Jaurlaritzak trantsizio energetikoan eta larrialdi klimatikoaren aurkako borrokan aitzindaritza aldarrikatzen badu ere, ekintzak ez datoz bat hitzekin. Indarrean dauden klima eta energia estrategiak (Klima 2050 eta 3E2030) Parisko Akordio klimatikoa baino lehen idatzitakoak dira eta helburuak erabat zaharkituta dituzte. Agindutako energiaren arloko lurralde plangintza ez dago indarrean eta nekez onartuko da legealdia amaitu aurretik. Eta Klima Lege baten lehendabiziko (huts egindako) saiakera 2009-2012 legealdian etorri bazen ere, oraindik ez dago ezer onartuta. Beraz, Lakuak larrialdi klimatiko egoeraren deklarazioa 2019. urtean onartu, onartu zuen, baina planifikazio basamortu baten aurrean gaude. Ondorioz, ekologikoki erabakigarriak izaten ari diren urte hauetara marko estrategiko egokirik gabe heldu gara.
Oraingoan, Jaurlaritzak aldaketa klimatikoaren eta trantsizio energetikoaren lege proiektua aurkeztu berri du. Legeen izapidetze malkartsua ezagututa, ikusteko dago zer amaituko den azkarrago; legearen izapidetzea ala legealdia bera. Porrot galanta litzateke. Epeen inguruan kezkak badaude ere, edukiak aztertuta kezkak areagotzen dira. Zehaztugabeko 2050erako neutraltasun klimatiko konpromisoaz aparte, proiektuak ez du erdibideko helburu zehatzik, ez eraginkortasunean, ez CO2 isurietan, ez energia berriztagarrien hedapenean, ez ezertan.
Ez dago energia fosilak alboratzeko bideorririk, ez Energiaren Euskal Erakundearen norabidea zuzentzeko asmorik, ezta berriztagarrietan herritarren jabegoa sustazeko grinik ere
Ez dago energia fosilak alboratzeko bideorririk, ez Energiaren Euskal Erakundearen norabidea zuzentzeko asmorik, ezta berriztagarrietan herritarren jabegoa sustatzeko grinik edo aurrekontuetan begirada klimatiko-energetikoa txertatzeko konpromisorik ere. Dena da derrigortasunik gabeko bolondreskeria. Helbururik gabe eta derrigortasunik gabe, ez dago zehapenik legean. Zertarako behar? Laburbilduz, aurkeztutakoari lege deitzea handi samar geratzen zaio. Astindu ederra beharko du proiektu honek, ez aitzindari izateko, baizik eta beste lege batzuetara hurbiltzeko ere, Nafarroakoa, kasu, non gutxienez helburuak eta bitartekoak ezartzen diren.
Eta ez daukagu denbora galtzeko. Duela gutxi, 2009an identifikatu ziren muga planetarioen errebisio zientifikoa egin duen zientzialari talde mardulak argi hitz egin du. Bederatzi muga planetarioetatik zazpi gainditu ditugu, eta biodibertsitatearen eta klimaren egoera kritikoa da. Bitxiki, bi parametro horiei buelta emateko gako nagusienetarikoa trantsizio energetikoa egitea da, fosilak alboratuta eta berriztagarriak hedatuta. Hel diezaiogun behingoz erronkari.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545