Maiatzean elorria lore, artoa lurrean.

Patata zomorroaren gerra

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2016ko ekainaren 22a
Patata zomorroa Lehen Mundu Gerran egonkortu zen Europan.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Patata zomorroa Europako ehun izurrite txarrenen artean dugu. Gerra ederra ematen du. Oligofagoa da, hau da, jaki gutxi batzuk besterik ez ditu jaten: patatak (Solanum tuberosum), baina bere senide diren alberjiniari (Solanum melongena) eta tomateari (Solanum lycopersicum) ere erasotzen die. Belarjalea da eta, harra denean bezala heldutan, koskaka-koskaka, di-da batean, landarea goitik behera soildu dezake; hostoa, lorea, zurtoina, den-dena jaten du.

Patata zomorroa edo patata kokoa AEBetako Colorado eta Mexiko artean ezagutu zen, 1824 aldera. XIX. mendearen amaieran Alemanian azaldu zen, baina erraz menderatu zuten. Lehen Mundu Gerran egonkortu zen Europan, Bordele aldameneko estatubatuarren base militarrean. Bigarren Mundu Gerran bizi hedatu zen: Belgika, Herbehereak, Espainia... Gerra ondoren, Ekialdeko Alemanian ikaragarrizko izurritea izan zuten, eta estatubatuarrek hegazkinez zabaldu zutelako kontua zabaldu zen. Varsoviako Ituneko herrialde “komunistek”, CIAren konplota zelakoan, ikaragarrizko kanpaina egin zuten, eta ikastetxeetan erakusten zitzaien haurrei zomorroari kontra nola egin. Duela bi urte, Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerran, ukrainarrek patata zomorro deitzen zituzten errusiazaleak; azken horiek Errusiako ikur militar ezagunena den marra beltz eta urre kolorekoak dituen xingola bat zeramaten soinean, zomorroaren itxura berekoa.

Patata zomorroa bere burua egoera txarrenetara egokitzeko gai den intsektu xelebrea eta egoskorra da. Adibidez, DDT intsektizidari aurre egiteko erresistentzia garatu zuela egiaztatu zuten AEBetan 1949an; pozoi izugarri horri kontra egiten lehena izan zen. Horrexegatik oso zaila da pozoi kimikoekin berari aurre egitea. 2015. urterako, 55 produkturi buru egiteko gai zen. Kimikan ere, ez dago zomorro hau garaituko duen produkturik.

Gerrak asko erakusten du, ordea. Zomorroaren arerioak ezagutzen ari gara. Lurreko zomorro batek, Lebia grandis, patata zomorroaren arrautzak eta hartxoak jaten ditu. Eta ikaragarrizko kalteak eragiten dizkio onddo batek, Beauveria bassiana izenekoak; gero eta gehiago erabiltzen da intsektizida natural hori. Nori bere ordaina; esaerak hala dio: “Emaileari emok, egileari egiok”.

Udazkenari ekiten: urrigiro ereingiro
2026-09-28 | Jakoba Errekondo
Gaurkoan, lanera! Uda azkenak eta udazkenaren hasierak badute garai bitxia izateko nahiko zantzu, aizkomenteko urte arrunt xamarretan, behintzat. Eguzki-mugaren indarrik ez du, baina ekinozioa izateak... (+)
Lurzoruaren osasuna neurtzen
2026-09-21 | Jakoba Errekondo
Tomas Gerrikagoitia Urionaguena Alegria baserriko ziortza-bolibartarrak (1909-1997) ederki asko idatzi zuen herri bereko Zeinke auzoko Goikoetxe baserrira morroi joateko esperientzia eta Arantza eta larrosa. Nire... (+)
Kirofanoko zuhaitza, hil eta bizi bat direnekoa
2026-09-14 | Jakoba Errekondo
Adin nagusiko egin naiz duela gutxi: lehen infartu hartatik bizirik atera, iraun eta bizi; bizitza berrian adindun. Eskerrik asko Miren Telleria Arrieta kardiologoari eta bere... (+)
Zer erein eta landatu, udazkena osasunarekin urratzeko
2026-09-07 | Jakoba Errekondo
Iraila udazkeneko maiatza dela esan ohi da. Hori horrela, abuztua apirila izango da, ezta? Jokoak joko, irail-abuztuak ereiteko sasoi aproposa dira. Aurreak erakusten du atzea... (+)
Inude landareak eta animaliok
2026-08-31 | Jakoba Errekondo
Elkarlana, elkarjana eta era guztietako trukeak dituzte gure paisaiako landareek eta animaliek. Elkarlanari “auzolana” ere esaten zaio, eta naturan ederki asko azaltzen da gure artekoak... (+)
gora