Eguna joan eta eguna etorri, baratzean lan egiten nuenean hainbeste idea on inoiz ez dut izan

36ko estatu kolpearen 90. urteurrenaren erakusketari eraso egin diote Irunen

Ezker Anitzak Nicolas Gerendiain Irungo Errepublikarrak elkarteak antolatutako argazki erakusketaren aurkako erasoak gaitzetsi ditu.

Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Nicolas Gerendiain Irungo Errepublikarrak elkarteak 36ko estatu kolpearen 90. urteurrenaren argazki erakusketa antolatu du. Larunbatean, hilak 14, aurkeztu zuten Luis Marianoko lorategian. Aurkeztu berritan, bart argazki erakusketari eraso egin diotela salatu du elkarteak, eta Ezker Anitzak “ekintza bandalikotzat” izendatu ditu erakusketaren aurkako erasoak. “Gizalegearen aurkako ekintza intolerantea da”, azaldu du Rosa Rubio Bidasoaldeko Ezker Anitzako koordinatzaileak.

Elkarteak erasoa ikertzeko lana abiatu du, oraindik ere ez baitakite eraso hauen atzean nor egon daitekeen. “Bereziki larria da, hauteskundeen atarian, gure historia erakusten eta gogoratzen duen erakusketa baten aurkako erasoetan parte hartu behar izatea”, adierazi du elkarteak ateratako komunikatuan. Bide beretik, Ezker Anitzak honako hau gehitu nahi izan du: “Gure hiriko gertaera historiko garrantzitsu bati buruzko lan artistiko baten zati bat kaltetzeaz gain, Irungo memoria historikoaren eta hura protagonizatu zuten herritarren duintasunaren aurkako erasoa ere bada”.

Erakusketak estatu kolpearen garaiko Irungo irudiak biltzen ditu, Errepublikaren legezkotasuna defendatu zutenak eta ondorio larriak pairatu zituztenak gogoratzeko. “Gertaera horiek gogoratzea ez da zauriak berriz irekitzea, batzuek sinetsarazi nahi duten bezala. Egia berreskuratzea da, biktimak duintzea eta faxismoak bortizki zapaldu zituen askatasun eta demokrazia balioak defendatzea”.

Ezker Anitzak elkartasuna eta errespetua adierazi nahi dio elkarteari, eta “gorrotoa ereiten dutenei” beti politikoki aurre egiten ariko direla ziurtatu dute. “Panelak apurtu ahal izango dituzte, baina ezin izango dute memoria suntsitu. Faxismoaren aurrean memoria, egia eta demokrazia”, adierazi du elkarteak.

Nicolas Gerendiain elkarteak erasoaren bideoa argitaratu du.

gora