Plinio zaharraren pasarterik maiteena, aldiz –ezagutzen dizkiodanen artean, noski, ez baititut Naturalis Historia-ko 37 liburukiak irakurri–, ez da pasa den zutabean aipatu genuen zazpigarren liburuko hogeita laugarren kapitulua, hain justu oroimenaz ari dena, baizik eta hamalaugarrena, osorik hamalaugarren alekia, mahasti, mahastizaintza, mahatsaren hartziduratik sortzen den zukuaren arteaz diharduena: Ardoaren liburua. Duela ia 2.000 urte idatzia, ardogintzari buruzko antzinako eta garrantzitsuenetakoa, garaiko jakinduria guztia barnebiltzen du.
Egia da pasarte batzuetan gehiegizkoa dela informazioa, azkenerako mozkortzen zara hainbeste erreferentzia, adibidez egiten badu mahats mota guztien zerrenda; baina kontrara baditu pasarte gozo askoak, guztiak ere erromatar munduaren bizimodu pribatu nahiz publikoaren erakusleak, sarri gureen harrigarriro antzekoak. Aipatzen baditu kontsumo ohiturak, debekuak, erabilera terapeutikoak, eta ez bakarrik arimarenak. Heriotzaren gertutasunarekiko sendagai gisa erabiltzen baitzen. Jendea biziberritzen zuen. Neurrian hartuta beti ere. Bestelakoan, “biharamunean hatsak zahato kiratsa dauka, eta ahanztura hegaldatzen da gauza guztien gainetik: hila da memoria”.
Ai, ardoa. Gizonaren –eta emakumearen, noski– enganioa. Badakit udan sartu berri garen honetan akaso aiseago sartzen zaigula zerbeza, edo sangria; ez ahantz ordea ardoa dela askotarikoa, Plinioren arabera zuri, hori, odol, beltz, are gehi diezaiokezu eztia. Baina jakin edaten baduzu ari zarela barneratzen mende luzeetako jakinduria, Odisean jada agertzen dena, Biblian, are Jesusek berak bultzatzen gaituela: "Har ezazue guztiok eta edan honetatik". Ardoa edatea zibilizazio egintza baita. Paper zentrala izan du humanitatearen etapa zein geruza sozial guztietan. Eta doan lekura doala, basakeria zegoen lekuan, kultura hedatzen du. Neurrian hartuta beti ere. Edo ez, tarteka.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545