Basogintza ereduen arteko talka irudikatzen duten bi albiste ezagutu ditugu aste honetan. Alde batetik, ezezagun batzuek basogintza jasangarriaren alde lan egiten duen Errez kooperatibaren autoari eraso egin diote Aramaion. Bestetik, Hernani eta Arano artean eukalipto-landaketa industrial bat suntsitu dute hainbat ekintzailek, landaketa horiek eragiten duten kalte ekologikoa salatzeko.
Ekintzaileek jopuntuan jarri duten landareak ederto islatzen ditu gaur egun nagusi den basogintza-eredu kapitalistaren logika eta funtzionamendua.
Eukaliptoa XVIII. mendearen amaieran ekarri zen Australiatik Europara, eta gurean 80eko hamarkadan hasi zen garrantzia hartzen; 40 urtetan bere presentzia laukoiztu da. Zuhaitz horiek oso arin hazten dira; 10-15 urtera mozteko aukera dagoenez, epe laburrean mozkin oparoak lortzeko aukera ematen du.
Hazkunde bizkor horren txanponaren beste aldea inguruan eragiten duen kalte ekologikoa da. Izan ere, eukaliptoak lurra pobretzen du, hazkuntzarako nutriente eta ur kantitate handiak xurgatzen baititu. Gainera, inguruko bioaniztasuna murriztu eta suteak hedatzea errazten du. Hori gutxi balitz bezala, eukaliptoak (eta pinuak) mozteko erabiltzen den matarrasa sistemak pobretutako lurzoruaren higadura sustatu eta ibaietan eragin zuzena du.
Nortzuek babesten dute eukaliptoa, eta, orokorrean, baso-eredu kapitalista? Bada, eredu horri esker poltsikoak betetzen dituztenek
Baina, nortzuek babesten dute eukaliptoa, eta, orokorrean, baso-eredu kapitalista? Bada, eredu horri esker poltsikoak betetzen dituztenek, hau da, basogintza sektoreak. Sektore hori ondo antolatuta dago EAEn, eta bere interesak defendatzen dituen presio-talde bat ere badute: BaskEgur.
BaskEgurren barruan egurraren zenbait arlotako enpresari elkarteak daude: lur-jabeak, papertegiak, egur transformatuaren enpresak... eta BaskEgurrek lan politiko, ideologiko eta propagandistikoa egiten du haien interesak defendatzeko.
Euren kanpainetan beti azpimarratzen dute lur-jabe txikiek basogintza sektorean duten garrantzia. Baina apur bat ikertuz gero, erraz aurki daitezke barnean dauden multinazional nagusiak: Iberpapel eta Smurfit Kappa (163,93 eta 1.702 milioi euroko irabaziak izan zituzten 2021ean, hurrenez hurren).
Munduan barrena landaketak dituzten enpresa horiei bost axola die epe ertainean zer kalte eragiten duten, eurentzat dirua biderkatzeko tresnak baino ez baitira: diru-landaketak. Gainontzekook, ordea, landaketa horien guztien ondorioak sufrituko ditugu.
Horregatik, dirua landatzeari utzi eta gure beharrak asetu eta biodibertsitatea zainduko duen baso-eredu baten alde egin beharko genuke.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545