Segurtamenak alde batera uzteko kemena eskatzen du sorkuntzak.

Irozgarritzea

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2016ko martxoaren 02a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Zuhaitza landatu berria da. Berarekin batera aldamenean sartu dugun hesolari lotu eta alde ederrean itsatsiko da. Zazpi haizeekin jolasean eta ekaitzekin dantzan ikasten duen artean, sustraiek, hazi eta hazi, eutsi eta eutsi, luze-zabal-sakonean ederki miatuko dituzte inguruak bizitzeko hazkurri bila. Lurrari lotzen eta atxikitzen den artean, hesolaren lana ez da nolanahikoa. Zenbaitek estu-estu lotzen diote zuhaitza: okerreko hutsegitea. Lotua baina mugitzeko adina lasai izan behar du. Hara-honako horrek sustraitzera lagunduko du, baita etorkizunean bakarrik bizitzera ohitzera ere. Baina lotua, sendo errotu arte eusteko, alegia. Behin baino gehiagotan, askotan, ikusi izan dut euskailu lanetarako jarritako hesola bera itsasten eta eutsi beharreko zuhaitza barregarri utziz, bera baino indar eta kemen gehiagoz hazten. Sahatsa (Salix sp.), platanoa (Platanus x hispanica) eta sasiakazia (Robinia pseudoacacia) iaioak dira egur hutsetik erroak egin eta itsasten, apareju ederrak!

Zuhaitzen batek, zuren batek, egurren batek emango du hesola. Baita fruituak bildu asmoz moiltzeko joko duen haga ere. Eta baldoa, eta taketa, eta pazota, eta makila, eta estaka, eta parda, eta zurkaitza, eta parra, eta barda, eta masteleroa, eta tantaia, eta hestanga, eta paldoa, eta astamakila, eta habea, eta estrongoa, eta baranda, eta ziria, eta masta, eta apeoa. Eta irozgarri duen edozein, ostiko edo zutiko.

Zuhaitzak eta arbolak gaztetan behar dute hesola laguntzailea, baina baita zahartzaroan ere. Zuhaitz zahar handi ongi zainduaren adar luzeei eusteko agaiak jartzen zaizkio. Gure moduan, zahartzean ere umetu egingo dira, nonbait... Mutur biko agaia, txardengoa (xardangoa, sardangoa...) izango da zuhaitzak zahartzaroan izango duen makulu onena. Agaia maite du, baita ere, fruituz mukuru datorren sasoian fruitu-arbolak. Fruitu koxkorrak hazten diren eran adarrak makurtzen dira, eta, gutxien uste denean, ustel: krakateko bat eta urtetako arbola elbarrituta. Zut eta gora ba agaiak!

Gaztaina nor bazeneko lanak
2026-11-09 | Jakoba Errekondo
Kirikinoak badu bere hesia. Kirikinoari gure bailaran “morkotsa” esaten zaio, baina han-hemen atso, karlo, arrotx, katakoskol, ardots, kormuts, arbots, lokots, mutxur, sokor, sokal, morkol, sokoil,... (+)
Nafarroako eta Lantarongo intxaurrak
2026-11-02 | Jakoba Errekondo
Duela ehunen bat aste izan zen. Urte pare bat bada Agur intxaurrondo, agur izenekoa idatzi nuela orri honetan bertan. Hartan nioen urak Atlantikora isurtzen ditugun... (+)
Asko ez da beti aski
2026-10-26 | Jakoba Errekondo
Bizi da ala hil da? Nola jakin aurtengo beroaldi eta lehorraldi gordin eta mokor hauen ondoren ihartu den arbola bat hil den ala bizi den,... (+)
Ardoa eta azukrea
2026-10-19 | Jakoba Errekondo
Ospatu beharra dago! Azkenaldi honetan ospakizuna ospakizunaren atzetik dugu inguruan. Horrelakoetan etxeko sagardoa nagusi da; dagoeneko upel, bukoi eta barrikak irakiten ari dira, hurrengo urtean... (+)
Babazaletzea
2026-10-12 | Jakoba Errekondo
Bada istilu eta nahaste-borrastea. Bada, izan ere, baba. Noizkoa ote da “baba” izena? Eta zer landare izendatzen zuen lehen hartan? Eta zer landare izendatzen du... (+)
gora