Astelehenero 8:00etan zure epostan
Euskal Herrian topatu ditzakegun itsas ugaztunen artean, aurkeztuko dugun animaliak sentimendu kontrajarriak sortu ohi ditu: miresmena eta kuriositatea batzuetan, beldurra besteetan. Orka edo ezpalartari buruz ari gara, hainbeste titular eta artikuluren protagonista izan ohi den animaliaz.
TALDEA: Ornoduna / Ugaztuna/ Cetacea/ Delphinidae.
NEURRIA: Iberiar penintsulako orkek 5-6,5 m bitartean neurtzen dute, eta 2-5 tona artean pisatu. Arrak nabarmen handiagoak izan ohi dira.
NON BIZI DA? Planeta osoko ozeanoetan eta ia itsaso guztietan.
ZER JATEN DU? Dieta asko aldatzen da populazio batetik bestera; batzuk nahiago dituzte odol hotzeko harrapakinak, eta beste batzuk odol berokoak. Iberiar penintsulako orkek arrainak jaten dituzte nagusiki eta hegalaburra da haien ehiza gustukoena.
BABES MAILA: Iberiar penintsulako orkak Arrisku Kritikoan daude kalifikatuta 2019tik UICNren Zerrenda Gorrian.
Bere tamainagatik balea espezie bat dela pentsatzen den arren, izurdeetatik gertuago dago orka. Orcinus orca du izen zientifikoa, eta latinez “infernuko munstroa” edo halako zerbait esan nahi du; izen hori jarri ziotenek badirudi dagoeneko ez zutela begi onez ikusten. Latinezko izena jaso zuen garai antzekoan, XVIII. mendean, balea-arrantzale ingelesak ziren industriaren jaun eta jabe, industria iraultzari esker. Haiek whale killer deitzen omen zieten orkei, “baleak ehizatzen dituztenak”. Telefono matxuratuaren jokoan bezala, urteak pasata killer whale bilakatu ziren; balea hiltzaileak.
Balea-arrantzale ingelesak zuzen ibili ziren detaile hori hautematen. Izan ere, orkak beste itsas ugaztun batzuk ehizatzen dituzten itsas ugaztun bakarrak dira, orka faltsuarekin (Pseudorca crassidens) batera.
Munduko ozeano guztietan topatu daitezke orkak, baina komunitate edo taldeetan banatuta daude, eta Iberiar penintsulan populazio horietako bat dugu. Talde honetako orkak Gibraltarko itsasartean ibili ohi dira ehizan maiatz eta abuztu bitartean. Udara amaieran, bestalde, Portugalgo kostaldean gora Bizkaiko golkoraino etortzen dira atunaren atzetik. Asko mugitzen den espeziea da, eta euskal kostaldean barrena azaldu ohi dira noizbehinka.
Esan bezala, beste espezie batzuei baino jaramon gehiago egiten zaie orkei, badituztelako berezi bihurtzen dituzten ezaugarriak. Asko aipatu ohi den horietako bat da populazio matriarkalak direla. Eme zaharrenak izan ohi dira buruzagiak, eta haien esanetara antolatzen dira gainerako kideak. Kontuan izan behar da orka arrak 50-60 urte bizi ohi direla gehienez, eta emeak, berriz, 100 bat urte. Familietan antolatzen dira, hau da, ahaidetutako taldeetan, baina arrak, heldutasun sexualera iritsitakoan, familia alde batera utzi eta beste taldeetara joaten dira.
Honekin lotutako beste ezaugarri bitxi bat da orkek ere badutela menopausia. Amonek eginkizun garrantzitsua izaten jarraitzen dute ugaltzeko gaitasunik ez dutenean ere, matriarka bihurtzen direlako, eta adituek uste dute hori izan daitekeela menopausiaren azalpenetako bat.
Baina detaile horiek ez dira orken titularrak betetzen dituztenak; azken urteetan Iberiar penintsulako orkak ezagunak egin dira belaontzien lemak apurtu eta pertsona batzuk egoera deserosoetan uzteagatik. Titularrak titular, oraindik ez da ulertzen orka horien jokabidearen zergatia, baina kasu puntualak dira, eta ez dira pertsonenganako zuzeneko erasoak. Hiltzaile ospeak ez die mesederik egiten, baina izatez, orkek, beste harrapariek bezalaxe, harrapakinak ehizatzen dituzte, besterik ez.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545