Astelehenero 8:00etan zure epostan
Ohiturak balioa kentzen dio batzuetan balio handia duenari. Bada zelai bat nire herriaren pare-parean, eta haren ondotik pasatzean, bereziki iltzatzen dut begirada eremu hartara, ongi begiratzen ez badut ez baititut ikusten maiz bertan bazkatzen egoten diren orkatzak. Haiek, ordea, zorrotz begira egoten dira, nik ikusi baino askoz lehenagotik.
TALDEA: Ornoduna / Ugaztuna / Cetartiodactyla /Cervidae.
NEURRIA: 70 cm inguruko altuera izaten dute lepoaren hasieraraino, eta 15-30 kg-ko pisua.
NON BIZI DA? Europan eta Asia iparraldean. Denborarekin baldintza oso desberdinetako basoetara egokitu daiteke, baina baso hostogalkorrrak eta zelai zatikatuak ditu gustuko.
ZER JATEN DU? Bizi den eremuaren arabera asko aldatu daiteke haren dieta, eta landare-dibertsitate handia irensten du, aukera badu behintzat.
GAIXO: Azken urteetan Cephenemyia stimulator intsektuaren larbek eragindako gaixotasunak indarra hartu du orkatz populazioetan. Intsektu helduak arrautzak erruten ditu orkatzaren sudur-zuloetan eta larbak ateratzen dira gero.
BABES MAILA: IUCN-k “Kezka txikiko” espezie modura du katalogatua.
Orkatza (Capreolus capreolus) Eurasiako zerbido espezie txikiena da, eta basoetan arin ibiltzeko moduko gorputza du. Animalia lasaia da, baina oso iheskorra zerbait edo norbait ikusten duenean. Usaimen eta entzumen itzelak ditu; haren belarriek ongi iradokitzen dute gaitasuna. Oreinetan gertatzen den bezala, orkatz arrek soilik izaten dituzte adarrak, hiru puntakoak normalean. Udazkenaren etorrerarekin, hostoak erortzen diren bezala erortzen zaizkio adarrak orkatz arrari, azaro aldean.
Negua janari bila pasa ostean, udaberrian berriro ateratzen zaizkio adar berriak, eta prest izango da beste arrekin borrokatzeko. Txakurren antzeko zaunka egiten dute animalia hauek, soinu baxu eta lehorra, eta araldian egiten dute, baina baita alarma-egoeretan eta lurraldea defendatzeko ere.
Behin araldiko borrokak amaituta, arrek emeak gorteatzen dituzte udaran, eta garai horretan izaten da ugalketa. Enbrioiaren ezarpena, ordea, lau hilabete atzeratzen da. Mekanismo horri esker, jaiotzak udaberrian gertatzen dira, kumeak hazteko garai askoz ere aproposagoa baita negu gorria baino. Askotan, bikiak jaiotzen dira, eta amak sortutako ohean deskantsuan egoten dira, hura itzuli arte itxaroten. Batzuetan laguntza behar ez duenari laguntzeko grinak orkatz kumeak beren babeslekutik hartu eta “erreskatatzera” eramaten du jendea. Ez da halakorik egin behar; itzuliko da orkatz emea behar duenean.
Habitat askotan topatu daiteke orkatza, baina gurean baso hostogalkorrak eta tartekatutako zelaiak dituzten eremuak ditu gustuko. Bizi den eremuaren arabera aldatzen da haren dieta, eta landare-dibertsitate handia irensten duen belarjalea da. “Mokofina” dela esaten da, landareen zati elikagarrienak hautatzen baititu betiere, kimu berde eta xamurrenak, esaterako.
Gaur egun Euskal Herrian ohikoa den animalia da orkatza, baina ez da beti hala izan. Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban, XX. mendearen erdian ia galdu egin zen espeziea, ehizaren presioagatik eta habitat faltagatik, nagusiki. 1970eko hamarkadaren ondoren, basoak berreskuratu ziren, orkatzaren ehiza arautu zen, eta birkolonizatze prozesua abiatu zen. Birkolonizatze hori bi modutan egin zen: batetik, modu naturalean gertatu zen Burgosko, Kantabriako eta Nafarroako populazioetatik etorritako animaliei esker, eta, bestetik, hedapen horretan lagundu zuten Bizkaian eta Gipuzkoan egindako birpopulatzeek. Gaur egun, ia lurralde osoan ageri da.
Ugaritu den arren, ez da hain erraza orkatzak ikustea. Baina ohiko leku bat topatuz gero, ikusi ahal izango ditugu noizbehinka. Dena dela, arruntagoa izan ohi da berak gu ikusi eta usaintzea gu jabetu ere egin gabe, eta ezustean, adarren eta hostoen hotsak soilik salatzea zerbido txikia izan dugula ondoan; zorte pixka bat gehiagorekin, ipurdi zuri bat ikusiko dugu enborren artean urruntzen.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545