Asteroko buletina
Baratzea autobiografia forma bat da.

“Osasun aldetik hobeto egon arren, nutrizionistak esan zidan ez nuela hobetu ez nintzelako argaldu”

Nutrizionista batetik bestera ibili da Maddi, eta salatu du orokorrean oso jarrera lodifoboak dituztela: “Elikadura nahasmenduak sustatzen dituzte”.


2023ko abenduaren 11
\"Kontatu nion nire helburua energetikoki berriz ongi egotea zela, baina ez zidan kasu handirik egin eta segituan biluzteko eta pisatzeko eskatu zidan\".

Elikagaiak ongi xurgatzeko arazoak dituenez, nutrizionista batetik bestera ibili da Maddi. Orokorrean oso esperientzia txarra izan duela kontatu du. Maddi asmatutako izen bat da gogorra egiten zaiolako gertatutakoaz mintzatzea eta soilik gertukoek ezagutzen dutelako bizitakoa.

"Duela bost urte energia arazoak izaten hasi nintzen; oso nekatuta nengoen eta ez nintzen ia etxetik ateratzen", kontatu du. Oraindik ez daki oso ongi zergatik den, baina ez dituenez elikagaiak ongi xurgatzen, bitamina falta eta anemia arazoak ditu Maddik. Medikuaren bidez ez zuenez irtenbiderik aurkitzen, nutrizionista pribatu batera joatea erabaki zuen.

Lehenengo saioa "oso gogorra" izan zela kontatu du: "Hasieran kontatu nion nire helburua energetikoki berriz ongi egotea zela, baina berak ez zidan kasu handirik egin eta segituan biluzteko eta pisatzeko eskatu zidan". Hortik aurrera "oso deseroso" sentitu zela nabarmendu du: "Lodiegi nengoela esan, eta argaldu beharra nuela agindu zidan". Horretarako, dieta "zorrotz" bat prestatu zion.

Hilabete batzuetara, kontsultara itzuli zen, eta nutrizionistak nola sentitzen zen galdetu zion: "Egia esan, ez dakit oso ongi zergatik, baina energetikoki oso ongi nengoen. Orduan, esan nion gustuko ditudan gauzak egiteko gogoa nuela berriz". Nutrizionistak biluzteko eta pisatzeko eskatu zion berriz: "Osasun aldetik hobeto egon arren, esan zidan ez nuela hobetu ez nintzelako argaldu, baina nire helburua ez zen hori". Orduan, nutrizionistak berriz dieta aldatu, eta “askoz zorrotzagoa” zen dieta bat jarri zion.

Ordura arte Maddi “oso ongi” sentitzen zen bere gorputzarekin eta ez zion garrantzi handirik ematen loditzeari edo argaltzeari. Hala ere, egun horretatik aurrera fisikoarengatik kezkatzen hasi zen: "Hasieran esaten nuen dieta jarraitzen nuela osasuntsuagoa zelako eta energia gehiago nuelako, baina gerora ikusi dut faktore horrek nire inguruan dauden beste faktore askorekin batera eragin handia izan zuela nigan eta ordutik etengabe argaldu nahi nuela eta elikadura nahasmendu bat garatzen ari nintzela".

"Ikusi nuen ordutik etengabe argaldu nahi nuela eta elikadura nahasmendu bat garatzen ari nintzela"

Pare bat kontsulta gehiago izan zituen nutrizionista horrekin, baina urte baten ostean uztea erabaki zuen: "Janariaren bidez kudeatzen hasi nintzen nutrizionistak eragiten zidan antsietatea". Hortaz, nutrizionistak esandako gauzekin eta interneten aurkitutako edukiarekin bere kabuz jarraitu zuen: "Oso ongi ezagutzen nuen teoria, baina hala ere, lodifobiaren tranpan erori nintzen".

Nutrizionista asko probatu ditu, baina orokorrean antzeko jarrerak dituztela salatu du: "Batzuetan disimulatzen saiatzen diren arren, haien helburua beti da zuk argaltzea". Gaineratu du lehenengo kontsultetan faltan botatzen dituela galdera asko: "Ez didate galdetzen nola sentitzen naizen jaten dudanean, emozioek zer-nolako eragina duten nire elikaduran, zer-nolako ohiturak ditudan, ea pisatu nahi dudan edo ez, ea elikagairen batek beldurra ematen didan eta beste gauza asko".

Kontsulta batzuetan nutrizionista batzuek alor emozionalean interes handiagoa jarri duten arren, bigarren saiotik aurrera pisuan "asko" zentratzen direla uste du: "Behin, oso pozik atera nintzen nutrizionista batetik jateko ohiturei lotutako galdera asko egin zizkidalako, baina bigarren saiotik aurrera bere interes bakarra nik argaltzea zen".

Horregatik erabaki du ez duela deus jakin nahi nutrizionisten inguruan. Urte batzuk pasa dira erabaki hori hartu zuenetik, eta gaur egun Maddiren helburua da janariarekin duen harremana lantzea eta jateko ohiturak aldatzea: "Lagunen eta psikologoaren laguntzari esker lasaiago bizitzeko urratsak ematen ari naiz".

"Desgaituontzat oso gertu eta oso urrun dago itsasoa"
2024-09-01 | Olaia L. Garaialde
Sentsibilizazio saioen, hitzaldien eta sare sozialen bidez aktibismo antikapazitista egiten du Juncal Cepedak (Irun, Gipuzkoa, 1986). Txikitan ez du erreferente desgaiturik izan, eta besteei laguntzeko... (+)
Hondakinak tratatzeko Artaxoako planta itxita mantentzeko agindu du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak
2024-07-22 | Olaia L. Garaialde
Nafarroako Ecofert Sansoain enpresa itxita dago 20.000 tona hondakin toxiko legez kanpo jasotzeagatik Zubietako (Gipuzkoa) erraustegitik eta Tuterako (Nafarroa) Oleofat enpresatik. (+)
Finerge multinazionalak energia eolikoa sortzeko lau instalazio erosi ditu Nafarroan
2024-04-03 | Olaia L. Garaialde
Portugalgo enpresaren arabera, lau instalazioek 71 MW sortzeko gaitasuna izanen dute, 32.000 pertsonentzako "energia garbia".   (+)
Agroekologiaren alde egiteko dei egin du Egurra ta Kandela baserritar ekintza kolektiboak
2024-02-14 | Olaia L. Garaialde
Nekazaritza eta abeltzaintza “errotik” aldatzeko trantsizio agroekologikoaren aldeko elkarretaratzea eginen dute, hilaren 16an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. (+)
"Elikagaiak moralizatzen ditugunean errua azaltzen da"
2023-10-27 | Olaia L. Garaialde
Anti-dietatik lantzen du elikadura Maddi Etxeberria nutrizionistak, ez duelako sinesten argaltzeko dietetan: "Saiatzen gara ongizate orokor bat lortzen elikaduraren bitartez". (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora