Asteroko buletina
Azaro euritsu, urte garitsu

Sagastizaleentzako jakinarazpena

Euskal Herrira 2018an iritsi zen. Bertakotu eta euskaldundu den migratu bat gehiago. Ongi etorri. Gutxi batzuk hasieran, izurritea 2023rako.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko urriaren 28a

Asiatik datoz, Txina, Korea eta Japoniatik. Lehengo mendearen amaieran AEBak inbaditu zituen; 2004n Europara jo zuen, Suitzan hartu zuen lur. Han paperak lortu eta batera eta bestera, harat-honat bizkor hedatzen ari da. Suitzar pasaporteak Europa osoko ateak zabaltzea ekarri zion. Orain, Europako immigrazioaren aurkako politika bortitzak ez du berehalakoan geratuko, eta inbasioa ia-ia sarkinkeria bihurtu da, izan ere etxe barruetaraino sartu zaigu eta etxeetako gaur egungo tokirik garrantzitsuenean, dutxa eta komuneko ispiluaren artean dabilkigu.

Zimitz kirastun gorbeltza da (Halyomorfa halys). Lehendik ezagutzen ditugu landareetako zimitzak eta, batez ere, ohaide dugun eta gure odola janez bizi den ohe-zimitza (Cimex lectularius). Gaur egun etxeak izurritzen dituzten ohe-zimitz horiek jatorriz, duela urte asko, kobazuloetan bizi ziren saguzarren odolez elikatzen zen espezie batetik datoz. Jendea haitzuloetan bizitzen zenean, ohe-zimitza haien odola xurgatuz elikatzen hasi zen. Geroago, kobazuloak utzi eta nekazaritza zibilizazioak garatzen hasi zirenean ohe-zimitzak beraiekin zabaldu ziren. Ordutik gure ohea non, ohe-zimitza han. Hain gurea izanik, zimitz izenaz gain “imitxa”, “imintxa”, “tximitxa” eta “purnas” behintzat baditu; gehienak bere koskadizoa sentitzean atximurra, zimikoa edo amurtxia gogorarazten duela azaltzen dutenak.

Zimitz kirastun gorbeltza izurritea da gurean azken urte hauetan. Urtea landareen hosto, kimu, adar, lore fruitu eta abarretatik janez igarotzen du. Ziztatu eta izerdia zurrupatzen du kalte nabarmenak eraginez. 100 espezie baino gehiagori erasotzen dio, tartean mertxikari (Prunus persica), udareari (Pyrus comunnis), lekari (Phaseolus vulgaris), sojari (Glycine max), gereziari (Prunus cerasus) eta mugurdiari (Rubus idaeus); eta AEBetan sagastietako (Malus domestica) izurri handia bihurtu da. Kontuan hartzen ahal dute hemengo sagarzaleek. Azaleko orbanak eta zuloak eginez hostoak zimeltzen ditu, landarearen hazkundea eragozten du eta gaztea bada hiltzeraino eraman dezake, fruitu aleak sortzea galaraz dezake edo erorarazi. Zabaltzen duen kirats nabarmena arerioak uxatzeko erabiltzen du. Landareen kalteak identifikatu ezinik bazabiltza, jarri ontzi batean xaboi-ura; erakarri egiten ditu eta bertan itoko dira. Kiratsa eta kirastuna xaboiarekin garbitu. Berak baldin badira, hona erremedioak. Ozpina eta bikarbonatoa: nahasi litro bete urari erdi bat ozpin eta erantsi koilarakada bat bikarbonato, ondo nahasi eta ihinztatu landarea, behin eta berriz desagertu arte. Iltze eta baratxuri ura: litro bete uretan jarri 20 gramo iltze (Syzygium aromatium) eta 3-4 baratxuri atal (Allium sativum), irakin ordu laurden batez, hoztu eta ihinztatu landareak; ur hori ontzietan babesgarri jar daiteke landareen inguruan. Onena aurrea hartzea; landatu uxatzen duten landareak. Kirastuna izanik, usain gozoak ez ditu gustuko; jarri horiek zabaltzen dituztenak: mendak (Mentha spp.), albaka (Ocimum basilicum), izpilikua (Lavandula spp.), erromeroa (Rosmarinus officinalis), ezkaia (Thymus comunnis), oreganoa (Origanum vulgare) eta asentsio-belarra (Artemisa absinthium).

Urri aldera eguna dezente moztu eta giro hotzak hasten direnean, etxeetan babesteko sasoia du. Leihotik sartuko da eta errezelean izkutatuko da, edo sofa gozoaren zirrikituren batean. Etorri berria izanik, negua igarotzeko etxe barru beroak baino toki hoberik ez du topatu. Ez da, ez, pikupean hazitakoa. 

Eta gogoan izan Zuberoako esamoldea, ezin eramanezko ume deserosoari: hau da hau ume purnaxa!

Ilarraren entzumena
2024-12-23 | Jakoba Errekondo
Laster urte guztian izango ditugu malko ilar goxoak (Pisum sativum). Oraindik, ordea, negua eta udaberria dira, ia erabat ilar freskoak jateko sasoia; udaberrian jango ditugun... (+)
Txokolate menpekotasuna negozio
2024-12-16 | Jakoba Errekondo
Txokolatea kakaotik sortzen da. Kakaoak Theobroma cacao du izena; Theobroma hitzak “jainkoen janaria” esan nahi du. Aspaldikoa da txokolatearen gurtza; jainkoena zena azkar asko egin... (+)
Ilarretan dilista nafarra
2024-12-09 | Jakoba Errekondo
Zeruka, zeru bete on dakar zerukak. Zeruka, magitxa, magintxeta, mihauria, magina, baina, ilar-axala, mantxa, teka edo, ezagunena, leka. Lekak barruan dakarren leka-gauza, leka-bihia, lekalea edo... (+)
Gintonikaren ezkontza
2024-12-02 | Jakoba Errekondo
Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta... (+)
Birigarroak zirinetan heriotza
2024-11-25 | Jakoba Errekondo
Datozen 100-150 egunak erdi lo negukatzen igaroko dituzte landare askok. Beren jakiak sortzeko nahitaezkoak dituzten hostoak askatu eta aurreko 200-250 egunetan metatutako erreserbei esker biziko... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora