Asteroko buletina
Baratzezaintza da ikasi, ikasi eta ikasi. Hori da ondo pasatzea. Beti ari zara ikasten.

Arabako ardogintza, agortutako eredua aldatzeko unea?

Igandean eman zitzaion hasiera ofiziala mahats bilketari Araban, Navaridaseko Mahats-bilketaren Jaiaren XXVIII. edizioa eginda. 2023an Jaurlaritzak 15,3 milioiko laguntzak eman dizkio sektoreari, milioika litro ardo erabilera industrialerako destilatu edo mahatsa zuzenean botatzeko, "gainprodukzioari" eta kontsumo beherakadari irtenbide gisa. Bitartean, bestelako ardogintza eredu bat bultzatzeko erreminta izan zitekeen Arabako Mahastiak sor-markak epaitegiek geldituta jarraitzen du, eta Errioxa sor-markari arazoak biderkatzen ari zaizkio. “Egoerak ez du zentzurik”, ez ekologikoki ez ekonomikoki, azaldu dio ARGIAri Itxaso Compañon ardogile, UAGA sindikatuko kide eta ABRA Arabar Errioxako Upategien Elkarteko presidenteak. Egiturazko arazoei egiturazko konponbideak eman beharra defendatu du.


2023ko irailaren 22a
Navaridaseko urteroko Mahats-bilketaren Jaia, irailaren 17an. Argazkia: Arabako Aldundia.

Hurrengo astean da bere mahastietako mahatsa jasotzen hastekoa Compañon, “aste honetan euririk egiten ez badu”. Aurtengo uztarekin “oso pozik” agertu da. Lehorte garaian “asko sufritu” dute landareek, baina “oso gogorrak” dira eta azken asteetako euriarekin berreskuratu dira. Uztagatiko poza orokorra dela adierazi du, baina kezka eta arazoez aritu gara jarraian.

Zentzugabekeria ekologiko eta ekonomikoa

Jaurlaritzak 8 milioi euroko diru laguntzak eman dizkio sektoreari 2023an, aurreko urteetatik pilatuta zituen 9 milioi litro ardo erabilera industrialeko alkohol bilakatzeko. Eta beste 7,3 milioi eurokoa uztailean heldu gabeko mahatsa inausi eta zuzenean lurrera botatzeko –horiez gain bestelako laguntzak ere bideratu dituzte Jaurlaritzatik zein Espainiatik–. Milaka tona mahats edo ardo botatzeko milioika euro xahutuak, merkatuaren eskari-eskaintza legearen izenean. Noiz eta krisi hitza denen ahotan dagoenean: klimatikoa, elikagaiena, energetikoa, ekonomikoa...

"Milaka tona mahats edo ardo botatzeko milioika euro xahutuak, merkatuaren eskari-eskaintza legearen izenean"

“Ez du zentzurik”, laburbildu du bere iritzia Compañonek. Batetik, ekologikoki: alferrik galdutako mahats hori guztia sortzeko erabiltzen dira ura, energia, ongarriak... Bestetik, ekonomikoki: mahats horren atzean baitaude ere lan-denbora edo diru publiko zein pribatua, eta upategi txikiak gero eta estuago bizi dira. Adabaki koiuntural gisa diru laguntza horiek defendatu ditu, familia upategi askoren bizirautea jokoan dagoelako, baina eredua agortuta dagoela dio, eta arnas luzeko begirada batekin sakoneko aldaketa bultzatu behar dela. Errioxan azken urteetan “lurralde desegokietan” landatu diren mahatsondoak kentzea ezinbesteko ikusten du, “Errioxako sor-markaren Kontseilu Arautzaileak markatuta ditu”. Baina azaldu du Arabako Errioxan arazoa ez dela hori: “Lurralde txikia da eta lurraren ezaugarriak bikainak dira mahatsa ekoizteko”. Bi eginbehar nagusi aipatu ditu: “Mahatsa prezio duinean ordaindu, eta zonaldea berpiztu”. Diru laguntzak horretara bideratu beharko liratekeela defendatu du: “Imajinatu aurtengo 15,3 milioi horiek norabide horretan inbertituko bagenitu”.

Errioxa sor-markako ardo produkzioak gora egin du azken urtetan, eta kontsumoak aldiz behera. Hedabide edo erakundeetan kontakizuna da pandemiaren eta Ukrainako Gerraren ondorioa dela, baina ardogile askok salatzen dute arazoa aurretik datorrela eta ezikusiarena egin zaiola. “Errioxa sor-markak kantitatea lehenesten du, eta guk kalitatearen aldeko apustua egin behar dugu”, dio Compañonek.

"Errioxa sor-markak kantitatea lehenesten du, eta guk kalitatearen aldeko apustua egin behar dugu"

Errioxa eta Arabako Mahastiak sor-markak, talkan

Urteak dira Arabar Errioxako upategi gehienek Errioxa sor-markatik irten eta Arabako Mahastiak sor-marka propioa bultzatzen ari direla. Kantitate vs kalitate ikuspegia da bi ereduen arteko ezberdintasun garrantzitsuenetakoa, baina harago doa (esaterako, Arabatik auzitan jartzen da ardoa "urteko", "kriantza" edo "erreserba" kategorietan sailkatzea).

Sor-marka berriaren jaiotza EAEko Auzitegi Nagusiak geldituta du egun, eta ebazpenaren zain daude haren bultzatzaileek, urte honetan bertan aurreikusten dutena. Dena den, Arabako Alea-n egindako elkarrizketa interesgarrian Arabako Mahastiak izendapeneko presidente Emilio Aguillok ziurtatu du sor-marka epaitegiak geldituko balu ere beste bide batzuk daudela, eta bai ala bai sortuko dutela. Elkarrizketa berean, Arabako Aldundiaren eta Jaurlaritzaren jarreraz galdetu zion Aguillori Estitxu Ugarte kazetariak: “Guk ez diegu laguntzarik eskatu, nahi duguna da ez dezatela trabarik egin, ez daitezela erdian jarri”. Compañonen ustez, Aldundiak defendatzen duen irtenbidea –sor-marka berezitua sortzea, baina Errioxakoaren barnean–, “ezinezkoa da”.

Arabako Mahastiak sor-marka “irtenbidea izan daiteke” eredu aldaketa gauzatzeko, Compañonen esanetan. Errioxako Kontseilu Arautzailea marka handien kontrolpean dago eta haiei baliogarria zaie kantitatean oinarritutako egungo eredua, baina ez upategi txikiei. Arabako ekoizleek botoen %5a dute bertan, “horrekin dena esaten dizut”. Arabako ardoarentzako sor-markaren aurka daudenak politika egitea leporatzen diete alde daudenei, proiektua nazio auziarekin lotuz besteak beste. Bultzatzaileek diote eztabaida desitxuratzeko mezu faltsuak direla horiek, bideragarritasun ekonomiko kontua dela, Errioxatik eta bere eredutik aldendu ezean upategiak ixten jarraituko dutela. Iritzi berekoa da Compañon ere: “Enpresak gara, diruagatik egiten dugu ardoa”.

Arrazoia eman die irailean bertan ezagutu den beste erabaki batek: Familia Upategiek Errioxako Kontseilu Arautzailea abandonatu dute. Errioxako Familia Upategiek, ez Arabakoek: “Egungo politika estrategikoarekin bat ez gatozelako, upategi txiki eta ertainaren negozio-ereduaren aurka baitoa”. Errioxako 216 upategi ordezkatzen ditu elkarteak, guztien erdia. “Familia Upategiek beste krisi bat ireki dute Errioxan, Kontseilu Arautzailea utzita”, izan zen El Correo-ren lerroburua. “Beste” krisia Arabako upategiek sortutakoa da. Errioxa sor-markak krisi ekonomiko eta ordezkatzailea bizi du, horrek aukera berriak ireki ditzake.

"Ereduaren agorpen zantzuak eta zentzugabezia inoizko nabarien azaleratu dira 2023 honetan, ahots kritikoak ugaritu dira, mahai gainean badira proposamen alternatiboak"

Egiturazko aldaketen beharra

Urtetan nagusi izan den ereduaren agorpen zantzuak eta zentzugabezia inoizko nabarien azaleratu dira 2023 honetan, ahots kritikoak ugaritu dira, mahai gainean badira proposamen alternatiboak. Etorkizunak zer ekarriko duen aurreikusten zaila da, baina gauza bat oso argi dute Arabako ardogile ugarik, eta Compañon haien artean: “Egiturazko arazoei, egiturazko konponbideak eman behar zaizkie”

Arabako Aldundiak Solariaren hiru parke fotovoltaikoren aurkako alegazioak aurkeztu ditu
Solaria enpresaren Zierbena 2, 3 eta 4 proiektuak lurraldean luketen eragina “onartezina” dela diote aldundiaren txostenek. Jaurlaritzak hartuko du azken erabakia, behin alegazio epea amaituta.... (+)
Arabako ardogintza: txikitasuna aldarri, eredu aldaketa bultzatzen
Arabako Mahats-bilketaren Jaiaren XXIX. edizioa ospatu dute Moredan, igandean. Egun batzuk lehenago, ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak agerraldia egin zuen, Arabako ardogintzak bizi duen “krisi... (+)
“'Far West'-ean gaude: heltzen lehena den enpresak lurrak hartu eta nahi duena egiten du”
Solaria multinazionalak 100 hektareako parke fotovoltaikoa eta eskualdea zeharkatuko lukeen Oso Goi Tentsioko Linea eraiki nahi ditu Arabako Gorbeialdean. Herritarrak aurka antolatu dira eta ekimen... (+)
Traktoreek trafiko eragozpen handiak sortu dituzte Araban eta Nafarroan
Nafarroan 800 traktore inguru mobilizatu dira sindikatuetatik kanpo, eta Iruñerrian eta Erriberan sortu dituzte trafiko arazoak nagusiki. Araban, herrialde osoko 500 traktorek bat egin dute... (+)
Basque Culinary Center, Arabako Guardian ere
Edariak eta Ardoa (EDA) Drinks & Wine Campusak bigarren egoitza bat izango du Arabako Errioxan, Gasteizkoarekin batera. EDA Basque Culinary Centerrek “garatu eta gidatutako” proiektua... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora