Idazle-mendizale kategoria bat existituko balitz, Erri De Luca genuke paradigma –euskaldunen artean hautagai ugari aurki liteke, Borda, Epaltza, Sarasola; baina ze euskaldun ez da mendizale, pixka batean behintzat, besterik ez bada intimitatean?–. Auskalo mendizaletasun horregatik, baina fama dauka De Lucak euskal irakurleen artean. Niri iruditzen zait idazle bat gainbaloratua; edo zorte txarra izan dut irakurri dizkiodanekin. Adibidez azkena, Impossibile, zeina den mendi literatura –“norberak mendira joateko bere motiboak dauzka; nirea da gauza guztiei bizkar ematea”–, baina baita kartzelakoa ere, euskaldunoi hain gertuko zaigun azpigeneroa –pentsa, hasieretatik, Etxepare bera Biarnoko hartara sartu zutenetik–. Protagonista dago iragan garai iraultzaileetako kide bat hiltzeaz akusatuta, eta nobelaren zatirik handiena da epaile batek egiten dion galdeketa, une batetik aurrera gehiago dirudien arren elkarrizketa sokratikoa. Hara euskal irakurleari De Luca gustatzeko hirugarren elementua, ukitu politikoa, ez bakarrik bere obrarena, baita De Luca berarena ere, izan baitzen iraultzaile 70etako Italian. Da oraindik ezeroso, duela ez asko absolbitu baitzuten Lyon-Turin abiadura handiko trenbidea sabotatu behar zela esateagatik.
De Lucaren literaturak konbentzitu ez, baina gauza bat eskertu behar zaio, ez duela ideiarik inposatzen, ez duela irakurlea leziatzen, ez duela literaturaren aitzakian propaganda egiten –hiru gauza dira, baina tira–. Azken nobelaren aurkezpen elkarrizketa batean esaten zuen, “autorearen tesi bat frogatu nahi duen nobela ezinbestean izango da pobre. Literaturak bizitza deskribatzen du, irakurlearen esku dago gero ze alde hartu”. Izan ere ez da literatura, ez dira musika, zinema eta gainerakoak, tesiak eta mezu garbiak erakusteko lengoaiarik egokienak. Kontua da asmo horrek bakarrik ere ez duela beti literatura ona ziurtatzen.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545