Martxoko trumoiak berrogei eguneko ekaitza.

Zubietako erraustegiak eragin eta konpondu gabeko kaltea kontrolatzen segitzeko deia egin du Anerrekak

Erraustegitik isuritako amoniakoak eragindako Arkaitzerrekako hondamendiaren urtemuga egun honetan antolatu duen martxaren amaierako ekitaldian, "gure esku dagoen guztia egiten jarraitu behar dugu" dei egin du Anerreka Ingurumen Elkarteak, "hor goian eragiten ari diren kutsadurak sortzen dituen ingurumen kalteak kontrolatzen eta horien emaitzak publiko egiten, sekula santan martxan jarri behar ez zuten erraustegia gelditu arte!". Arkaitzerrekan duela urtebeteko isuriak eragindako kalteak konpontzeke segitzen duela salatu dute.


2021eko maiatzaren 10a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Hondamendiaren zero gunetik bertatik, Arkaitzerreka bizirik nahi dutela, errausgailurik gabe, aldarrikatu dute igande goiz honetan Anerreka Ingurumen Elkarteak antolatu duen martxan parte hartu dutenek. Herritar zutabe bana abiatu da 11:00etan Zubietatik eta Usurbildik, gaurko egunez duela urtebete, erraustegiko eremutik isuritako amoniakoak ehunka arrain hil zituen Arkaitzerrekara.

Zutabeak bertan batuta ekitaldia egin dute, konpromiso argi bat adierazteko; "orain arte bezala, gure esku dagoen guztia egiten jarraitu behar dugu, hor goian eragiten ari den kutsadurak sortzen dituen ingurumen kalteak kontrolatzen, eta horien emaitzak publiko egiten, sekula santan martxan jarri behar ez zuten erraustegia gelditu arte!".

"Aingirak hilda ikusi ez bagenitu, auskalo beste zenbat isuri gehiago egiten jarraituko zuten"

Arkaitzerrekako hondamenditik urtebetera, 2020ko maiatzeko gertaerak ekarri dituzte gogora. Bertako bizilagunek antzemandako kaltearen aurrean, "lehen erreakzioak: ardurak ukatu eta URAko behatzaileei sarrera debekatu. Instalazio honetako kudeatzaileek daukaten inpunitatearen adierazi argiak dira", salatu du Anerreka Ingurumen Elkarteak aipatu errekan egin den ekitaldian.

Halere, "herri ekimenak jarri zituen argudioak mahai gainean hemen gertatu zenari buruz, eta horrek, horrek bakarrik behartu zituen gezurtiak atzera pausoa ematera, egindako delitua aitortzera, Arkaitzerrekako bizitza akabatu zutela esatera".

Bestela, Anerrekaren esanetan, "aingirak hilda ikusi ez bagenitu, auskalo beste zenbat isuri gehiago egiten jarraituko zuten. Isuriak eginak zituzten lehenago ere, baina froga nabarmenik ez zegoen... eta zapla! Hirugarrengoan erreka erretzera iritsi ziren arte. Azkeneko isuri honek, hiru egunetan jarraian 2.200 metro kubiko errekaratu baitzituen".

"Hemengo kalteak konpondu gabe daude"

Agerikoa den gardentasun falta salatu du Anerrekak. "Gardentasuna hitzez saltzen digute, praktika ilunak ezkutuan egiteko baimen legal guztiak eskura jarri zaizkienean". Horrez gain, Arkaitzerrekan gertatutakoaz eskatutako informazioa ere ukatu zaiela salatu du ingurumen elkarteak. "Guztiona den natur-ondarearen zaintzaren ardura daukaten erakundeek ere, URA agentzia eta Jaurlaritzako ingurumen saila kasu honetan, informazioa ukatzen ari zaizkigu, hiru aldiz eskatu dizkiegu gai honekin lotutako agiriak, eta ez digute erantzun ere egin. Bereziki Ingurumen Sailak GHKri ireki zion espedientea zertan den jakin nahi dugu. "Ingurumen-baimenen titularra GHK da, eta erakunde horrek egin beharko die aurre ondorioei" esan zuen Arantxa Tapiak orduan, baina hemengo kalteak konpondu gabe daude".

Hondamendiaren harira abian jarritako ikerketari dagokionean Ertzaintzaren egonezina adierazi du Anerrekak "Guardia Zibilaren Sepronakoak ikerketa abiatu zutela jakin zuenean".

Ikerketa zertan den gogorarazi digute. Asteotan adierazi izan duten moduan, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa (GHK) "ikertuko duela esan du" urtebete igaro ostean Fiskaltzak kaleraturiko ebazpenak. "Erne egongo gara", iragarri dute Anerrekatik.

Argazki oina

"Gipuzkoako ingurumena hondatzeko gunea"

Arkaitzerrekako duela urtebeteko hondamendiaz gain, "jada sutea, eztanda, isuriak..." izan ditu erraustegiak, "hauek kanpotik nola edo hala jakitera iritsi garenak, auskalo zer beste gehiago gertatu diren guk ez dakizkigunak eta... etorriko direnak". Horregatik diote, "estalki moduan jarri dioten izenak berak, Gipuzkoako Ingurumen Guneak, benetako egia ezkutatzen du: bere praktikan Gipuzkoako ingurumena hondatzeko gunea baita". 

Anerrekak salatu duenez, "hobeak diren alternatiben kasu zipitzik egin gabe eraiki duten erraustegi honek, hiri hondakinen arazoa konpondu ez, eta ingurumena hondatzen duten kalteak pilatzen jarraitzen du". 

Gauza bat esan eta bestea egiten dutela adierazi dute. "Birziklatzea hobetzeko omen da erraustegia, baina egia berdaderoa da, gehien birziklatzen duten herriak, herri arduragabeek baino gehiago ordaintzera zigortzen dituela. Hiri hondakinak bakarrik eta Gipuzkoakoak soilik erretzeko izango zela esan ziguten, baina ahaztu zaie. Orain, diru publikoarekin ordainduko diren labeetan, "auskalo nongo" hondakin industrialak ere bertan erreko direlako, paparra aterata dabiltza Gipuzkoan gobernatzen duten erregimeneko lobby industriala eta PNV-PSOE tandema. Ez dago kutsatzeko arriskurik, etengabe kontrolatuta egongo dira tximiniako isuriak! esaten ziguten. Eta orain hori ere gezur hutsa dela badakigu, urtean eurek aukeratutako 24 ordutan bakarrik kontrolatuko dira", zehaztu dute.

Parke eolikorik ez momentuz, Usurbil eta Zizurkil arteko Ezkeltzu mendian
2024-12-17 | Usurbilgo Noaua
Ezkeltzun eraikitzekoa zuten parke eolikoaren egitasmoa, momentuz ez dute gauzatuko. 2022ko otsailean jakin zen Ezkeltzun parke eolikoa eraikitzeko zegoen asmoa. Hortik aurrera, ibilbide bat egin... (+)
Kutsadura hazten, Zubietako erraustegiaren bueltan
2023-01-25 | Usurbilgo Noaua
Iragan igandean, Usurbildik ikus zitekeen ke zutabea duzue albiste honi atxikitako irudietako batean, Zubietako erraustegia urtarrilaren 22an isurtzen ari zena. Ohikoa bilakatu da aipatu planta... (+)
Martxa girotu batek Zubietako erraustegia geratzea eskatu du larunbatean
2022-05-16 | Usurbilgo Noaua
Errausketaren Aurkako Mugimenduak eragile anitzen babesarekin antolatuta, martxa girotu batek Lasarte-Oria eta Zubietako erraustegia lotu ditu larunbat honetan. (+)
GHK-k pardelak birziklatzeko zerbitzua abiarazteko sinadura bilketa
2021-05-20 | Usurbilgo Noaua
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) pixohialak eta higiene-produktuak birziklatzeko zerbitzua abian jar dezala eskatzeko sinadura bilketari ekin dio Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. (+)
Naturklima, Zubietako erraustegiaren ondoan
2021-05-19 | Usurbilgo Noaua
Aurreikusia zuten moduan, Zubietako erraustegiaren ondoan kokatuko dute "Naturklima" Klima Aldaketaren Gipuzkoako Fundazioaren egoitza. Egunotan jarri du Foru Aldundiak, Eskuzaitzetan kokatuko duten eraikin berri honen... (+)
gora