Asteroko buletina
Maiatzean euri, uzta jori.

Zergatik ez gara arreta mantentzeko gai?

Langileen %80ak ez du ordubete irauten arreta galdu gabe eta %20 inguru hamar minuturo distraitzen da. Kontzentratzeko gaitasun falta ez da soilik mugikorren eta estimulu teknologiko andanaren errua, elikadurak, kutsadurak eta oinarrian gure bizi estiloak ere zerikusi handia dutela diote adituek, eta arreta krisi sakon batean sartuta gaudela.

Mikel Garcia Idiakez
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi

1980an Irunen jaioa. 2004. urtetik da erredaktore Argian. Gizarte gaiei eta zinemari buruz idatzi ohi du.


2024ko abuztuaren 28a
Etengabeko estimuluetara ohituta gaude, ez alferrik eduki motz batetik bestera gure arreta berenganatzeko diseinatuta daude aplikazio ugari. Argazkiak: Freepik

1.200 langile hartuta uda honetan argitaratu den ikerketa baten emaitzak dira aurrekoak, gaur egungo errealitatearen isla: ekintza bakar batean denbora luzez kontzentratzeko gaitasun galera. Zeregin eta ikasketa handiek denbora asko eta arreta berezia eskatzen digute, eta arreta mantentzeko gaitasuna ez badugu, erronka eta helburu potoloak lortzeko gaitasuna ere galtzen dugu. Berez, burmuina prestatuta dago kontzienteki gauza bakar batean pentsatzeko, baina aldi berean sei-zazpi gauza egiteko gauza garela uste dugu, edo egiten ari garena beste hainbat interakziorekin uztartzeko gai garela, burmuinak malabarismoak egin behar ditu batetik bestera, eta azkenerako zeregin horiek okerrago egiten ditugu, ez ditugu behar bezala atxikitzen edo memorizatzen, sormenaren kalterako da eta nekatuago (eta amorratuago) amaitzen dugu, dio Johann Harik. Gaian aditu direnak elkarrizketatu ditu Harik, eta liburu batean bildu ditu ondorioak: Arretaren balioa.

Denari heldu beharrak eta iristen zaizkigun dei eta mezu guztiei erantzun beharrak, alegia egiten ari garena behin eta berriz eteteak, degradazio kognitiboa dakar, gure burmuinean eragiten du. Etenaldi horien arrazoia telefono mugikorra da maiz, etengabeko estimuluetara ohituta baikaude, ez alferrik eduki motz batetik bestera gure arreta berenganatzeko diseinatuta daude sare sozial eta aplikazio teknologiko ugari. Gainera, mezuak jasoz gero, sarri gure burua behartuta sentitzen dugu momentuan bertan erantzutera, hogeita lau orduz erantzuteko moduan egon behar dugula baitirudi. Zorionez, gutxinaka deskonexio digitalerako eskubidea arautzen ari dira gero eta lurralde gehiagotan.

Denari heldu beharrak eta iristen zaizkigun dei eta mezu guztiei erantzun beharrak, alegia egiten ari garena behin eta berriz eteteak, degradazio kognitiboa dakar, gure burmuinean eragiten du

Deskantsua garrantzitsua da eta nekatuta egoteak ere kaltetzen du arreta, estresatuta bizitzeak ez dio kontzentrazioari laguntzen, alerta egoeran bizitzea bezala baita, eta kutsadurak eta elikadurak badute eraginik, dio idazleak. Zereal azukredunak gosalduta, esaterako, glukosaz betetzen da burmuina eta ordubetera (eskola hastean) energia eta glukosa guztia galtzen da; jaki prozesatuek kontzentratzeko gaitasunean duten eragina ere frogatuta dago…

Arreta berreskuratzeko proposamenak egiten ditu autoreak (mugikorraren erabilera mugatuta edota hainbat aplikazio ezabatuta, adibidez, arretan aldaketa berehala sumatzen dela dio), baina argi uzten du sistema oso bat dagoela alderantzizko norabidean, kontzentratzeko dugun ahalmenaren kontra etengabe (menpekotasuna sustatzen duen industria teknologikoa, elikaduraren industria, lantokietako filosofia, enpresa kutsatzaileak…).

Gorrotoaren algoritmoa

Gogoeta bitxia egiten du autoreak, El Confidencialeko elkarrizketan. Jakin badakigu pantailara itsatsita egon gaitezen lortzeko diseinatuta daudela mugikorretako, aplikazioetako eta sare sozialetako algoritmoak; kontua da, gauza atseginek baino errazago harrapatzen dutela gure arreta gauza desatseginek, beldurtzen edo amorrarazten gaituztenek, eta beraz gaur egungo algoritmoek hori eskaintzen digute batik bat. Beste era batera esanda, egungo algoritmoek gorrotora bultzatzen dute. Eskala handiagoan, gizartean eta politikan praktika hori nagusitzen ari dela dio idazleak, gorrotoa bultzatzen duten pertsonei eta sua piztu nahi dutenei ematen zaiela megafonoa, eta hein batean horregatik bizi dugula gaur egun dugun panorama soziopolitikoa.

Gauza atseginek baino errazago harrapatzen dute gure arreta beldurtzen edo amorrarazten gaituztenek, eta beraz gaur egungo algoritmoek hori eskaintzen digute batik bat

 

"Eskolako jangela orduetan gauza asko gertatzen da, ez da bakarrik jateko leku bat"
Bi ordu edo bi ordu eta erdiz haur eta gazte andana hartzen ditu jantokiaren tarteak eskoletan. Jateko, jolasteko eta elkarbizitzeko espazio horretan jantokiko arduradunak esku... (+)
Valentziako presidentearen aurkako salaketa jarri dute, eta haren dimisioa eskatu
Valentziako Generalitateko presidentearen aurka salaketa jarri du CGT sindikatuak, heriotzak saihesteko neurriak hartu ez izana leporatuta. Hogei bat eragile sozial eta sindikalek berriz, haren dimisioa... (+)
Zaintza beharrean, kontrola lehenesten duen arkitektura dugu eskoletan
Ikastetxetako patioen eraldaketak ugaritzen ari diren arren, oraindik eraikin zaharkituak eta azpiegitura zurrunak dira nagusi hezkuntzan (barruko nahiz kanpoko espazioetan), gustura ikasi, mugitu eta harremanak... (+)
Eskola-jantokietan catering-enpresen zerbitzua blindatu du Jaurlaritzak
Catering-enpresarik gabe jardun nahi duten eskolentzat bestelako eredu bat arautzea adostu zuen Eusko Legebiltzarrak 2019an. Horren ordez, catering-enpresen bidezko zerbitzua ematera derrigortzen ditu ikastetxeak Eusko... (+)
Mugikortasun arazoak dituzten haurrekin baso-eskolara: beldurrak eta mugak gainditzen
Mugitzeko eta ibiltzeko zailtasunak dituzten 5 urteko bi ikasleri asteroko baso-eskola saioa egokitu zaie Irungo ikastetxean: muga eta beldur artean hasitako erronkak onura, garapen eta... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora