Astelehenero 8:00etan zure epostan
Jakin badakigu hegaztiek migratzen dutela: sai zuria (Neophron percnopterus) edo enara arrunta, (Hirundo rustica) beste batzuen artean, udan gurean izaten ditugu, umatzen; baina neguan, aldiz, ez dugu haien arrastorik sumatzen. Oilagorra (Scolopax rusticola) eta beste hainbat, aldiz, neguan ditugu gurean. Baina, udan ala neguan izan, non daude hegazti horiek gurean ez daudenean? Hori jakiteko, begirada Euskal Herritik harago zabaldu beharra daukagu, animaliek ez baitute muga politikoez ulertzen.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
Hasteko, zer da migrazioa? Urtaro bakoitzean ematen diren umatze eta negute eremuen arteko mugimenduak dira, urtero modu erregularrean ematen direnak. Hegaztien urteko zikloa lau alditan banatu daiteke: umatzea, negutea eta bi migrazioak –umatze eta negute eremuen artean mugitzeko–. Aldi horiek urtaroekin –udaberri, uda, udazken eta negu– erlazionatzera jo dezakegu, baina espezie bakoitzak bere behar optimoetara moldatzen ditu aldiok eta askotan ez dute urtaroekin bat egiten. Horregatik, hobe da aldiak honela sailkatzea: umatze aurreko migrazioa, umatzea, umatze ondorengo migrazioa eta negutea.
Baina zein da negute eta umatze eremuak desberdinak izatearen arrazoia? Oso ohikoa da tenperatura baxuak saihesten dituztela pentsatzea: hots, hotzetik ihesi migratzen dutela umatze ostean tenperatura epelagoak dituzten eremuetara eta alderantziz egiten dutela umatze aurreko migrazioan. Baina tenperaturak nahiz eta eragina izan, ez da hegaztiak migratzearen arrazoi nagusia. Elikagaien iragankortasuna da migrazioaren arrazoi nagusia, izan ere, distantzia luzeak egiten dituzten hegazti migratzaileen urteko zikloaren aldiek bat egiten dute eremu bakoitzeko elikagaien eskuragarritasunarekin.
Hegazti espezie askok migratzen dute, nahiz eta denek ez duten berdin migratzen, mugimendu mota askotarikoak baitaude. Alde batetik, migratzen ez duten hegaztiak ere badaude, urte osoa leku berean edo beretsuan igarotzen dutenak, bertakoak. Bestetik, migratzaileak daude, baina horien artean hiru mota bereiztuko ditugu: Saharaurrekoak, Saharaz gaindiko distantzia laburrekoak eta Saharaz gaindiko distantzia luzeko migratzaileak. Saharaurreko eta Saharaz gaindiko migratzaileen arteko desberdintasuna hegaztiek basamortua igarotzeko gaitasuna izan edo ez izatearen araberakoa da.
Saharaurreko migratzaileek umatze aldia Europan igarotzen dute, besteak beste, elikagaien oparotasuna eta argi ordu luzeak aprobetxatuta. Negute eremuak, aldiz, Mediterraneo inguruan edo Marokon dituzte. Miru gorria (Milvus milvus) da migrazio hori egiten duen hegaztietako bat, nahiz eta badauden espezie horretako indibiduo batzuk gurean umatzen ere geratzen direnak.
Saharaz gaindiko migrazioa egiten duten hegaztiek basamortua gurutzatu behar dute, bertan dauden muturreko baldintzak gaindituta: haizete indartsuak, harea-ekaitzak, tenperatura altuak eta elikagai falta, esaterako. Behin basamortua gaindituta, espezie batzuek Saheleko sabana inguruetan dituzte negute eremuak: Saharaz gaindiko distantzia laburreko migratzaileak dira horiek. Sai zuria (Neophron percnopterus) da horietako bat, negute eremuak Senegal, Mauritania eta Mali inguruan dituena. Beste espezie batzuek, aldiz, Saharako basamortua gainditu ondoren hegoaldera migratzen jarraitzen dute, ekuatorea gainditu ondoren beraien negute eremuetara heltzeko. Kukua (Cuculus canorus) da espezie horietako bat, bere negute eremuak ekuatore inguruko ohian tropikaletan dituena edota antzandobi arrunta (Lanius collurio), negute eremua Mozambiqueko sabana inguruetan duena.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545