Landareak oxigenoa ematen digute, birikei eta arimari.

Zuhaitzak eta arbolak zuri

Soildu egiten du paisaia. Udazkenak erantzi eta soildu egiten du landare asko, eta horien ikusbide nagusia den paisaia. Udaberri eta uda jantzietan antzeman ezinekoak diren ikuskinak agertzen dira, adarjearen eta enborren kolore eta forma negutiarrak iraupen gutxiko artelanak dira.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko otsailaren 26a
Zein liken bizi den arabera ezagutzen dute zientzialariek ingurune horretako airearen kalitatea; likenak dira arnasaren kalitatearen neurria. Argazkia: Jakoba Errekondo / ARGIA-CC-BY-SA
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Zuhaitzek eta zuhaixkek adakera berria dute neguero, oreinak bezala. Zuhaitzetan eta arboletan harrigarriagoa zaigu; beti bera eta berdina dela dirudi, baina urtetik urtera hazi egiten da, luzatu, zabaldu… Eta bere inguruan, bere azpian, bere gainean bioaniztasuna ere handituz doa. Zuhaitz bakoitza hurbiletik sakon eta zorrotz arakatuko bagenu, ekosistema oso bat dela jabetuko ginateke, unibertso bat. Lurpekoa litzateke mundurik aberatsena, baina lurgainekoa ere ez da urria; badu makina bat bizikide, bidaide, neke lagun, jolaskide, bekatu lagun eta batez ere lankide: onddoak, bakterioak, intsektuak, ugaztunak, narrastiak, txoriak eta hegaztiak eta abar luze, sakon eta mantso bat.

Zuhaitzaren neguari ezikusiarena egiten diogu, baina ikusgarria da. Ikusi eta aditzeko modukoa. Hor da agertzen, hor da erakustaldian, bere gotorrenean azal-bizirik, nabarmenkerian, exhibizionista. Eta gu ezikusiarena egiten, zuhaitzak eta arbolak hostotan, kimu berritan, loretan, fruitutan dirudigu zer. Baina nor, orain da nor, azal-bizirik eta hura kurtxila eta gurtxinga tartean distiratsu erakusten.

Azalean ere badu, zuhaitzak apopilo, adiskide eta aialdeko. Zenbaitzuk oso nabarmenak, laino eta laino arteko errainuen kortxintak aparteko dir-diraz distirarazten dituen likenak, adibidez.

Likenak izaki xelebreak dira, konposatuak, bitarrak, ez horregatik bipolarrak: onddo baten eta alga baten elkarketa dira. Sinbiosian bizi dira, bata bestearekin etengabeko eman-hartuan. Hezetasuna dagoen tokian bizi ohi dira eta zein liken bizi den arabera ezagutzen dute zientzialariek ingurune horretako airearen kalitatea; likenak dira arnasaren kalitatearen neurria. Gu baino lehenago jakingo zuten hori zuhaitzek eta bere soinean, azalaren axalean, ostatu ematen diete. Eta egun argia luzatzen ari den otsail honetan errainuei erakusten dizkiete eta sagasti, harizti, arantzadi beltz, mizpiradi eta abar zuri ikusten dira. Ikuskizun.

Zuhaitzek eta arbolek soineko zuria erakusten diote oraingo hozkirriari. Liken asko eta asko zuri, laru, grisaxkak dira. Merezi du begiratu eta ikustea. Gero berokoak: hosto, lore eta abar nabarmenegiak…

Hartz baratxuria eta larre lirioa
2026-05-11 | Jakoba Errekondo
Porru ederra dugu, era guztietako jendea bada. Mendira edo errio ondora joan eta ikusten duen landare guztia on, jangarri, bizi-lorea dela uste duena, eta, ahuntzak... (+)
Zuria, kolore eta olore
2026-05-04 | Jakoba Errekondo
Hor darraio genozidio batek. Ez da bakarra. Ez lehena, ezta azkena ere. Izugarria bai, zer garen eta zer izan gaitezkeen ederki asko erakusten diguna. Palestina. (+)
Azeribuztana adiskide
2026-04-26 | Jakoba Errekondo
Isatsa edo buztana, lukiaren edo azeriaren atzekia ikusten dugu euskaldunok landare batean (Equisetum telmateia). Luki-buztan, luki-belar, azeri-belar, azeri-isipu, azagari-buztan, oilar-puztan eta eztainu-belar ere esaten zaio.... (+)
Zuhaitzaren argia
2026-04-20 | Jakoba Errekondo
Zenbat denbora da ez dituzula ohean egiten diren gauzak zuhaitz baten azpian egin? Siesta bat, adibidez. Edo txortan. Edo negar. Edo galdera beste era batera... (+)
Gosariaren plazerak
2026-04-13 | Jakoba Errekondo
Kax-kax. Familiako ohiturari segida emanez, etxeko Rhode Island Red oiloen urean pasatako arrautza, goiko muturrean, buelta osoan, koilaratxoarekin joka, kax-kax. Ogi puxka sartu, erdi gordinik... (+)
gora