko aukera
2024-10-13 | Nicolas Goñi
Karibea eta Ipar Amerika jo dituen Helene urakanak erakutsi bezala, klima aldaketak indarturiko muturreko eguraldien kostua kolosala da. Hainbertze, non eta aseguruak horren arabera garestituko... (+)
Saguzarren osasunak gure osasuna babesten du, ezusteko moduan
2024-09-22 | Nicolas Goñi
Ameriketako Estatu Batuen ipar ekialdean azken urteotan maila handiko fenomeno batek eragin garrantzitsua izan du osasun publikoan, eta basa animalien osasunaren garrantzia oroitarazten du. Argitaratu... (+)
Balutxistango laborariek eredu ekologikoa dute muturreko eguraldiei aurre egiteko soluzio
2024-09-01 | Nicolas Goñi
Munduko klima gogorrenetakoa du Balutxistanek: basamortuko klimaren muturreko bero eta lehorteak, eta Arabiako itsasotik ekarritako montzoiaren eurite irregularrak, urte batzuetan eskasak eta bertzeetan uholdeak eragiteko... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora