Asteroko buletina
Otsaila eztiegi, primadera xirtxilegi.

Pirozenoa: Su Aroan murgiltzen ari gara

Suak geroz eta leku gehiago hartzen du albisteetan. Azken urteetan sute askok partida irabazi digu, planeta osoan zehar. Egungo suteak ez dira lehengoak bezalakoak, erasokorragoak dira eta planeta sakonki aldatzen ari dira: Pirozenoa dei genezakeen garaiaren atarian jarri gaituzte. Suteak gizakia ordezten ari dira paisaien eskultorearen rolean.


2023ko irailaren 11
Argazkia: Reuters

[Artikulu hau The Conversation webgunean argitaratu zuen egileak eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu]

Jarraian azalduko dugu zer aldatu den, gaur egungo suteek Lurrari zenbateraino eragiten dioten eta egoera nola irauli daitekeen. Baina, aurretik, gogoratu behar dugu ez zela beti horrela izan, duela ez askora arte sua kontrolatzeko gai ginela. Sua izan zen gure lagun nagusia.

Suaren etxekotzea
Suaren etxekotzea funtsezkoa izan zen gure espeziarentzat, bai eboluzioari dagokionez, baita gizarte modernoak garatzeko ere.
Suaren konkistarekin batera, gizakiak garatutako lehen teknologietako bat suarena izan zen. Suaren kontrolarekin paisaiaren kudeaketa iritsi zen, eta janaria prestatzen ikasi genuen. Hala, elikagaien nutrizio-balioek gora egin zuten, eta digestio denborak eta osasun arazoek behera. Janaria prestatzeko aukerak gure garunaren tamaina handitu zuen, eta, beraz, gure arrazoitzeko gaitasuna.

Historiaren erlojua azkar aurreratuz gero, iraultza industrialarekin egingo dugu topo, su-iraultza izan zena. Sugarrak kontrolatzen ikasi genuen erretzetik energia ateratzeko, eta existentzia erraztu ziguten makina, motor, tresna eta tramankulu mota asko asmatu genuen.

Argazkia: AP

Pirozenoa: suaren gaineko kontrola galduta
Baina iraultza industrialean erregaiz aldatu genuen. Industrietako suak ez ziren erregai biziz, begetalez, elikatzen; erregai fosilez eta litikoez baizik.

Paisaia fosilen errekuntzak atmosfera aldarazi zuen, eta klima berotzen hasi ginen. Mendiak bertan behera uzteak lurraren fisionomia aldatu zuen, eta orain biomasa pilatzen ari da. Bero handiagoa eta erregai gehiago: suteetarako egur gehiago.

Eta oraingo suteak ezin ditugu kontrolatu, gure kontrolpetik kanpo daude. Hamarkadak daramatzagu sugarrak mendean mantentzen. Basoetan erretako azalerak behera egin zuen, suteak itzaltzeko estrategia berriak garatu zirelako, formazioan hobekuntzak izan zirelako, baita suteak itzaltzeko bitartekoen gastua asko handitu izanari esker ere. Baina hori guztia eten egin da orain.

Itxura guztien arabera, inflexio puntu baten aurrean gaude. Sua konkistatu zenetik, agian lehen aldiz haren kontrola galtzen ari gara. Baso-suteek geroz eta maizago ihes egiten dute, eta haien kontrolean atzerapausoak ematen ari gara; orain suak konkistatzen gaitu gu.

Sua menderatzeak Antropozenoa, Gizakiaren Aroa, ahalbidetu zuen. Bere kontrola galtzeak Pirozenora garamatza, Suaren Arora. Aro horretan sua izango da, eta ez aitzurra, gure paisaien modelatzaile nagusia.

Mundua eraldatzen duten suteak
Sute berrien boterea izugarria da. Duela hiru urte Australiako hego-ekialdean gertatu ziren giga-suteek basoen %21 irentsi zuten, ozono-geruzaren zuloa handitu zuten eta klima hoztu zuten. Hori gertatu zen ke zutabean esekitako partikulek, aerosolek, eguzki izpien sarrera blokeatu zutelako. Ozono-geruzaren suntsipenak korronte atmosferikoak aldatu zituen. Hala ere, ondorio horiek iragankorrak izan ziren eta hilabete gutxi batzuk iraun zuten.

Aerosolak azkenean lurrera erori ziren, zati handi bat Ozeano Antartikoan, eta algen gehiegizko hazkuntza eragin zuten. Aerosolek mikronutrienteak dituzte, burdina edo nitrogenoa kasu, eta horiek funtsezkoak dira fitoplanktonerako. Horrela, Australiako suteek Ozeano Antartikoa suspertu zuten.

Planetan dituen ondorioez gain, Australiakoek bezalako giga-suteek eragin nabarmena dute osasunean, ekonomian eta hezkuntzan.

Baina hori ez da bakarrik Australian gertatzen. Munduko leku askotan, Atlantikoaren eta Ozeano Barearen itsasertzean, antzeko prozesuak gertatzen ari dira. Eta bai, egia da betidanik izan direla gure kontroletik kanpoko sute katastrofikoak, baina gaur egun etengabe ari gara horiek bizitzen.

Argazkia: Skynews

Sute berriak etxekotzen
Pirozenoaren bidetik aldentzeko aukera dugu oraindik. Europako Itun Berdeak eta nahitaezko trantsizio energetiko eta ekologikoak esparru bat eman digute Pirozenoa geldiarazteko politika eraginkorrak garatzeko. Gainera, zientziak eta ingeniaritzak hori lortzeko iradokizun eta jarraibide zehatzak ematen dizkigute:
•    Abeltzaintza estentsiboa laguntzea. Larre-erretzeak sustatuz eta babestuz, eta artzainei aholkularitza eskainiz egiteko horretan. Artzaintza aliatu handia da erregaiaren jarraitasuna apurtzeko, sutearen intentsitatea murrizteko eta sua itzaltzeko aukera emateko.
•    Suaren dinamika naturala birsortzea. Su teknikoa sartzea dakar, intentsitate txikiko erreketen bidez. Kalterik eragiten ez duten erreketak dira, printzipio ekologikoetan oinarritutako ingeniaritza lanak.
•    Suebaki berdeak garatzea. Hiri-inguruneetako periferiek landarerik gabeko zerrenda zabalak izan beharko lituzkete, hedadura handikoak. Baina zuhaitzak mantendu daitezke, nahiago bada, ureztatze-sistema jakin batzuk ezarrita. Garabien gainean muntatutako aspertsoreak dira, landaredia arazturiko urekin busti eta suaren hedapena geldiarazten dutenak.
•    Basoen oihanartea gutxitzea. Zuhaitzak moztu eta haien osasun-egoera hobetzea esan nahi du. Zuhaitzak moztea ez da basoa soiltzea. Alderantziz, zuhaitzak modu iraunkorrean moztea, erregai kopurua murriztuz, ezkutu handia da mendiak soilduko duen sutetik babesteko.
•    Nekazaritza-jarduera indartzea. Suteen aurkako balaztarik eraginkorrena laboreak dira. Landa-eremutik alde egitea ez da iraganeko kontua, gora egiten jarraitzen du neurrigabeko tasetan. Paradoxikoa da hori, egunero jaten jarraitzen dugulako. Beraz, lehen sektorea behar dugu.

Gizakirik gabeko landa-eremu abandonatuak edukitzearen lehen emaitzak ari gara ikusten. Antropozenoan, azken 12.000 urteetan, gizakiak baso tropikalen %90ean eta baso mediterraneo eta epelen %95ean bizi izan ziren, baita haiek baliatu ere. Baina duela gutxi mendia utzi eta bizitza hirietan kontzentratu izana Pirozenoaren sugarrak ari da elikatzen.

Paisaia biziak behar ditugu, jendearen bizileku direnak. Hori da modu bakarra suak okupa ez dezan gizakiak menditik alde egiten duenean libre uzten duen espazio ekologikoa.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora