Lurra ez dugu arbasoenganik herentzian jasotzen; maileguan hartzen diegu gure ondorengoei

Bizkaiko golkoaren eta Frantziaren arteko itsaspeko goi tentsioko linearako kablea jartzen hasiak dira

276 kilometro edukiko ditu, eta Frantziaren eta Iberiar penintsularen arteko argindar trukerako ahalmena ia bikoiztea espero dute. 2028rako amaitu nahi dute azpiegitura. Interkonexio Elektrikorik Ez plataformako kideak kezkatuta daude azpiegiturek inguruan eta bertakoen osasunean zer nolako kalteak eraginen dituen.

 


2026ko abuztuaren 04a
Vitoria itsasontzia Bizkaiko itsas hondoan linea elektrikoa jartzen.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Argindarra itsas azpitik garraiatzeko goi tentsioko linearako kablea jartzen hasiak dira Bizkaiko golkoan, Gatika (Bizkaia) eta Cubnezais (Gironda, Frantzia) lotzeko. Espainiako Red Electricak eta Frantziako RTE sare elektrikoaren operadoreak 2024tik bultzatu dute egitasmoa Inelfe sozietatearen bidez. Astelehenean jakinarazi dutenez, proiektuaren %60 egina dago jada, eta 2028an amaitzea espero dute. Martxan paratzean, ia bikoiztu eginen du Frantziaren eta Iberiar penintsularen arteko argindar trukerako gaitasuna; 2.800 megawattetik 5.000 megawattera, hain zuzen. 

Ur azpiko tarteak 276 kilometro izanen ditu guztira, baina ibilbidea ez dute erabat itsasotik eginen. Capbretongo (Landak, Frantzia) itsaspeko arroila dela eta, ezinezkoa da kablea bertatik eramatea, eta, horregatik, inguru horretan kableak 27 kilometro lur azpitik eginen ditu, berriz itsasoratu aitzinetik. Oztopo horren ondorioz, hasieran aurreikusitako trazadura aldatu behar izan dute, eta horixe izan da proiektuaren atzerapenaren eta garestitzearen arrazoietako bat.

Hasierako asmoa 2025ean amaitzea zen, eta 1.750 milioi euroko aurrekontua finkatu zuten. Alabaina, pandemia, inflazioa eta egoera geopolitikoak eragindako lehengaien garestitzea tarteko, aurrekontua 2.850 milioi eurora igo dute orain; hau da, proiektuak %63ko gainkosuta edukiko du. 

Europako Batasunak interes komuneko proiektutzat jo du interkonexioa, eta finantzaketaren zati bat bere gain hartu du. Izan ere, Bruselaren helburua da estatu kideen arteko lotura elektrikoak sendotzea, "sobera" dagoen energia herrialde batetik bertzera errazago mugitu ahal izateko.

Lehen faseak, 65 kilometro

Sustatzaileek azaldu dutenez, itsasoko lanak hainbat fasetan eginen dituzte, uda honetatik 2027ko udara bitartean. Guztira, lau kable elektriko eta zuntz optikoko bertze batzuk jarriko dituzte; azken horiek azpiegituraren kontrolerako izanen dira. Bizkaiko kostaldeko lehen fasea, 65 kilometrokoa, Danimarkako NKT enpresa egiten ari da Victoria itsasontziarekin, lan hori egiteko gai den munduko bakarrenetakoa. Kableak itsas hondoan lurperatuta edo harriz estalita geratuko dira, itsas hondoaren ezaugarrien arabera.

Itsaspeko linea jarri aitzinetik, ordea, Red Electricak konplexutasun tekniko handiko obra bat egin du Lemoizko (Bizkaia) udalerrian: itsaslabarraren azpitik kilometro bat baino gehiagoko lau zulaketa egin ditu, kableak itsasotik lehorrera irits daitezen. Kostaldetik 500 bat metrora egin dute, "ingurumen inpaktua murrizteko". Handik, lurpeko linearen bidez iritsiko dira Gatikako bihurgailu estaziora.

Herritarrak, kexu

Uribe-Butroeko bizilagunak kezkatuta daude azpiegiturek inguruan eta bertakoen osasunean zer nolako kalteak eraginen dituen, eta Interkonexio Elektrikorik Ez plataforma sortu zuten 2018an. Plataformako bozeramaile Óscar Elorduik ElPaís egunkariari azaldu dio proiektuak “landa eremuak eta babestutako zuhaiztiak suntsituko” dituela: “Ozeanoan jarriko ditu bere kableak, itsasoko faunari eraginez; eta hiriguneak eta mendiak aldatuko ditu”.

Plataformak gogorazi du Europako Batzordeak Natura 2000 sarean sartu duela Jaizkibel, babestutako espezieak, izurde handia, arrezifeak edo itsaspeko leizeak dituen 1.500 kilometro karratuko eremua. Plataformarentzat ulertezina da egun batean aitorpen ofizial hori jasotzea eta hurrengoan "izaki bizidunentzat kaltegarriak izango diren eremu elektromagnetikoak" sortuko dituzten 400.000 volteko kableak paratzea.

Interkonexio Elektrikorik Ez plataforma

Era berean, plataformak ohartarazi du Red Electrica enpresa aurreikusi baino esku hartze handiagoak egiten ari dela, kaltetutako herritarrak entzun gabe. Salatu dutenez, hainbat irregulartasun atzeman dituzte obretan, eta lur jabeei presio egin diete beren lurrak saldu ditzaten. 

Plataformako kideek proiektu horrek ordezkatzen duen eredua ere gaitzesten dute. Helburua hegoaldean sortutako energia iparraldera eroatea da, eta horrek, plataformaren arabera, Europako elektrizitatearen batez bertzeko prezioa jaitsi arren, hegoaldean garestitu eginen du. Batetik, obra bera inguruan bizi direnek ordaintzen dutelako. Bertzetik, Europa osoan argindar hori nahi duten kontsumitzaileak ugaritzean, merkatuaren legeak garestitu eginen duelako prezioa.

Hortaz, talde ekologistek energia berriztagarrien aldeko apustua modu sakabanatuan, eta fokua energia burujabetzan jarrita egin behar dela defendatu dute.

Zisterna kamioiak ura Karrantzara eramaten hasi dira, hornidura faltagatik
Lehorteak udalerriaren egoera larriagotu du, urez hornitzeko erabiltzen zituen bi baltsetako bakarra baitago martxan. Hortaz, abuztuan 250.000 litro ur jasoko ditu egunean, astelehenetik ortziralera. Busturialdeko... (+)
Ingurumen baimenik gabe ari zen iaz Gasteizen su hartu zuen birziklatze plantako enpresa
Sutearen ondoren egindako ikuskatzean agerian geratu zen lantegian gutxienez sei gunetan zeudela hondakinak “baimenaren esparrutik kanpo”. Onaindia enpresak obra batzuk hasi zituen eraikina berreraikitzeko, baina... (+)
Muturreko beroen ondorioz hiltzea ez da istripua, “klase eta gizarte desberdintasun kontua” baizik
Bartzelonako Hiri Ikerketa Institutuaren ikerketaren arabera, bero boladen ondorioz hiltzea klima-aldaketak larriagotzen dituen gizarte desberdintasunen ondorio da. Bertzela erranda, muturreko beroak pertsona gehiago hiltzen du etxebizitza... (+)
Beroaldiak Kantauri isurialdean ozono kutsadura areagotzen duela ohartarazi du Ekologistak Martxan-ek
Taldeak salatu du Eusko Jaurlaritzak legedia “urratzen” duela, ez dielako herritarrei arriskuen berri eman, eta exijitu dio “epe laburreko ekintza planak egitea eta aplikatzea”, trafikoaren... (+)
Hiru kilometroko giza katea osatu dute milaka lagunek Mallorcan, PPk arriskuan jarri duen parke natural bat babesteko
Es Trenc-en bildutako manifestariek proiektu estrategikoak azkartzeko legea bertan behera uzteko eskatu dute. Lege horrek Balear Uharteetako ingurumen-balio handiko zenbait guneren arau aldaketak erraztu litzake,... (+)
gora